NAIZ

Manifestazio jendetsua Baionan eta garraioan eragin handia erretreten aldeko greba egunean

Milaka lagun atera dira kalera Baionan astearte honetan frantziar Estatu osoan erretreten erreformaren aurkako grebaren karira. 23.000 lagun elkartu dira intersindikalak eskainitako bilanaren arabera. Garraio publikoan eta hezkuntzan eragin handia izan du lanuzteak.

Baionako tren geltokitik abiatu da manifestazioa.
Baionako tren geltokitik abiatu da manifestazioa. (@kazetaeus)

Erretreten erreformaren aurkako seigarren mobilizazio eguna abian da astearte honetan Ipar Euskal Herrian eta frantziar Estatu osoan.

Izan ere, Senatuak joan zen astean ekin zion erretreten erreforma proiektuaren eztabaidari eta ondoko orduetan 62 urtetik 64 urtetara erretreta hartzeko adina gibelatzea aurreikusten duen zazpigarren puntua bozkatu dezake.

Euskal Herriari dagokionez, goizeko 11.00ak baino lehenago hasi da manifestazioa Baionan intersindikala osatzen duten CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek deituta.

LAB eta ELB laborarien sindikatuen presentzia ere nabarmena izan da. Poliziak eskainitako lehenengo estimazioen arabera 10.000-12.000 pertsona atera dira kalera. Izan ere manifestazioa amaituta sindikatuek oso bestelako xifra eman dute. Haien esanetan 23.000 manifestarik hartu dituzte gaur Lapurdiko hiriburuko karrikak erretretren erreformari ezetz borobila emateko.

Garraio publikoan eragina izan du grebak, eta Abiadura Handiko bost trenetatik bat bakarrik egon da martxan Hexagonoan. Baionako tren geltokiko ate nagusia itxita egon da goizean.

TER eskualdeko tren zerbitzua ere geldirik izan da. Bestalde, Biarritzeko aireportuan gutxienez lau hegaldi bertan behera geratu dira gaur eta bihar beste bost bat ez dira aterako. 

Santa Ursulatik San Leonera, tarteka euripean

Santa Ursulatik hasi eta hiri erdiko karriketatik igaro ostean San Leongo biribilgunean amaitu den martxaren bukaeran trenbideetako langileek jakitera eman dutenez greba jarraituko dute.

Bihar 9.00etan Lan Burtsan bilduko dira mugimenduari segida emanez. Bertze hainbeste eginen du Parisko RATP garraio konpainiak.

Bihar, martxoaren 8a kari, berriz ere 10.30ean karrikara ateratzeko gonbidapena egin dute intersindikaleko ordezkariek gaurko martxaren bururatzerakoan.

Hezkuntzari dagokionez, lehen mailan lan egiten duten langileen %80k greba deialdiarekin bat egin dutel jakinarazi dute sindikatuek.

Manifestazioan sektore ezberdinetako langileak bildu dira. Osasun langileen segidan jende anitz bazen. Izan ere berdin Dassault hegazkingintzako beharginak zein Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoko irakasle, ikasle eta gurasoak hor ziren.

«Erretretak izateko borrokatu genuen eta horiek atxikitzeko borrokatuko dugu». Horra hor martxan zehar gehien entzun den leloetariko bat.

«Macron, ez dugu 43 urte korizatu nahi», oihukatu dute beste batzuetan manifestariek.

Irudi bitxiak ez dira faltan izan. Solidaires sindikatuko kide batek kartoizko zerraldoa jarri du bizkarrean, hil arte lan ez duela egin nahi argi eta garbi uzteko.

Frantses Estatuan hainbat blokeo ekintza egin dituzte berdin findategietan zein garraio guneetan.

Euskal Herrian oraindik ere mobilizazio azkarragoak egiteko urratsa ez dute egin sindikatuek. «Litekeena ondoko egunetan protestak beste tenperatura bat hartzea» aurreratu dio, ordea, CGTko kide batek hedabide honi.

Horren ondotik, bihar 08.00tan, Baionako portua blokatzeko hitzordua eman dute sindikatuek

Ildo beretik, Eñaut Aramendi LABeko ordezkariak erreforma bertan behera uzteko «ekonomia blokatzeko» jauzia eman behar dela nabarmendu dio NAIZi gaurko mobilizazioa abiatzear zelarik.

San Leongo biribilgunea blokeatuz amaitu da gaurko protesta. Bertan sindikatuko kide batzuek ogitartekoak eta garagardo basoak prestatu dituzte manifestarien artean banatzeko.

«Indarrak biltzeko da, gaur ez baita deus bukatu», azaldu du mahaiaren bueltan xingarra frijitzen ari zen lagun batek.

Momentukoz, arratsalde honetan bertan, 18.30etik aurrera, Donapaleuko herriko etxe aitzinetik ere mobilizazioa abiatuko da. Kasu honetan, LAB, ELB, FSU eta Solidaites sindikatuek bildu dituzte indarrak.