NAIZ

Bera Berak lehen zatiaren amaieran abiadura handitu eta garaipena lortu du Xixonen (23-35)

Donostiarrek 1-6ko partzial bat sinatu dute lehen zatiaren amaieran (9-8tik 10-14ra) eta bigarrenean ez dute gupidarik izan aurkaria mendean hartu eta garaipen lasaia lortzeko.

Hasieran pixka bat kostatu bazaio ere, ondoren Bera Berak beste martxa bat ipini du Xixonen aurka.
Hasieran pixka bat kostatu bazaio ere, ondoren Bera Berak beste martxa bat ipini du Xixonen aurka. (Jon URBE | FOKU)

Sailkapenari begiratuta, Motive.Co Xixon ez zirudien aurkari zaila Super Amara Bera Bera liderrarentzat. Baina hau Ohorezko Maila da eta edozeinek jar zaitzake arriskuan. Horixe bera egin du talde asturiarrak norgehiagokako lehenengo 20 minutuetan. Hala ere, donostiarrek 1-6ko partzial batekin (9-8tik 10-14ra igaro dira) markagailuari buelta eman diote lehen zatiaren amaieran eta bigarrenean erabat hautsi dute partida azkenean 23-35 irabazteko.

Kostatu egin zaie Imanol Alvarezen jokalariei mina egitea etxeko taldeari. Egia da 2-4 eta 3-5 aurreratu direla markagailuan, baina Xixon, 4-0eko partzial bati esker, 7-5 ipini da, eta 8-6koa ere lortu du. Bederatzina ere berdinduta joan dira bi taldeak, momentu horretan zegoen berdintasuna erakutsiz, baina Bera Berak beste martxa bat ipini dio neurketari azken hamar minutuetan eta 10-14 joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatiak ez du kolorerik izan. Beno, bai, urdina, Bera Berarena alegia. Gipuzkoarrak pixkanaka-pixkanaka aldeak handitzen joan dira eta Imanol Alvarezek minutuak eman dizkie jokalari askori. Datu bezala, hamaika jokalarik amaitu dute golak sartzen. Esther Arrojeria eta Paula Arcos izan dira euren taldeko golegile nagusiak, bakoitzak bost gol sartuta.

PARTIDAKO FITXA:

23 - Motive.Co Xixon: Zarco (5), Valdivia (3), faria (1), María González (1), Palomo (2), Torreira (1), Laguna (1), Novovic (2), Vallina (2), Nayla de Andres (1) eta Arroyo (4).

35 - Super Amara Bera Bera: Aalla, Alice fernandes, Arrojeria (5), Fernandes (4), Marie Louis (2), Laura hernñandez (2), Maitane Etxeberria (3), Karsten (4), Loidi (3), Arcos (5), Erauskin (4), Gavilan (2), Polonio (1).

Epaileak: Jorge eta Jesus Escudero Santiuste. Bi minutu kaleratu dituzte Xixoneko Valdivia eta Palomo; eta Bera Berako Karsten (2), Loidi (2) eta Gavilan.

Partzialak bost minuturo: 2-3, 4-5, 7-6, 9-8, 9-11, 10-14 (atsedenaldia), 12-18, 13-20, 15-24, 18-29, 20-32, 23-35 (amaiera).