«Harri-jasotzaileen mundua loraldian dago»
Ane Muruamendiarazek aurkeztuko du astelehen honetatik aurrera ‘Harri Herri’ saioa, Juanan Legorburu eta Iñaki Perurenarekin batera. «Batez ere emakumeen eta gazteen artean diziplina hori bultatzen ari da. Jende asko ‘crossfit’-etik dator, baina eskolek ere sekulako lana egiten dute», azaldu du.

Harri eta herri: hitz pare honekin Euskal Herriko ideia margotzen da. Harri eta herri, elkarrekin, EiTBren azken erronka ere bada, pantaila txikian. Astelehen honetatik aurrera, hiru astelehenetan, harri-jasotzaileen mundua erakutsiko digu. Ez da «betikoa» izango, plaza batean emanaldi edo erakustaldiren bat, diziplina honen ‘All star game’ bat baizik: hemengo onenak, taldeka, lehiaketa irabazteko asmoz.
Guztira 28 harri-jasotzaile izango dira protagonista: 16 gizon eta 12 emakume. Launakako taldetan banatuta egingo dute lehia, lau gizonezkoetan eta lau emakumezkoetan.
Talde bakoitzak talde-buru edo kapitain bana izango du: Luis Mari Telleria, Izeta II.a, Joseba Ostolaza eta Zelai II.a, gizonezkoei dagokienez. Abadiñoko probalekuan grabatu dira norgehiagokak. Eta saioaren aurkezleak Juanan Legorburu, Ane Muruamendiaraz eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia izango dira.
Ane Muruamendiaraz EiTBko kazetariarekin hitz egin dugu.
Programaren formatua argitu dezakezu?
Harri-jasotzaile bakoitzak harri bakarrarekin lan egingo du eta denbora jakin bat izango du horretarako. Gizonak lau harrirekin arituko dira eta emakumeak, berriz, hirurekin. Gizonezkoen harriak hauek izango dira: 200 kiloko koadroa, 137,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko kopa eta 100 kiloko bola. Emakumezkoenak, 88 kiloko koadroa, 63 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko bola.
Eta zer izango da aurkezpenean irakurri nuen «denbora-altxorra»?
Txandaka lehiatuko dira harri bakoitzarekin. Gizonek 10 minutu izango dituzte lau harriekin lanean aritzeko; emakumezkoek, berriz, 6 minutu hiru harrietarako. Jasoaldi bakoitza denborarekin sarituko da. Horrenbestez, talde bakoitzak «denbora-altxorra» lortuko du. Honekin estrategia-kontua ere sartzen da.
«Finalaurreko bakoitzean espresuki aurkitutako harri baldar zail bat altxatu beharko dute. Oso momentu berezia izango da hori»
Zertarako balioko du altxor horrek?
Finalaurreko bakoitzean final moduko bat jokatuko dute harri berezi batekin: espresuki aurkitutako harri baldar zail bat. Talde bakoitzak aurretik irabazi duen denbora-altxorra izango du harri baldarra jasotzen saiatzeko. Harria jasotzen duenak edo gehien jasotzen duenak irabaziko du finalaurrekoa. Inork jasoko ez balu, aurreko lau harriekin denbora gehiago batu duen taldea sailkatuko da finalerako. Harri hori aurretik ikusi gabea izango dute. Oso momentu berezia izango da hori.
Nola hasi zen ‘Harri herri’ proiektua?
Atzean lan handia izan dugu, dena egituratzeko. Hutsetik piztu dugu eta horregatik zerbait berritzailea izan behar zen. Joseba Urkiolak jatorrizko ideia izan zuen eta handik taldeka landu dugu. Juanan Legorburu programaren zuzendaria dela esango nuke, Xabier Aurrekoetxea eta Antton Aldekoarekin batera. Gehi harri-jasotzaileen ekarpena, noski, Federazioarekin batera.
Zergatik harri-jasotzaileen munduari buruzko telebista saio bat?
Diziplina hau loraldian dagoelako, agian «kanpoan» ez da asko agertzen baina horrelakoa da. Beraz, gizarteko eskaera horri erantzuna emateko zerbait egin behar zen. Normalean harri-jasotzea ezagutzen ez dutenei gustatzea, publiko orokorrari alegia, gauza garrantzitsua da. Espero dugu kirol horren izaera haiengana heltzea, formatu desberdin baten bidez.
Loraldia aipatu duzu; lorategia ere bada, antza, emakumeen artean...
Bai, gero eta gehiago daude. Nik uste dut krossfita dela arrazoietako bat Hortik bai inguratzen da jendea. Gazteen artean ere bai; harri eskolek ere sekulako lana egiten dute. Eta sare sozialeei esker, ere bai.
«Claudio izeneko errumaniar bat dugu, eta emakumeen multzoan parte hartzaile bat Galiziatik dator»
Diziplina hau oso euskalduna dela bistan da. Edo ez?
Ez pentsa. Hemendik at atera da dagoeneko. Programak, bide batez, konfirmatuko du. Errumaniar bat, Claudio, egongo da ‘Harri Herri’ honetan, gizonezko talde batean. Programan ezagutuko dugu nola hasi zen jasotzen, oso interesgarria izango da. Madrildar batek parte hartu zuen, baina min hartu zuen eta ordezkatu behar izan genuen. Emakumeen multzoan, aldiz, parte hartzaile bat Galiziatik dator, Patricia Martin. Hemen bizi da, Bilbon, baina Galiziakoa da: bera kirurgialaria da eta une berean harri-jasotzailea. Beraz estereotipoak erortzen hasiak dira. Dena gure tradizioarekin uztartu behar da.
‘Harri herri’ren helburua, orduan, zein da?
Harri-jasotzeari onena ateratzea, lehiarik onena, izan da gure nahia. Programa berri bat da, herri kirolak ulertzeko era berri bat, ohikoagatik aldatu barik. Ikusiko dena kirol honen alde «pribatua» ere bada, emozioak nola kudeatzen dituzten eta abar. Gainera, hainbeste harri-jasotzaile elkarrekin batera, ez dut uste sekula ikusi ditugunik.
Abadiño izango da «agertokia»: nork erabaki du hori?
Tokiagatik erabaki da, probalekua oso egokia delako. Formatuak ere «erabaki» zuen, ez baitator bat orain arte ikusi dugun plaza itxurarekin. Beste aurkezpen edo ikuskizun bat ematen du, boxeoa-edo. Baina benetako estreinaldia ‘Harri Herri’rena izango da.
Zeintzuk dira harri-jasotzearekin dituzun harremanak?
Lanean behin baino gehiagotan landu nuen herri kirolaren mundua, eta giro hori asko gustatzen zait. Programari buruz hitz egin zidatenean pozik hartu nuen, beste gauza bat ikasiko nuen eta. Kirolariekin barrutik bizitzeko ikasten, hain zuzen. Zuzeneko emankizunetan ez duzu protagonistak ezagutzeko denborarik: aldiz, programari esker harremanak sakondu ditut.
«Iñakirekin lan egitea ikaragarria izan da, hitz egiten duenean ezin duzu desengantxatu»
Inaki Perurenarekin zer moduz?
Ikaragarria izan da, asko daki eta oso ondo komunikatzen du. Mundiala benetan, Inaki handia. Ezin duzu desengantxatu hitz egiten duenean.

Topera ibili zara azken hilabeteotan: pilota, ‘Harri Herri’, ETBko ’Gaur Egun’...
Bai, egia da. Orain Sara Gandara Teleberrian ordezkatzen dut, bera amatasun-baimenarekin dagoelako. Eta gero, noski, Jai Alai Winter Serieseko esperientzia ikaragarria izan da niretzat, asko ikasi dut. ‘Harri herri’ dagoeneko grabatuta dago, eta orain momentuz nire egunerokotasunean kirol albisteak aurkeztea dagokit. Baina ondo kudeatzen dut dena, proiektuak bata bestearen atzetik datoz.
Badakit zu futbolari ohia zarela, baina probatu al duzu sekula harri bat jasotzen?
Ni? Ez, ez, mesedez, oso eskasa naiz. Probatuko nuke, baina ez dakit, momentuz hobeto ezetz, beste baterako utziko dugu [barre egiten du].

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual
