Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Zuazoren krisia: desagerpenaren logika saihesteko azken saiakera

«Ez da gaurko auzia, zama honekin aspaldidanik gabiltza». Zuazoko entrenatzailearen eta kapitainen hitzak dira. Egoera kritikoan da taldea, aurten bi hilabete soilik kobratu baitituzte. Likidezia falta du klubak eta eliteko taldearen etorkizuna kolokan dago.

Zuazoko jokalari eta teknikariak Rocasaren aurkako hutsarte batean.
Zuazoko jokalari eta teknikariak Rocasaren aurkako hutsarte batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Arriskua erreala da, lehen taldea desagertzeko arriskua oso erreala da. Hain da erreala, egun aukera gehiago baitaude desagertzeko, jarraitzeko baino». Halaxe deskribatzen du Zuazoren egoera Joseba Rodriguez “Haito” entrenatzaileak. Asteon kobratu dute jokalariek eta teknikariek bigarren ordainsaria –Bizkaiko Aldundiaren dirulaguntza jaso baitu klubak–, abuztukoaren ondotik. Abuztukoa ere atzerapenarekin jaso zuten, urrian; eta aurreko urteko hilabete bat edo bi ere zor die klubak. «Hala ere, gogorrena duela bi urtetik dator, eta atzerapenak duela lau urtetik. Covid-19ak zakua hautsi zuen erabat –Kopako antolaketak ere zuloa eragin zuen– eta zorra pilatzen hasi zen», adierazi dio NAIZi Alba Sanchez kapitainak.

Joan den astean, egoera kritikoaz ohartarazteko, oharra plazaratu zuen taldeak, «berehalako eta taxuzko irtenbide bat bilatzeko» asmoz. Bertan jasotzen den legez, jokalarien eta teknikarien «konpromisoa totala» da, entrenatzen eta jokatzen jarraitzen baitute, ezer gertatuko ez balitz bezala. Baina ohartarazi dute egoera «muturrekoa» dela eta ez dutela baztertzen neurri latzagoak hartzea. Partidetara ez agertzea, alegia.

«Bera Beraren aurkako derbia ez jokatzearen erabakia mahai gainean egon zen, frustrazioaren ondorioz. Urrian kobratu genuen lehendabiziko soldata, eta Gabonetan bigarrena jasoko genuela esan zitzaigun zuzendaritzatik. Ez zuten hitza bete, eta entrenamenduetara itzultzea gogorra egin zen. Era berean, burua hotz mantendu eta bide-orri logiko bat marraztea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun. Ezin genuen derbian planto egin eta hurrengo astean Rocasaren aurka jokatu... Logika batekin aritu behar genuen, eta, gainera, klubari ere marjina bat eman nahi diogu, proiektuarekin sinesten dugulako eta ezin dugulako dena zaborrontzira bota bat-batean». Egungo egoera txarrenetakoa dela onartzen du kordobarrak, duela bi urte zortzi hilabete kobratu gabe egon zirela ondo gogoraraziz: «Nik, zortez, familiaren babesa daukat, eta dirua eskatzen diedan bakoitzean ez dago arazorik, baina une oso gogorrak bizi izan ditugu». Honen ondotik, egun berrabiarazi den jokalarien elkartean izena emango dute.

«Bera Beraren aurka planto egitea baloratu zen; baina klubari marjen bat eman nahi diogu, proiektuan sinesten dugulako»

Proiektuaren alde

«Inflexio puntutzat» jotzen du, eta argitaratutako prentsa oharrarekin ere hori lortu nahi dute, erreakzioren bat, Zuazoko lehen taldearen proiektu sendo bat ahalbidetuko duena. «Hemen ez gaude gure dirua eskatzen. Hori bermatuta daukagu nolabait. Klubaren iraupenarengatik altxatu dugu ahotsa», ziurtatu du Joseba Rodriguezek.

«Orain denbora gure aurka dago», dio. Hurrengo denboraldirako, taldeak otsail-martxo aldera ixten hasten dira, eta Zuazoko jokalariek zenbait eskaintza jasoko dituzte; «batzuk bukaeraraino itxarongo dute baina beste batzuk, aldiz, ez». Alba Sanchezek, esate baterako, beste talde batzuetako eskaintzak izan ditu, baina beti sinetsi du Zuazon, «taldeak daukan indarragatik». Orain «proiektu erakargarri eta sendo» bat behar du, «txaplatarik gabea», taldearen jarraitutasuna desio duelako, berak Barakaldon segi edo ez.

Esti Velasco, harrobiko jokalaria, Rocasaren aurkako partidan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Proiektu sendo bat balego, nik uste dut taldearen gehiengoak jarraitzearen alde egingo lukeela. Azken urteetan hori eduki gabe jarraitzearen alde egin dugu askok. Horrek asko esan nahi du. Baina ezin dugu promesetatik bizi», adierazi du tinko Esti Velasco kapitain eta harrobiko jokalariak. Bizkaitarra bizi osoan dago Zuazon –urtebetez Muskizen jokatu zuen, utzita–, txikitatik. Kopako finala jokatu zuen taldeko kidea izan zen, eta baita Europan aritu zen hartakoa ere. Orduan Lasesarreko giroa bestelakoa zela gogoratu du, baina ez zen jakin denboran mantentzen, eta lastima ematen dio klubaren gainbeherak: «Lehen kolpea izan daitekeelako maila galtzea, baina horren atzetik etor daiteke lehen taldearen desagertzea, eta gero klubarena. Batek daki». Harrobikoentzat elitean erreferenterik ez ikusteak eragin dezakeen hutsunea nabarmendu du hegalekoak.

«Proiektu sendo bat balego, gehiengoak jarraitzearen alde egingo luke; hori gabe jarraitu du jendeak, baina jada ezin dugu promesetatik bizi»

«Komunikatu honek zenbaiten erreakzioa eragin du. Horrekin pozik gaude –txeke anonimo bat ere jaso dute, 5.000 eurokoa, osorik lehen taldera bideratua–. Politikari batzuk ere gurekin harremanetan jarri dira, eta orain pilota euren teilatuan dago; eurek dauzkate hau salbatzeko baliabideak. Gertatu daitekeena da, salbatzeko asmoak jada berandu iristea», dio Rodriguezek. Edota taldeak maila gal lezake; sailkapenean, atzetik hasita, bigarrena da –merituzko berdinketa lortu zuen, atzo, Rocasaren aurka, 28-28– eta txapelketa orain bukatuz gero, jaitsiera fasea jokatu beharko luke.

«Normalena da Ohorezko Mailan jokatzen duen talde honen amaiera izatea». Eta Bizkaia eskubaloiaren elitean ordezkaririk gabe geratzea? «Halaxe erabaki du Bizkaiak, argi eta garbi esan beharko da. Harmailak hor daude, kamisetek publizitaterako espazioa badaukate...», erantzun du Joseba Rodriguezek.

Baliabide gabezia

Azken astean zaila egin zaie burua soilik kirol arloan zentratzea. Rocasaren aurkako partidaren bezperan elkartu dira NAIZekin hiru protagonistak, azken entrenamenduaren aurretik. Teknikariak bere errua ere aitortu du, baina egoera argitara ematea eta elkarrizketak egitea beharrezkotzat ikusi dute. «Jokalariek sekulako meritua daukate; klubak, herriak, Udalak, Bizkaiak ez dakite nolako zortea daukaten jokalari hauekin, talde honekin», errepikatu du behin eta berriz, diru kontuen itzalean beste hainbat gabezia ere badituztelako. «Baloi pare bat daude egoera onean. Pista erdian entrenatzen dugu. Duela bi urte Elxera edo Granollersera furgonetetan joaten ginen –entrenatzailea eta delegatua gidari lanetan–. Fisioterapeuta astean ordubete etortzen da 15-16 jokalarirentzat; honek ere ez du kobratzen, eta nahikoa egiten du... Prekaritatea normalizatu egin dugu, hori da txarrena», diote kapitainek.

«Normalena da Ohorezko Mailan jokatzen duen talde honen amaiera izatea. Halaxe erabaki du Bizkaiak, argi eta garbi esan beharko da»

«Gero jendeak esaten du Zuazori kostatu egiten zaiola arrankatzea. Nola ez zaio bada kostatuko?», itaun egiten du entrenatzaile basauriarrak. «Laster Porriñon jokatuko dugu, eta ez daukagu bigarren kamisetarik; ez dakit zerekin jokatu behar dugun. Eta nik kezkatu behar al dut horretaz?», Velascoren galdera erretorikoa.

Alba Sanchez; kordobarrak bosgarren denboraldia du Barakaldon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Klubarekin garbi jokatu dute, gardentasun osoz. Zuzendaritza taldeak duela bi urte ohartarazi zuen egoera latza. Orduan ere jokalariek oharra kaleratu nahi zuten, baina denbora eskatu zien klubak. Aingeru Astorkiza presidenteak onartu zuen Cadena Ser irratian «etorkizun ertainean arazoa konpondu» dezaketela. «Baikorra naiz. Azken urteetan kontu berdina errepikatzen nator, baina beti agertzen da ezustekoren bat edo beste». Kapitain eta teknikarien mezuak, klubera ez ezik, erakunde publikoetara ere zuzenduta daude. «Elitean jokatzen duen eskubaloi talde batek ezin du Nazional Mailan jokatzen duen batek bezainbeste jaso. Gastuak oso ezberdinak dira –adierazi du “Haitok”–. Ez da neska edo mutilen arteko gerra bat, ez da feminista izatea edo ez, objektiboa izatea da kontua». Martxoaren 8ko argazkia ateratzeaz harago joatea exijitzen dutela, alegia.  

Muturreko egoera honetara iristearen errua «denona» izan daitekeela onartzen dute, «baina klubaren likidezia falta ezin daiteke jokalarien bizkar gainean jarri». Finean, gurpilaren dantzara eramaten gaitu honek: «Gure errendimendua ona ez bada, ikusgarritasuna jaisten da; hau jaisten bada, klubak zailtasunak ditu babesle pribatuak lortzeko edo erakunde publikoei gehiago eskatzeko, eta beraz, lan egiteko baldintzak ez dira egokiak. Beraz, errendimendua jaitsi egingo da».