Jon Ormazabal

Larrazabalek eta Eskirozek berriz ere ordezkatuko dituzte Urrutikoetxea eta Imaz Binakakoan

Zaratamokoak eta oiartzuarrak arazo fisikoekin jarraitzen dute eta ez dute azken-aurreko jardunaldian jokatzerik izango. Larunbatean kolpe gogor bat jaso bazuen ere, Unai Lasok ez du larunbatean Labriten jokatzeko arazorik izango.

Bi astez jarraian Zabaletaren aurka jokatu ostean, Rezusta izango du aurrean larunbatean Eskirozek.
Bi astez jarraian Zabaletaren aurka jokatu ostean, Rezusta izango du aurrean larunbatean Eskirozek. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Igandean Aimar Olaizolak aurreratu zuen Altsasun eta gaur Baikok ofizial egin du Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez dutela asteburu honetan, Binakako ligaxkako azken-aurreko partidan jokatzerik izango, aurreko astean ere baja izatera eraman zituzten arazo fisikoek erabat desagertu gabe jarraitzen dutelako.

Zaratamoko aurrelariak ezker sorbaldako eskapula azpiko lesio muskulu-tendinosoarekin jarraitzen du eta, isioterapia-tratamenduan jarraitzen duen arren, gutxienez beste aste bat beharko du kantxetara itzultzeko. Atzelari oiartzuarraren kasuan, eskuin eskuko arazoekin jarraitzen du normalean eskuetatik oso gutxi sufritzen duen pilotariak eta, momentuz, ez du bere burua jokatzeko moduan ikusten.

Azken jardunaldian bezala, Iker Larrazabal eta Iosu Eskirozek ordezkatuko dituzte Jon Ander Albisu eta Unai Lasorekin jokatu beharreko partidetan. Zorionez, Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak larunbatean Markinan hartutako kolpe txarra horretan geratu da, kolpean, eta ez du larunbatean Labriten jokatzeko arazorik izango. Partida garrantzitsua izango da Iruñeakoa Baikoko bikoterarentzat, puntu bakarrera dituzten Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka jokatu behar dutelako. Egungo txapeldunordeak bigarren posturako borrokan ziren orain gutxira arte, baina azken hiru partidak jarraian galduta, play offetan egotea ziurtatzea da oraingo euren helburua, bolada oso txarrean den beste bikote baten aurka.

Bigarren aukera Larrazabalentzat

Lasaiago dira, ostiralean Tafallan irabazita Urrutikoetxea-Albisu, baina hauek ere ez dute edonolako partida igandean Bilbon. Elordi-Zabaleta liderren aurka jokatu behar dute eta lasai egoteko azken bi partidetako bat irabazi beharko dute. Eretan Larrazabalek oso itxura ona eman zuen Urrutikoetxearen ordez arituta, baina Jon Ander Albisu handi batek gauzak asko erraztu zizkion. Zabaletaren aurka gauzak dezente zailagoak izango ditu ataundarrak.