Arnaitz Gorriti

Aurkariei «zuzena» abizena jartzen hasiko zaie orain Saski Baskonia eta Bilbao Basket

Gasteiztarrek Europan jokatzen duten 700. neurketa ospatuko dute ostiral arratsaldean Zalgiris Kaunasen kantxan, etxetik kanpo Buesa Arenan dute adinako «sendotasuna» bilatu nahian. Larunbatean Granada izango dute aurkari bizkaitarrek Miribillan, azken asteetako bolada txarra behingoz amaitu guran.

Ulanovas, Saski Baskoniak gertutik jarraitu beharko duen jokalarietako bat, aurreneko itzuliko partidan.
Ulanovas, Saski Baskoniak gertutik jarraitu beharko duen jokalarietako bat, aurreneko itzuliko partidan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aurkariak beti dira aurkari, baina denboraldiko sasoi batetik aurrera arerioek abizenak, familia eta ia leinua ere osatzen dute: aurkari «zuzenak» bihurtzen dira, norbere helburuak lortzeko parean eta traban jartzen diren horiek eta, hots, paretik eta trabatik kendu beharrekoak.

«Kaunasen jokatu behar duguna ez da hil ala biziko partida, oraindik ez, baina bai aurkari zuzen baten kontrakoa. Irabaziz gero aldea aterako diogu sailkapenean eta galduz gero, harrapatu egingo gaitu», horra Joan Peñarroyaren iritzia ostiral arratsaldean, Euskal Herrian 19.00ak direnean Zalgirio Arena pabiloian jokatu beharreko neurketaz.

Izan ere, Saski Baskoniak zorionean irabazi zion joan zen astean Panathinaikosi. Garaipen horri esker 13 partida irabazita Euroligako sailkapeneko seigarren postuan gotortu dira gasteiztarrak. Zalgiris Kaunas oraintxe arte zortzi onenen artean zegoen, baina lesioak direla medio, azken hiru neurketak galdu eta hamargarren posturaino erori dira. Hori bai, Partizan, Maccabi eta Valentzia Basketekin batera 12-11 balantzea daukate, Saski Baskoniarengandik garaipen bakarrera.

Joan zen astean hiru partida jokatu zituzten gasteiztarrek, eta partidak jokatu eta bidaiatzen zuten bitartean, Max Heidegger antolatzaile berria taldekideen artean txertatu behar izan zuten. Aste hau erabat ezberdina izango da, eta Daulton Hommes ere jokatzeko moduan dagoela baliatuz, aspaldiko partez Joan Peñarroyak talde guzti-guztia prest izango du Zalgirio Arenan –maiatzean Lauko Finala jasoko duen leku berberean– hamalaugarren garaipena pilatzeko.

«Gauza handia da entrenatzeko asti apur bat izatea. Partida honetara hiru entrenamendu on eginda iritsiko gara, eta ez da gutxi hori, denboraldia unerik garrantzitsuenetara iristen ari baita. Ez naiz Zalgirisen aurkako partidari buruz bakarrik ari, igandean Unicajari bisita egin beharko diogulako eta datorren astean Kopa gainera datorkigulako», laburbildu du Saski Baskoniako entrenatzaileak.

Kanpoan hobetu beharra

Abenduaren 16an Fenerbahçeri irabazi zionetik, Euroligan etxetik kanpo irabazteke dago Saski Baskonia. Hargatik, noiz eta talde gasteiztarrak Europan jokatzen duen 700. partida jokatu bezperan, «sendotasuna» eskatu du Joan Peñarroyak.

«Denok dugu nahiago zaleak garrasika dauden giro bero baten aritzea kantxa hutsik dela edo giro hotza dagoen batean baino. Bestalde, talde guztiak dira hobeak etxean eta bere zaleen aurrean. Ondorioz, nik ezin dut Zalgiris une txarrean dagoenik pentsatu, bere zale sutsuen aurrean gure kontra jokatu duen aurkari zuzen bat dela baino. Ondorioz, zailtasun handieneko norgehiagoka izango dela bistakoa da eta horren aurrean, nahitaez etxetik kanpo ohi duguna baino sendoago jokatu beharko dugu», azpimarratu du Terrassako entrenatzaileak. Gaineratu duenez, «Zalgirisi azkenean alde handiaz irabazi genion –93-73–, baina gauzak oso zail jarri zizkigun».

«Egia da tarteka etxean ere une txarrak pasatzen ditugula, baina etxetik kanpo ez daukagu gure zaleen berotasun hori, eta ondorioz zailagoa zaigu partidara itzultzea une txar baten ostean», onartu du Peñarroyak.

Nolanahi, abagune paregabea izango dute arabarrek Zalgirio Arenan nagusitzeko. Keenan Evans, Isaiah Taylor eta Tyler Cavanaugh min hartuta daude Lituaniako taldean eta hala, Brazdeikis, Smits edo Ulanovas lako jokalariek akaso normalean hartu beharko luketena baino ardura handiagoa hartu behar dute partidak aurrera ateratzeko.

Partida historikoa

Esan bezala, Saski Baskoniak Europan jokatzen duen 700. neurketa jokatuko du ostiral arratsaldean. Orain arteko 699etatik 575 Euroligan jokatu ditu, 2000. urtean sortu zen Euroliga «garaikidearen« sortzaileetako bat baita Josean Kerejetak zuzentzen duen kluba. Bartzelonak –594– eta Olympiacosek –580– bakarrik pilatzen dituzte gasteiztarrek baino partida gehiago.

Orain arteko 699 partida hauetan 400 garaipen, 297 porrot eta bi berdinketa lortu ditu talde gasteiztarrak; hau da, neurketen %57,22 irabazi ditu. Hasteko eta bat, Caja Alava izenaz Europan jokatu zuen aurrena: Herbehereetako Werkendam herrian Super Crack´s taldearen aurka 1985eko urriaren 5ean 73-88 lortu zuen garaipena.

Bilbao Basket vs Granada

Bolada txarrean murgilduta dago, bestalde, Surne Bilbao Basket. Urtarrilaren 8az geroztik ez du ACB Ligako partidarik irabazten eta Darussafaka talde turkiarraren kontrakoa du orain arteko azken garaipena, urtarrilaren 25ean lortu zuena.

Larunbatean 18.00etan Miribillan jokatuko du talde bilbotarrak azken neurketak Murtzian, Santiagon eta Tenerifen jokatu eta galdu ostean. Memento petrala pasatzen ari den arren, baikor hitz egin nahi izan du Adam Smith eskoltak kazetarien aurrean.

«Denboraldi batean badakizu gorabeherak izango dituzula eta hori da orain gertatzen ari zaiguna, baina baikorrak izan behar dugu, ongi baitakigu hau oso azkar aldatzen dela. Partida bat amaitzen denean berriro entrenatu behar da, joko erritmo hori aurkitu eta berriro irabazteko», hausnartu du.

Aurkaria Coviran Granada igo berria izango da. ACB Ligako sailkapenean arnasa sakon hartu berri dute andaluziarrek; izan ere, Fuenlabradaren aurka denboraldiko seigarren garaipena –Bilbao Basketek baino bi gutxiago– lortu baitzuten igandean, jarraian hamar partida galdu eta gero. Hau da, azaroaren 20tik hil honen 5era arte garaipenik lortu ezinik izan direla Pablo Pin entrenatzaileak zuzentzen dituen gizonak.

Bada, andaluziarrek ongi dakite bolada txar bat benetan sakona izan litekeela, baina horraino iritsi beharrik gabe, Adam Smithek «buruz gogor» jardun behar dutela azpimarratu du. Zentzu horretan, «etxeko berotasunak» Granada «aurkari zuzenari» irabazten lagundu behar diola iritzi dio.

«Jakina Granada garrantzitsua dela, baina aurkaria edozein izanda ere, partida guk irabazle sen horrekin jokatu behar dugu beti. Gainera etxera itzuliko gara eta guretzat funtsezkoa den publikoaren laguntza izango dugu», adierazi du.

Azken bi neurketetan ez du Ludde Hakansonek jokatu eta ikusteko dago zapatuan prest egongo ote den antolatzaile suediarra. Nolanahi, Adam Smithek bere «errespetua» irabazi duela onartu du Hakansoni buruz.

«Hona etorri naizen arte ez nuen ezagutzen, baina jokalari bikaina da Ludde. Lana gogor egiten du eta horregatik asko errespetatzen dut. Horrez gain, ACB Ligan eskarmentua dauka eta nirekin duen harremanean, ikasten eta nire buruarengan konfiantza izaten asko laguntzen dit», gaineratu du estatubatuarrak.

Minutuko isilunea

Bestalde, ACB Ligak adierazi duenez, jardunaldiko partida guztien aitzinean minutu bateko isilunea egingo da partida guztietan, aste honetan Turkia eta Siria kolpatu dituen lurrikararen biktimen eta kaltetuen omenez.

Orain arte ia 19.400 lagun. hil dira lurrikararen ostean; horietatik 16.170 Turkian eta 3.192 Sirian. Gainera, 70.000 zauritu inguru daude, azken datuen arabera.