Arnaitz Gorriti

Bilbao Basketek «denboraldiko partidarik garrantzitsuena» ganoraz jokatu behar du Istanbulen

Erdipurdiko egoera fisikoan eta galduz gero FIBAko Txapeldunen Ligatik at geratzeko arrisku handia duen arren, talde bilbotarrak nolabait irabazi beharko dio Darussafakari, datorren astean leihaketa honetako final-laurdenetara pasatzeko egiazko aukera bat izango badu.

Adam Smith osasuntsuago egongo al da Darussafakaren aurka Real Madrilen aurka baino.
Adam Smith osasuntsuago egongo al da Darussafakaren aurka Real Madrilen aurka baino. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Denboraldiko partida garrantzitsuena jokatzear gaude. Halako neurketa baten aurrean ez dago egoera onik edo txarrik, hasieratik bukaerara arteko ahalegina baizik». Horra Jaume Ponsarnauren hitzak Real Madrilen aurka igandean 86-65 galdu eta gero. Izan ere, «denboraldiko unerik txarrena» bizitzen ari direla onartu bazuen ere Surne Bilbao Basketen entrenatzaileak, egutegiak ez du atzera bueltarik eta dagoeneko beste neurketa bati begira jarri behar da, hain zuzen astearte honetan 18.00etan Darussafakaren aurka Istanbulen jokatu beharreko norgehiagoka, FIBAren Txapeldunen Ligako Top 16ko ligaxkari dagokion azkenaurrekoa.

Hasteko eta bat, jokalariak fisikoki kili-kolo dabiltzalako. Jakina da Jeff Withey oraindik aste batzuetarako jokoz kanpo egongo dela, zer esanik ez Andrew Goudelock. Horrez gain, Denzel Andersson ez da astearte honetan jokatzeko moduan egongo, Real Madrilen aurka jokatu ez zuen moduan, lunbalgiak jota dagoelako. Bestetik, Adam Smithek igandean jokatu zuen jokatu, baina birus batek jota nahiko makal jokatu ere. Osasuntsuago egongo ote den itxaropena dute bilbotarrek. Era berean, Ludde Hakanson eta Radicevic hobeto daude eta horrek itxaropentsuago egoten laguntzen die bilbotarrei.

Baina Europan ere lan txarrak geratu zaizkio Jaume Ponsarnauren taldeari, pasa den asteartean Lenovo Teneriferen aurrean azken segunduan 72-74 galdu eta gero. Hala, Europako txangoa luzeagoa izango bada, jokatzeke dituen bi neurketetan fin aritu beharko dute beltzezko gizonek; bai asteartean Turkian, eta baita hilaren 21ean Miribillan UCAM Murtziaren aurka jokatu beharreko partidan ere.

Lan txarrak benetan; are gaiztoagoa Txus Vidorretaren Lenovo Tenerifek bere laguntzatxoa ematen ez badu, gainera. Alegia, Bilbao Basketek Istanbulen garaipena lortzeaz gainera, UCAM  Murtziak kale egitea ere komeni zaiola talde bizkaitarrari. Hasteko eta bat, Bilbao basketek galdu eta murtziarrek irabaziko balute, akabo Europako ibilbidea, datorren asteko tramiteaz gain. Uneotan 1-3 balantzearekin, L multzoko hirugarren sailkatua da Bilbao Basket, Darussafakarekin berdinean. Final-laurdenetara multzoko aurreneko biak pasatzen dira eta Lenovo Tenerifek dagoeneko patrikan du aurreneko postua, orain arteko lau demak eraman baititu; Bilbao Basketen aurkako biak, esaterako.

Bestetik, UCAM Murtzia da bigarren sailkatua, lau neurketatik erdia irabazita. Ez da ahaztu behar Sito Alonsoren mutilek Bilbao Basketi 90-72 egurra eman ziotela bilbotarrei urtarrilaren 31an jokaturiko neurketan. Hala, Bilbao basketek Istanbulen irabazita ere, UCAM Murtziak ere etxeko lanak behar bezala burutuko balitu, hilaren 21an 19 puntu aldearekin irabazi beharko lioke talde bilbotarrak Sito Alonsoren taldeari. Egia da ACB Ligan 99-81 irabazi ziola talde bizkaitarrak Miribillan, baina egun hartan beltzezko gizonen sasoi puntua oraingoa baino askoz hobea zen.

Jakina, mundu guztiak nahi duena bilbotarren garaipenaz gain, Txus Vidorretaren Lenovo Tenerifek Murtzian irabaztea da, baina esan bezala, Vidorretarenek hurrengo faserako txartela poltsikoan dute eta ez daukate behar baino ahalegin handiagorik zertan egin, are gehiago oso jokalari beteranoak dituela aintzat hartuta –Marcelinho Huertas 40 urte betetzear da, 38 ditu Doornekampek eta 30 urtetik beherako bizpahiru jokalari baino ez daude Tenerifeko taldean–.

Hori guztia gutxi balitz, UCAM Murtziak Istanbulen jazotzen dena jakiteko aukera izango du. Hau da, Bilbao Basketen neurketa asteartean den bezala, asteazkenez jokatuko dute UCAM Murtziak eta Lenovo Tenerifek, 20.30etan hasita. Bada, Turkian gertatzen dena gertatzen dela, hogeita hamaika eskutik izango du Sito Alonsoren taldeak eta Bilbao basketek irabazteaz gain murtziarrek ustekabean porrot egingo balute bakarrik aldatuko litzateke sailkapenaren ekimena bilbotarren alde.

Turkia ez da leku txarra

Hala ere, Turkian bost aldiz jokatu du Bilbao Basketek Europako txapelketa ezberdinetan eta hiru bider atera da garaile. Beraz, ez da toki txarra egoera zain honi aurre egiteko.

Kasualitatez, FIBAren Txapeldunen Ligan, Eurocupean eta Euroligan garaipen bana ditu talde bilbotarrak Turkiara eginiko bidaietan. Hala, 2009ko abenduaren 8an, Txus Vidorretaren gidaritzapean, Eurocupeko dema 70-85 irabazi zuen Turk Telekom taldearen aurka.

2011/12 denboraldiko Euroligan berriz, Fotis Katsikarisen gidaritzapean, abenduaren 15ean Fenerbahçeri 70-80 irabazita lortu zuen aurreneko fasean kalera ez joateko aukera. Abagune hura ezin hobeto baliatu zuten gero beltzezko gizonek, Saski Baskoniari irabazi eta Top 16rako sailkatu baitziren gasteiztarren mesedetan.

Azken garaipena, aldiz, aurtengo Txapeldunen  Ligan izan da, Bahçesehir taldeari 60-92 irabazi ziolako Jaume Ponsarnauren taldeak joan den abenduaren 14an, D multzoko aurreneko postua bermatu zuten bilbotarrek.

Egia da bi porrot ere tartean badaudela: 2016ko otsailaren 10ean, Banvit taldeak 73-65 hartu zuen menpean Eurocupeko partida hartan Rafa Pueyok zuzentzen zuen taldea. Azken porrota berriz, Alex Mumbru zela bizkaitarrek gidari, 2021eko urtarrilaren 27an izan zen: 85-76 Pinar Karsiyakaren kontra.

Bada, sasoia edo aurrekariak gorabehera, ez dago besterik hasieratik bukaerara arteko ahalegina baizik, «denboraldiko partidarik garrantzitsuenak» izen horrek merezi bezala jokatzea eskatzen baitu.