Jon Ormazabal

Estoizismoaren atetik sartu nahi izan dute Altuna-Tolosak finalerdietara (22-21)

Elordi-Zabaletak 22-11 irabazi diete Markinan Laso-Eskirozi eta emaitza horrekin Aspeko gipuzkoarrak sailkatuta zeuden arren, Peña-Mariezkurrenak piloteoan izan duten nagusitasunari buelta ematen asmatu dute, partida ero batean.

Azkenean Jokin Altunaren jokaldi batek erabaki du partida.
Azkenean Jokin Altunaren jokaldi batek erabaki du partida. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bigarren atsedenaldi luzearen ostean, 17-18koarekin kantxaratu direnean, ziur Jokin Altunak eta Xabi Tolosak bazekitela Elordi-Zabaletak Markinan lortutako garaipenarekin finalerdietarako txartela poltsikoan zutela. Ordura arte Peña eta, batez ere, Mariezkurrenaren joarekin sufritu dutenarekin, ez zirudien zaila buruak klik egin eta euren gorputzak lasaitzea, lortutakoa ez zelako makala, baina amezketarrak eta anoetarrak ez zuten, nolabait esatearren, atzeko atetik sartu nahi eta euren buruen kontrol izugarria eta erabateko lehiakortasuna erakutsiz, estoizismoaren atetik eman dute hurrengo faserako urratsa, Labriten bildu den jendetzaren gozamenerako.

Eta hori, horrenbeste ikusmin piztu duen partida, borobila izatetik oso urrun geratu dela. Azken txanpa horretako emozioak, Tolosaren defentsa lan ikaragarriak eta beste hiruren detaileek txukundu dute lehia azkenerako, baina hori guztia hutsek baldintzatutako oso partida gorabeheratsu baten ostean heldu da, hasierak bestelakorik iradokitzen zuen arren. Jokin Altunak txokoan egindako bi dejada eta Mariezkurrenak atzean egindako bi tantorekin hasi da Labriteko dema, baina hortik aurrera erabat erotu da.

Hortxe etorri dira Peña eta Mariezkurrenaren unerik onenak, txapelketara bueltan, Berriozarreko atzelariak pelota astinduz sekulako zuloak ireki eta Peñak errematean ondo asmatuz (3-8). Kontua da, derrepentean eta ageriko arrazoirik gabe erabat okertu dela nafarraren jarduna, bost pilota –hauetariko lau gora bota ditu– eta eraman gabeko sake bat utzi ditu Baikoko atzelariak eta partida orekatu egin da.

Hori bai, jokoaren ekimena erabat zen urdinena, Altuna erabat jokoz kanpo izan dute –hasierako txoko bi tanto horietatik 15-17an txokoan egindako sake-erremate batera arte izan da tantorik egin gabe amezketarra– eta markagailuan ere eurena izan da gehienean ekimena. Hein handi batean, Peña eta Mariezkurrenak egindako hutsek mantendu dituzte Aspekoak bizirik.

Pilotak gastatu diren eran Mariezkurrena ere erosoago aritu da, bigarren parte luzean apenas egin du akatsik, baina Jokin Altunak ere jokoan sartzeko aukera gehiago izan ditu eta hori sekula ez da ideia ona aurkarientzat. Azken txanpara partida orekatua sartzen denean gutxitan egiten du kale Altuna III.ak eta Tolosa handi batek lagunduta, sailkapena apaintzeko garaipen polit bat eskuratu dute.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna-Tolosa: 22

Peña-Mariezkurrena: 21

Pilotakadak: 532. Iraupena: 68,53 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-3, 3-3, 3-8, 6-8, 6-9, 9-9, 9-12, 12-12, 12-16, 13-16, 13-17, 17-17, 17-18, 20-18, 20-20, 21-20, 21-21, 22-21. Jokoan egindako tantoak: 9 Altuna III.ak, 0 Tolosak, 7 Peña II.ak eta 5 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 4 Tolosak, 4 Peña II.ak eta 8 Mariezkurrena II.ak. Gorabeherak: Giro bikaina eta betekada latza Labriten.

Zabaletak erabat dominatu du Eskiroz (Monika DEL VALLE/FOKU)

Elordi-Zabaleta, garaile Markina-Xemeinen

Aurreko astetik finalerdietarako txartela poltsikoan izan arren oina azeleragailutik altxatzeko inolako asmorik ez dutenak Elordi-Zabaleta dira eta gaur ere aukerarik txikiena ere ez diete eman Laso eta Imazen ordez aritu den Eskirozi Markinan. Ezkabarte-Makirriaingo atzelariak bigarren astez jarraian jokatu behar izan du Zabaletaren aurka eta denboraldi baterako parean ikusteko gogoak kenduko zitzaizkion, nahiz eta aste barruko lan fisikoa elkarrekin egiten duten Ororbian. Erramintako pilotaleku batean, hankak hamargarren koadrotik atzera izan ditu denbora luzez Imazen ordezkoak eta hortik ia ezinezkoa da partidak aurrera ateratzea.

Saiatu da Unai Laso, ahal zuen tokitik sartuta, jokoa enredatzen eta ale oso ederrak utzi ditu, baina Zabaletaren jo ikaragarriak sekulako aliatua topatu du Elordiren erremateetan eta partida erraz xamar apurtu da. Txapeldunarentzat txarrena, ordea, partidaren hondarrean heldu da, 8-21ekoan kolpe handi xamarra hartu baitu paretaren kontra belaunean. Aldageletatik buelta bat eman ostean, partida amaitzerik izan du, baita hiru tanto egin ere, baina hurrengo egunetan ikusi behar bestelako kalterik utzi dion.

FITXA TEKNIKOA

Laso-Eskiroz: 11

Elordi-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 441. Iraupena: 54 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 3-3, 3-9, 4-9, 4-11, 6-11, 6-16, 7-16, 7-20, 8-20, 8-21,11-21, 11-22. Sakeak: 1 Elordik. Jokoan egindako tantoak: 7 Lasok, 0 Eskirozek, 11 Elordik eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 5 Lasok, 3 Eskirozek, 2 Elordik eta 1 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera bikaina Markinako Uni pilotalekuan. Estelarra hasi aurretik omenalditxo bat egin diote Andoni Aretxabaletari.