NAIZ

Non eta zer? Martxoaren 8ko mobilizazioak Euskal Herrian, dena aldatzeko

Bestelako zaintza eredu baten aldarrikapena fokuratu asmo duten mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8an.

M8ko mobilizazio nagusiak iragartzeko prentsaurrekoa Iruñean.
M8ko mobilizazio nagusiak iragartzeko prentsaurrekoa Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Denon bizitzak erdigunean» kokatzeko, «dena aldatzeko», zaintza sistema iraultzera dei egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak asteazkenean, martxoaren 8arekin.

Feminismoak aspalditik irauli nahi zuen zaintza sistemaren egiturazko arazoak agerian utzi ditu koronabirusaren pandemiak, baita sistema erroz aldatzeko beharra erakutsi ere. Hau izango da Euskal Herriko hiri eta herrietan Mugimendu Feminista osatzen duten eragileek deitu dituzten mobilizazioetan fokuratuko den auzia.

Zaintzaren gaiak hirugarrenez hartuko du M8ko egunaren erdigunea. 2021ean, pandemia beteko krisi anizkoitzen eztandan, gobernuek kapitala lehenetsi eta zaintza alboratu zutela salatu zuten feministek. 2022an antolakuntza feminista goratu eta «zapaltzen gaituen sistemari sua» ematera animatu zituen herritarrak eta, beste behin, «publikoa, doakoa eta integrala izango den zaintza sistema» eraikitzeko premiaz hitz egin zuten mobilizazioen osteko komunikatuetan.

Asteazkena Mugimendu Feministak epe luzerako planteatu duen mobilizazio prozesuaren lehen mugarria izango da. Zaintza «erantzunkizun soziala» bilakatu nahi dute. M8ko leloari, beraz, gorputza eta lana jarriko dizkiote Euskal Herrian herriz herri eta auzoz auzo deitu diren dozenaka mobilizazioetan: ‘Denon bizitzak erdigunean. Zaintzak irauli dena aldatzeko’.

Desadostasunak

Mugimendu feministaren banaketaz hitz egiten da Estatu espainiarrean. Prostituzioaren abolizioa edo sexu langileen eskubideen aspaldiko eztabaida eta Madrilek berriki onartu dituen Trans Legea eta ‘soilik bai da bai’ legeak eztabaida sortu dute eta, kasu batzuetan, ez da adostasunik lortu deialdi bateraturik egiteko.

Euskal Herrian desadostasunak badaude, baina ez da banaketarik gertatu.

Alta, kasu askotan aldebakarrez mobilizazioak deitu ditu Itaia kolektiboak. Zehazki, Hego Euskal Herriko 24 hiri eta herrietan egin ditu deialdiak.

Iruñean

‘Pribatizazioa, zaintzako langileon miseria!’ leloarekin Legebiltzarraren aurrean mobilizatuko da LAB sindikatua 11.00etan.

Ikasle Sindikatuak ikasleen greba egitera deitu du eta 12.00etan mobilizatuko da, Udaletxeko plazatik.

Bestalde, arratsaldez, Nafarroako hiriburuan auzoka antolatutako blokeetan hasiko da protesta eta manifestazio bakar batean topatuko dira, Antoniuttin, 20.00etan. Kasurako, Errotxapeako zutabea 19.15ean aterako da Karbonillatik; Burlatan 18.30ean Askas plazan elkartuko dira gero Antoniuttira egiteko, Arrosadia eta Azpilagañako auzotarrak Felixa Munarrizen elkartuko dira 19.30ean.

Itaiak Udaletxe plazatik deitu du manifestazioa, 19.00etan.

Donostian

11.30ean manifestazioa egingo du LAB sindikatuak, Bulebarretik hasita.

Ikasle Sindikatuak ikasleen greba egitera deitu du eta 12.00etan mobilizatuko da, Bulebarretik hasita.

Gipuzkoako hiriburuan, arratsaldeko 18.30ean Antiguako tuneletik hasiko da Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa. Lehenago aterako da neska gazteen blokea, Intziri kolektiboak deituta, 17.45ean Trinitate plazatik.

Ordu berean mobilizatuko da Itaia (18.30ean), baina Bulebarrean hasita.

Bilbon

Lehenengo mobilizazioa LABen kontura joango da; 10.30ean manifestazioa egingo du udaletxetik hasita.

ELAk, bere aldetik, ekitaldia egingo du Campos Antzokian, ‘Feministak garelako: publikoaren alde’ lelopean, 10.30ean, eta ondoren manifesetazioa 12.00etan antzoki horretatik abiatuta.

Ikasle Sindikatuaren greba eta mobilizazioa egingo da, 12.00etan, Arriaga antzokiaren aurrean.

Bestalde, bloke abolizionista batek 17.00etan Kasilda parkean kartelak egiteko deialdia zabaldu du. Itaiak, bere aldetik, 18.30ean deitu du mobilizazioa Indautxu plazan.

Mugimendu feministaren manifestazio nagusia arratsaldean izango da, 19.30etan, Jesusen Bihotza plazatik.

Gasteizen

Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo du LABek, 11.00etan.

Halaber, Arabako hiriburuan ere greba eta manifestazioa deitu ditu Ikasle Sindikatuak, 12.00etan Andra Mari Zuriaren plazatik. Bertan elkartuko dira Itaiako kideak ere, 18.30ean.

Arratsaldean, berriz, San Anton plazatik abiatuko da manifestazioa nagusia, 19.00etan.

Baionan

Baionan, 12.00etan izango da manifestazioa Ospitaletik hasita.

Herriz herri

Mugimendu Feministaren aldarrikapenek hiriburuetako mobilizazioak gaindituko dituzte. Hemen adibide batzuk: Aiaraldean, Maria Mercedarias egoitzako langileen borroka babestuko dute 12.00etan Urruñatik Ibarrara kotxe karabana eginez.

Bergaran, halaber, egitarau zabala osatu dute Emakume Langileen Nazioarteko Egunerako. 18.00etan hiru mahai-inguru antolatu dituzte San Martin plazan, justizia feministaren inguruan bat; zaintza, erregularizazioa, eta pentsio duinen inguruan beste bat, eta ekofeminismoari buruzkoa hirugarrena. Manifestazioa ere San Martin plazatik abiatuko da, 19.30ean.

Goierriko koordinadorak Beasainen deitu du eskualdeko manifestazioa. 19.00etan hasiko da, Erauskin plazatik abiatuta.

Tafallan, manifestazio zaratatsua egingo dute 20.00etan.

Iurretan, ‘Milla morea’ herri lasterketa egingo dute herriko kaleetan barrena, 12.00etan, Askondotik hasita.

Berriatuan, 18.00etan hasiko den manifestazioa bukatutakoan, 19.00etan, zaintzaren inguruko berriketaldia egingo dute frontoian.