Maite Ubiria

Mugerreko garraio zentroa blokeatu dute erretreten erreformaren aurka

LAB, FSU eta Soildaires sindikatuetako hamarnaka kidek blokatze operazioa eman dute martxan goizean goiz Mugerreko garraio zentroan. Bestalde, 10.30tan hasi den manifestazioaren testuiguruan beste ekintza iragarri dute: Herriko Etxea argindarrik gabe utzi dute.

Sindikatuek zerbait beroa hartzeko aukera eskaini diete garraio zentroaren blokeoan parte hartu duten herritarrei, Mugerren
Sindikatuek zerbait beroa hartzeko aukera eskaini diete garraio zentroaren blokeoan parte hartu duten herritarrei, Mugerren (Guillaume FAUVEAU)

LAB, FSU eta Solidaires sindikatuetako ordezkariek blokatze operazioa abian eman dute goizean goiz Mugerreko garraio zentroaren eremuan. Bokale eta Tarnoseko CGT sindikatuko hainbat kidek parte hartu dute protesta horretan.

Ez da izan ekintza bakarra, behin Baionan manifestazioa hasi ondoren Lapurdiko hiriburuko Herriko Etxea argindarrik gabe utzi dutela ezagutu baita. Horrelako argindar mozketa ere egin zuten iragan astean sindikatuek Donibane Lohizuneko Udalean.

Mugerreko ekintzari dagokionez, ehun bat lagun bildu dira, goizean goiz, Ipar Euskal Herriko logistika eremu nagusiko pleitagunean, eta pneumatiko eta beste hainbat material baliaturik sarrera nagusia oztopatu dute.

Hasieran ika-mika batzuk izan dituzte handik igaro diren hainbat garraiolarirekin baina behin hesia ezarrita egoera baretuz joan da.

Ekintzak eragin handia izan du, berdin Baionarantz zein Lehuntze aldera auto-ilara luzeak osatu baitira.

Hau da «ekonomian eragiteko» Ipar Euskal Herrian garatzen den bigarren operaziorik esanguratsuena. Lehena Baionako portuan burutu zuten sindikatuek.

Iragan martxoaren 7an Lapurdiko hiriburuaren gaindi igaro zen manifestazio jendetsuaren atarian -23.000 manifestari kontatu zituzten antolatzaileek- «ekonomian eragiteko» beharra azpimarratu zuten sindikatuek.

Are, protesta egun horren atarian hainbat blokatze operazio garatu zuten sindikatuek berdin garraio zentroetan zein findategietan frantses Estatu osan zehar.

Erreforma kosta ala kosta aurrera ateratzeko frantses Gobernuak hartu duen jokabide hertsia ikusita mugimendu sozialak jarduera ekonomikoa baldintzatzera jo behar zuela ohartarazi zuen orduan Eñaut Aramendi Ipar Herriko LAB sindiikatuko kideak.

Asteazken honetan Mugerren eginiko ekintza ildo horretik doala azaldu dute antolatzaileek.

Hain zuzen, asteazken honetan 7 diputatuz eta 7 senatariz osaturiko batzorde bitakoa bildurik delako Parisen Senatuak iragan larunbat gauean onartu zuen erretreten erreforma aztertzeko.

Horrendako sindikatuek mobilizazio eguna deitu dute gaurko. Zortzigarren deiadia da. Baionan, 10.30ean Santa Ursulan eman du hitzordua, ohi bezala, intersindikalak.

10.000 lagun bildu dira, antolatzaileen arabera, martxa horretan.

Horren ondotik protestaren jarraipenari buruz erabakitzeko bilera eginen dute sindikatuek.

Batzordearen bilkura, ateak itxita

Goizeko 8.30ak aldera, ateak itxita, hasi den batzorde bitarikoaren bilkuraren baitan akordioa bada, espero den bezala, eskuinak eta Macronen zaleek gehiengoa dutelako, bihartik aurrera erreforma bozkatu dezakete bi ganberek.

Senatuan bozketa ostegun goizean egingo lukete eta zailago aurreikusten den Asanblea Nazionaleko bozketa, segidan, arratsaldean bertan.

Azken orduetan, ordea, zalantzak sortu dira bereziki Asanblea Nazionaleko bigarren bozketa horrek har dezakeen norabideari buruz.

Berdin eskuineko taldeen zein Macronen zaleen artean disidentzia batzuk sumatzen dira.

Hala eta guztiz ere, gehiengo argia ez duela izango konturatuz gero Elisabeth Borne lehen ministroak 49.3 artikulua baliatu dezake, bozketarik gabe erreforma dekretuz aldarrikatzeko.