Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Hamar geldiuneko bidea Hernanin, kontatu ez den historia deskubritzeko

Hernanik Ibilbide Morea estreinatu du, orain arte goratu ez diren hernaniarren berri emateko. Oraingoz hamar puntu atondu dituzte, guztiak alderdi politikoen adostasunetik josiak. Aurrera begira ibilbidea osatzen joatea da asmoa. Kale izendegiek asko esaten baitute zapaltzen ditugun herriei buruz.

Maialen Apezetxea Lujanbio eta Ixiar Pagoaga Soraluze, Hernaniko Leoka garbitokia atzean dutela. Berdintasun Kontseiluko kide eta Ibilbide Morearen bultzatzaile dira biak.
Maialen Apezetxea Lujanbio eta Ixiar Pagoaga Soraluze, Hernaniko Leoka garbitokia atzean dutela. Berdintasun Kontseiluko kide eta Ibilbide Morearen bultzatzaile dira biak. (Jon URBE | FOKU)

Duela hamabost bat urte hasi zen proiektua irakiten. Andre kalea izan zen lehen pausoa. «Hernaniko kale izendegia aztertzen hasi ginen eta ikusi genuen 80 kale eta plazetatik, 24k gizonen izen errealak zituztela, izen-abizenekin eta, aldiz, emakumerik ez zegoela. Emakume erreferente bakarrak erlijioarekin lotutakoak ziren, ama birjinak eta antzekoak», hasi du azalpena Maialen Apezetxea Lujanbiok. Bera eta Ixiar Pagoaga Soraluze Berdintasun Kontseiluko kideak dira eta eskuz esku aritu dira ibilbide morearen proiektuan.

Andre kaleari 2014. urtean jarri zioten izen hori. Ordurako herritar talde batek bospasei urte zeramatzan artxiboak eta herri memoria arakatzen. Ez zen bide samurra izan, ez da erraza erdialdeko kale oso bati izena aldatzea, erresistentziak sortzen dira horrelakoetan. Baina beharrezkoa ikusten zuten. «Emakume errealek ez zeukaten tokirik Hernaniko kale izendegian eta garrantzitsua da kale izenetan emakumeak egotea. Askotan ez dakigu kaleari izena eman diona nor zen edo zer egin zuen, baina badakigu pertsona garrantzitsua izan zela eta horregatik eman diotela kaleari bere izena», zehaztu du Apezetxeak.

Pagoagak ere gogoan ditu bideko trabak. «Andre kalea bezalako kale handi bati izena aldatzea ez da erraza. Kale txiki bati, plaza xume bati, izkina bati aldatzea errazagoa da. Kale luze bati izena aldatzeak aldaketa asko eskatzen ditu eta ez genuen inor haserretzea nahi. Mantso egin dugu eta adostasunetik egin dugu. Bai lehen, bai orain. Ibilbide Morearen inaugurazioan ere jende askok parte hartu zuen eta horrek esan nahi du jendea gustura dagoela», gaineratu du Pagoagak.

Emakume errealen faltak eta kale izendegian zeuden gizonezkoen profilak piztu zuten gogoeta, gizonezko militarrak eta elizarekin lotura estua zutenak askotxo baitira. «Hau aldatu egin behar dugu», pentsatu zuten. Esan eta egin. Berdintasun Kontseiluak eta Udalak elkarlanean osatu dute Ibilbide Morea eta uneoro ziurtatu dute bertako alderdi politiko guztien adostasuna.

«Dezente kostatu zaigu, ez da erraza emakumeak topatzea. Ikerketa beka bat martxan jarri genuen, baina saiakera ez zen ondo atera. Azkenean, gu geu hasi ginen, Ixiar eta biok. Gaia interesatzen zaigu eta artxiboak arakatzen hasi ginen», kontatu du Apezetxeak.

Hernaniko udal artxiboa, Internet, urtekariak... han eta hemen ibili dira. Ikerketa lan horretan zer deskubritu duten galdetuta, Pagoagak garbi dauka: «Deskubritu dut oso zaila dela emakumeen izenak topatzea. Artxiboak gizonezkoen begiradatik daude eginak eta emakumeen izenak apenas geratu diren jasoak. Kasu askotan badakigu lan garrantzitsua egindako emakumeak izan zirela, artxiboetan ere jasoa dago emakumeak zirela han eta hemen, baina izen-abizenik gabe. Izugarri kostatzen da emakume horiei izen-abizenak jartzea, badirudi ez dela garrantzitsua izan horiek jasota geratzea. 1936ko gerraren inguruan badira emakumeen izenak, baina errepresioaren bidetik. Emakumeen erreferentziak topatu ditut, baina izen-abizenik gabe. Aldiz, gizonezkoen kasuan, denak daude izen-abizenekin jasoak. Ez da bakarrik emakumeen absentzia, zerbait gehiago da».

Artxibo lan horretan jaso zuen, adibidez, 1936ko gerrako hiru ahizpa milizianoren berri. «Hori oso interesgarria da. Beti iritsi zaigu gerran emakumeek errepresioa jasan zutela gizonezkoen bidetik, norbaiten ama, alaba, emazte, arreba izateagatik. Baina Hernanin baziren hiru ahizpa miliziano 16, 18 eta 21 urtekoak. Errepresioa jasan zuten eta kartzelan egon ziren. Ederra izango zen miliziano horiei kale bat eskaintzea Hernanin. Zenbait emakume erreferenteren izenak errepresioari esker geratu dira jasoak, ahizpa horienak bezala», esan du Pagoagak. Izan ere, Ibilbide Moreak 10 geldialdi ditu orain, inauguratu berritan. Baina asmoa da ikertzen eta deskubritzen jarraitzea eta ibilbidea zabaltzea.

Irizpideak

Kale izendegia aldatzeko zenbat irizpide finkatu dituzte Berdintasun Kontseilutik. Hernanitik mundura egingo dute lanketa, herriko emakumeekin hasi eta, gero, begirada mundura zabalduz. Irizpide horien arabera, ekarpen sozialak eta kulturalak egin dituzten emakumeak jarriko dituzte kale izenetan. Emakumeen eskubideen defendatzaileak, langileen eskubideen bultzatzaileak, askatasun eta solidaritatea sustatu dutenak... horiek ere izango dute tokia izendegian. Eta bada beste baldintza garrantzitsu bat: herriaren erdigunean dauden kaleak eta plazak eskaintzea. «Emakumeen izenak periferiako auzoetan jartzeko joera dago. Guk Hernaniko erdialdean jarri nahi genituen, zentraltasuna eman nahi genien emakume horiei», esan du Pagoagak. Bada beste baldintza bat, kasu honetan Hernaniko Udalak jarritakoa: kale izendegian dauden pertsonak hilda egotea.

«Ez da baldintza idatzia, baina senitartekoak bizirik dauden kasuetan haien adostasuna izatea egoki ikusten da», dio Pagoagak. Eta toponimiak ere badauka bere partea lekuei izenak jartzeko orduan.

Irizpide horiekin eta Udaleko alderdi politiko guztien adostasunarekin josi dute Ibilbide Morea. Oraingoz, hamar geldiune ditu; bost pertsona eta bost kolektibo gogora ekartzen dituztenak. Aurrera begira ibilbidea osatzen joateko ideiak ere badituzte jasoak eta herritarren artean ere egin nahi dute deia, proposamenak egin ditzaten. Proiektuaren garapenean Parean Elkartearen laguntza eta aholkularitza izan dute.

1- ANDRE KALEA

Hernaniko alde zaharraren bihotzean dago Andre kalea. Lehenago Urumea kalea eta Kardaberaz kalea izana, 2014. urtean jarri zioten ‘Andre kalea’ izena, emakumeek herrian izan duten presentzia aitortu nahian. Ahozko transmisioan jasoa geratu da hernaniar askorentzat “Andrekale” zela toki hori eta agiri historikoetan ere bada horren arrastoa.

(Jon URBE | FOKU)

Herriaren memorian jasoa geratu denez, Andre kalean elkartzen ziren emakumeak, aulkiak etxetik jaitsita, eta bertan aritzen ziren elkarri kontuak esaten, josten, haurrak zaintzen... Arropa garbitzaile askoren bizitokia zen kale hori. Kale Nagusia, berriz, dotoreena zen; gizonezkoena, seguruen. Eta Kale Nagusiko aberatsek Andre kalera eramaten zuten arropa, bertan bizi ziren emakumeek Leokan garbi zezaten. Arkitektonikoki ere badauka heldulekua teoria horrek, bi atariko etxeak asko baitira alde zaharrean.

2- AZAROAK 25 PLAZA

Hernani ez dago indarkeria matxistatik salbu eta Azaroak 25 plazak horixe ekarri nahi du gogora. Eta bereziki Txaro Roman eta Eduardo Benitez hartu nahi ditu gogoan, indarkeria matxistak Hernanin eraildako bi herritarrak. Txaro Roman 2011ko uztailaren 3an hil zuen bikotekide ohiak plaza horretan bertan. Bere alaba eta laguntzera gerturatu ziren beste bi herritar ere zauritu zituen erasotzaileak. Eduardo Benitez, berriz, plaza horretatik gertu akabatu zuen tiroz gizonezko batek 2009ko maiatzean. Benitez hiltzailearen bikotekide ohiarekin zegoen une horretan. Biak dira indarkeria matxistaren biktima. Azaroak 25 plazan morez margotuta dagoen bankuak, hain zuzen, herritarrei gogorarazten die indarkeria matxistaren egunerokotasun garratza.

(Jon URBE | FOKU)

3- AIMAR ELOSEGI ANSA “MOIO” KALEA

«Izan nahi zuena izateko oztopo sozialak gainditu ezinik bere buruaz beste egin zuen transexuala». Hori dio Aimar Elosegi Ansa “Moio” kalean jarritako plakak. 2007. urtean bere buruaz beste egin zuen, 21 urte zituela. Heriotza horrek herria latz astindu zuen eta Hernani transfobiaren aurka esnaraztea lortu zuen.

(Jon URBE | FOKU)

«Kale horri Moioren izena jarrita herri memoria eraiki nahi dugu. Jendeak galdetu dezala zein zen Moio eta zergatik jarri dioten bere izena kale horri», nabarmendu du Ixiar Pagoagak. Ibilbide Morean protagonistak ez dira emakumeak bakarrik, betaurreko moreekin egindako ibilbidea baita, eta bertan transak ere badaude.

Inaugurazioaren egunean, Loratuz Lotu Trans Elkarteko Bryan Altimasberesek parte hartu zuen Moio kalean. Nabarmendu zuenez, Moiori esker beretzat bidea errazagoa izan da.

4- JOXEPA ZUBELDIA ELIZEGI KIOSKOA

Joxepa Zubeldia Elizegi 1867. urtean jaio zen Hernaniko Ibarluze baserrian. Baserriaren jabea Madrilgo mediku entzutetsu bat zen eta ohitura zuen baserriko alabak bere etxera neskame eramatekoa. Neskato zela joan zen neskame Madrilera. Neskametzatik ateratzeko bidea ezkontzea zen eta Burgosko gizonezko batekin ezkondu zen Joxepa. Bost seme-alaba izan zituzten. 1904. urte inguruan Hernanira etorri ziren bizitzera eta azken bi alabak Hernanin jaio ziren. Hasieran Portun bizi izan ziren eta gero, Kale Nagusian. Senarra meatzeetan lan egina zen eta oso gaixo zegoen, asmak jota, eta apenas har zezakeen arnasa. Joxepak janari-denda ireki zuen Kale Nagusian bertan eta berak atera zituen aurrera seme-alabak.

(Teresa TODA)

Madrilera neskatotan joan bazen ere, euskarari eutsi zion eta etxean euskaraz hitz egiten zuen seme-alaba guztiekin. Oso gustukoa zuen idaztea eta beti aritzen zen errezoak eta bertsoak idazten.

Etxean alabek ez omen zioten idazten uzten. Hartara, urtero pare bat asteko egonaldia egiten zuen bere lagun Luisa bizi zen Barkaiztegi baserrian. Bertan gordetzen zituen bere bertsoak, ganbarako kutxa batean. Joxepa hil zenean bere bilobak saiatu ziren kutxa hartako idatziak topatzen, baina ustez bere alabek erre egin zituzten. Alabak asko lotsatzen omen ziren ama bertsolaria zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako. Hortaz, bertso asko idatzi bazituen ere, sorta bakarra gorde da, 1918an Hernaniko erietxera baztanga zuten gaixoak ekarri behar zituztela-eta izandako matxinadari buruzkoa. Garaipena ospatzeko, Ezkiaga pasealekuan egindako herri bazkarian, mahai gainera igota kantatu zituen bertso horiek Joxepak. Eta eguberritan eta San Joan jaietan ere Kale Nagusiko bere balkoitik bertsoz erantzuten zien kalean bertsotan zebiltzanei.

Aurrerantzean Ezkiagako kioskoak Joxepa Zubeldia Elizegiren izena izango du. Uda ondoren kioskoa berritzeko proiektua dago eta bertan elkarlanean arituko dira Maialen Lujanbio bertsolaria eta Arrate Rodriguez eta Carlos Nddungmandum diseinatzaileak.

5- LEOKA GARBITOKIA

Etxean urik eta garbigailurik ez zegoenean, garbitokietara joan behar izaten zen arropa garbitzera. Hernanin Leokako garbitokia zen garrantzitsuenetakoa. Arropa garbitzaileek, beren etxeko arropa garbitzeaz gain, beste etxe batzuetarako egiten zuten lan. Arropa pieza bakoitzeko kobratzen zuten. Lana ez zen samurra, baina garbitokia emakumeen topalekua zen, kontuak esateko eta elkar zaintzeko tokia.

Hernaniko Leoka 1538an eraiki zuten lehenengoz iturriaren inguruan eta 1664an, eraberritu. Gerora hainbat esku hartze izan dira bertan, 1728an eta 1896an. Gaurko garbitokia 1916an eraiki zuten.

(Teresa TODA)

Bertan lanean aritutako hernaniarrek kontatua da arropa izan edo ez, Leokan gustura elkartzen zirela emakume asko. Ramon J. Senderren “Requiem por un campesino español” liburuan kontatzen denez -Aragoin dago girotua-, apaizen aholkua izaten zen ez uzteko umeei garbitokietara joaten, bertan emakumeek libreki hitz egiten zutela eta arriskutsua zela.

«Garbitokiak leku politikoak ziren. Lanera joaten ziren, baina ez bakarrik lanera. 2000. urtean, Leoka berritu genuenean, bertan aritutako bost emakume topatu genituen. Eta denek esaten ziguten lana gogor egiten zutela, baina ondo pasatzen zutela», gogoratu du Pagoagak. Izan ere, 2000. urtean, bera Langile Ikastolako irakasle zela, ikasleekin batera espazioa txukundu eta bertako historia jaso zuen. Geroztik Berdintasun Kontseiluak hartu du eraikina zaintzeko konpromisoa eta urtero egitarau kultural interesgarria izaten da bertan.

6- IBARROLABURU-LORENZA PLAZA

Portu auzoko bihotzean dago orain arte Ibarrolaburu plaza izandakoa. Aurrerantzean, Ibarrolaburu-Lorenza plaza izango da, izena osatu baitiote.

(Teresa TODA)

Javier Ibarrolaburu hil zenean, 1954. urtean, haren alargun Mari Cruz Lorenza Lasherasek 50.000 pezetako diru ekarpena egin zion Udalari eta Portuko auzoan langileentzako etxebizitza merkeak eraikitzeko eskatu zion. Lorenzaren desioa zen langileen bizi baldintzak hobetzea. Eraiki zituzten langileentzako etxeak, eta etxegunean sortutako plazari ‘Ibarrolaburu’ izena jarri zioten. Lorenzaren erabakia izan zen diru hori Udalari ematea eta bere ekimenez eraiki ziren etxeak, baina gaur arte haren izenik eta izanik ez da agertu inon. Aurrerantzean, Ibarrolaburu-Lorenza plaza izango da Portu auzokoa.

7- INDUSTRIAKO EMAKUME LANGILEEN PASEALEKUA

Industria gizonen eremua zela uste bada ere, emakumeek lana majo egin dute bertan. 1939. eta 1975. urte bitartean sekulako industria garapena gertatu zen Euskal Herrian zein Hernanin. Industriak eskulan merkea behar zuen eta horrek eragin zuen etorkinen etorrera eta emakumeen lan munduratzea.

Sexuan oinarritutako lan banaketa nabaria zen eta emakumeek prestigio gutxiko eta kualifikatu gabeko lanak egiten zituzten. Fabriketako lanaz gainera, etxean ere jarraitzen zuen lanak, testuinguru zail hartan sosak behar zirelako. Hernanin sos gehiago ateratzeko bidea zen, adibidez, etxean zelofan poltsak ekoiztea. Esku-lanak emakumeen lantzat hartzen ziren eta beltzean eta produkzioaren arabera ordaintzen zieten, inongo lan eskubiderik gabe. Hernaniko emakume asko aritu zen lan horretan; bereziki ezkondutakoak, horiek ez baitzituzten fabriketan kontratatzen.

(Teresa TODA)

Frankismoaren akaberan langile klasea, oro har, eta emakumeak zehazki antolatzen eta borrokatzen hasi ziren. Bereziki esanguratsua izan zen Hernaniko Papelera de Zicuñaga S.A. lantegiko emakumeek, soldata jaitsi zietelako eta baldintza duinak eskatzeko, 1967an abiatutako greba.

Ibilbide Morearen inaugurazioaren egunean, lehengo eta oraingo migrazioa irudikatzen duten bi emakume elkartu zituzten aipatu pasealekuan. Bata, 70eko hamarkadan Burgosetik Hernanira etorria, bera bakarrik, 15 urte zituela. Hernanin lanean hasi, aitari lana topatu eta familia osoa ekarri zuen Hernanira. Bestea, Ugandatik etorritako emakume bat. Enpresetan ingeles klaseak ematen ditu eta aurreiritzien zama sumatzen du egunero. «Beltza eta emakumea naizelako denek uste dute garbitzera joaten naizela enpresetara. Ingeles klaseak ematera joaten naizela esaten dudanean harrituta geratzen dira».

8- CARMEN ADARRAGA ELIZARAN PARKEA

1921ean jaio zen Carmen Adarraga Elizaran, hamabi anai-arrebez osatutako familia zabal batean. “Adarragatar kirolariak” ezizenez ziren ezagunak, kiroletan abilak zirelako. Carmen Adarragak sortu zuen Hernaniko lehen saskibaloi taldea, artean gizonezkoen talderik ez zegoenean. Espainiako saskibaloi selekzioaren historiako lehenengo kapitaina izan zen eta hiru aldiz izan zen Espainiako txapeldun Donostiako emakumezkoen taldearekin. Eskubaloi eta belar hockeyan ere oso jokalari ona izan zen, Espainiako bi selekzioetan aritu zen eta estatuko txapeldunorde izatera iritsi zen eskubaloian. Carmen bizi izan zen garaian kirola egitea oso gaizki ikusia zegoen emakumeen artean. Ondoren ezarri zen erregimen frankistan, emakumeen kirola debekatzeraino iritsi ziren.

(Teresa TODA)

9- KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTA

2021eko irailaren 11n ireki zen Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista, feminismoaren alde eta arrazakeriaren aurka lan egiteko erreferentziazko espazio modura. Hernaniko emakumeen aspaldiko aldarrikapena zen Emakumeen Etxearena eta askotariko prozesu eta urratsek gorpuztu dute, azkenean, hausnartzeko, formatzeko, artikulatzeko eta saretzeko helburua duen espazio hau.

(Jon URBE | FOKU)

Egun osoan zabalik egoten da eta askotariko zerbitzu, ekimen eta baliabideak topa daitezke bertan: gaur-gaurkoz, Emakumeentzako Jabetze Eskola, sexu eta bikote aholkularitza, emakumeentzako aholkularitza juridikoa, elkar zaintzeko talde iraunkorra, dokumentazio gunea, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak...

10- DIONIXI LIZEAGA AGERRE «PAGUAKO MAIXTRA»

Hernaniar askoren oroimenean da Dionixi Lizeaga Agerre “Paguako maixtra”. 1894. urtean jaioa, 40 urtez aritu zen auzoko haurrei eskolak ematen.

Hernaniko Pagoaga auzoa, baso ederrez inguratua, alde zaharretik hamar kilometrora dago. Auzoan ez zegoen ez elizarik ez eskolarik, eta bost kilometrora zegoen Ereñotzura joan behar zuten haurrek ikasi ahal izateko.

(Teresa TODA)

Hamar seme-alabetan helduenetakoa zen Dionixi eta aitak ikasketak eman nahi izan zizkion. Etxean jaso zituen lehendabizi, neskame baten eskutik, eta gero Donostiara eraman zuten, ikasketetan sakondu zezan. Ikasitakoa zabaltzeari ekin zion Dionixik eta Pagoaga auzoan bertan hasi zen, anai-arrebak eta auzokideak hartuz etxeko sukaldean bertan, 1914an Pagoagako eskola sortu zen arte.

Eguna eta gaua lanean ematen zituen. Egunez lan egiten zuten gazteei klaseak ematen zizkien gauez. Iluntzeko eskola horietan emakumerik ez zegoela ohartuta, igandeak eta jai egunak eskaintzen zizkien neskatoei, haiek ere ikas zezaten.

Eulalia Aranburu hernaniarrak zabaldu du Dionixi Lizeagaren berri. Aranburuk sekulako lana egin du Hernaniko memoria jasotzen eta zabaltzen eta Dionixiren kontuak ere ondo jasoak ditu, lankide izan baitzuen. Ibilbide Morearen inaugurazioan gustura parte hartu zuen Eulalia Aranburuk, bizirik dagoen Hernaniko herri memoriaren ahots oso interesgarria denak.