Dabid Lazkanoiturburu

Al-Assad «rais» siriarraren mesederako lurrikara?

Lurrikara Baxar al-Assad nazioartetik berronarpenak jaso zain dagoenean iritsi da. Bake diplomatikoa sinatzeko gogoa gero eta nabariagoa da inguruko herrialdeetan azken urteetan. Kritika gogorrak jasaten ari den Recep Tayip Erdoganek ekainean ezinbesteko hauteskundeak ditu.

Siriako soldaduek eta sorosleak, Alepoko eraikin baten hondakinen artean, biktimen eta bizirik atera direnen bila.
Siriako soldaduek eta sorosleak, Alepoko eraikin baten hondakinen artean, biktimen eta bizirik atera direnen bila. (AFP)

Martxoan 12 urte beteko dira Udaberri Arabiarren haritik Sirian matxinadak eztanda egin zuenetik. Gerra bihurtu zen 2011. urte bukaerarako, Damaskoren errepresio bortitzak eta inguruko herrialdeen (Turkiatik hasi eta Arabiar Emirerri Batuetaraino) parte hartzeak bultzatuta. Hurrengo urteetan, Saudi Arabiako, Qatarreko eta Abu Dhabiko diruarekin eta aholkuarekin, talde salafistak eta jihadistak oposizio armatuan jaun eta jabe bilakatu ziren.

Bitartean, Siriako gatazka nazioartekoa bihurtu zen. Errusia buru-belarri sartu zen eta AEBek atzera egin eta beren Armadak kurduen eremuetara jo zuen, ISISen emirerriari aurre egiteko.

Armada errusiarraren aire-erasoei eta Iranen menpeko milizia xiiten inplikazio zuzenari esker, Baxar al-Assadek gerra irabazi eta, oposizioaren kontrolpean zeuden hiriak berreskuratzen zituen bitartean, matxino talde armatuen kideak eta horien familiak Siriako ipar-mendebaldera erbesteratzera behartu zituen.

Egun, Turkiak atzemandako Afringo kantonamendu kurduan, Alepoko probintziaren mendebaldean eta, batez ere, Idliben bizi dira. Bertan bizi diren 4,6 milioi biztanleetatik %90 laguntza humanitarioaren menpe bizi dira eta 2,8 milioi desplazatuak dira.

Egungo egoera azaltzeko sarrera honetan ez dugu lurrikara hitza aipatu; milioi erditik gora hildako, 6,6 milioi errefuxiatu eta beste hainbeste desplazatu eragin duen 11 urteko gerra izugarrizko lurrikara ez balitz bezala.

Egoera horretan, eta Siriako Gobernuak Mendebaldetik jasotzen dituen zigor ekonomikoak ahaztu gabe, eman du astindua lurrikara geologikoak. Zorigaitzetik zorigaitzera, lur jota dagoen herrialdean. Damaskoren kontrolpean dauden lurraldeetan 300.000 pertsona etxerik gabe daude. Osasun-egoera larria da, baina behintzat bere aliatuen laguntza iristen hasi da. Emirerriek ere laguntza bidali dute. Idliben, ordea, atzo iritsi zen Turkiako mugatik Nazio Batuen lehen kamioia, laguntza humanitarioarekin. 96 ordu igaro direnean, milaka pertsona eraitsitako etxebizitzen hondakinen azpian harrapatuta daude.

Gerran trebatu diren eta egun erreskate talde bakarra diren Kasko Zuriek Damaskoren aldetik inolako laguntzarik ez dela iritsi salatu dute.

Orain arte Sirian hildakoak 3.000tik gora dira, baina zenbakiak izugarri handituko dira. Zenbateraino da zalantza.

Damaskok dei egin dio Europar Batasunari zigor ekonomikoak bertan behera uzteko, eta laguntza humanitario guztia bere eskuetatik pasatu behar dela aldarrikatu du.

Nazio Batuen Erakundeak laguntza ez politizatzeko eskatu du eta bide batez zigorrek ez dutela zentzurik gaineratu du.

Iraken bere garaian, Iranen eta Sirian azken hamarkadan, eta egun Errusian Ukrainako gerra dela eta, argi geratu da zigor ekonomikoen politika porrota dela eta eraginik badu tokiko biztanleen bizi baldintzetan duela, eta ez boterean dauden agintariengan, are gutxiago aldaketa politikoa bultzatzeko asmotan.

Lurrikara ez da inoiz une egokian iristen, are gutxiago hain hilgarria denean. Baina Al-Assad dinastiaren garaipena eta ondoriozko bake diplomatikoa sinatzeko gogoa gero eta nabariagoa da inguruko herrialdeetan, eta are gehiago, azken urteetan.

Errusiarekin harreman ezin hobeak dituzten Arabiar Emirerri Batuak dira aldaketa horren aitzindari mundu arabiarrean. Baina une honetan, lurrikararen kudeaketa dela eta, kritika gogorrak jasaten ari den Recep Tayip Erdoganek hilabeteak daramatza Al-Assadekin adiskidetu nahian. Ekainean ezinbesteko hauteskundeak ditu eta Siriako auzia irtenbide baino arazo larria du. Aspaldi egin zion uko Siriako erregimena aldatzeko asmoari. Kurduen aurkako saiakeran ez du ez Errusiaren ez AEBen babesik lortzen.

Hori guztia aski ez, eta Idliben nagusi den Al-Qaeda sarearen adar siriarrak (Hayar Tahrir al-Xam) lurralde matxino guztietara hedatu nahi du bere emirerri jihadista.

Turkian 3,5 milioi errefuxiatu siriar bizi dira eta buruhauste handia dira Erdoganentzat hauteskunde bezperan. Gehiago iritsi aurretik, kurduak kontrolpean mantendu ordez prest legoke Turkia Siriarekin adiskidetzeko.

Lurrikararen hondakinei begira, hor da Baxar al-Assad nazioartetik berronarpena jaso zain. Bere erregimenaren mesedetan, ziur; siriar herriaren mesedetan?