Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Aulesti, euskal antzezle berrien haztegia

‘Lotsa’, ‘maitasuna’, ‘heriotza’ eta ‘kaka’ hitzak lotu, korapilatu, nahastu... eta ea zer ateratzen den. Aulestiko ganbara batean ikusi dugun inprobisazio ariketan bada zerbait oso deigarria dena: hizkuntzaren erabilera naturala. ADEL 2023 delakoan gaude.

Ikasleak lanean. Erdian, Eihara Fernandez de Larrea, ‘Miñan’ nobelaren bertsioan arituko den aktorea.
Ikasleak lanean. Erdian, Eihara Fernandez de Larrea, ‘Miñan’ nobelaren bertsioan arituko den aktorea. (Ainhoa RESANO | ARTEDRAMA)

Euria gogoz ari du Aulestin, hezetasuna mendietatik behera torkaraino labainduko balitz bezala. Baserri eta etxe dotorez jositako bide batetik –bihurgune ugariz apaindua– iritsi  gara Bizkaiko txoko honetara. Lehen begiratuan txikia zirudien. Udalaren web orrialdeak dioenaren arabera, Lea ibarreko udalerrietan handiena eta jendetsuena da Aulesti: 650 biztanlekoa. Bizkaiko herri hau euskal antzerkigintzaren topagune beteranoaren kokagunea da –18 urte dagoeneko–; hain zuzen ere, joan den astelehenetik atzo arte, ArteDrama Euskal Laborategiaren (ADEL) azken edizioa bertan burutu baita.

Aulestin, ordea, ez dugu antzoki baten arrastorik ere ikusten. «Lea-Artibai eskualdean ez dago antzoki bat ere sarean dagoena. Horrek esan nahi du, hain justu, Euskal Herriko arnasgune honetan, euskaraz egiten den herrietan, ez dagoela antzerkira iristeko baliabiderik», argitu du Ander Lipusek. Markinar aktore eta zuzendaria ArteDrama Euskal Laborategiko kidea da: «Euskara hutsean egiteko espazio bat beharrezkoa zela ikusten genuen. Askotan halako ikastaroak antolatzen direnean, nahiz eta euskaraz egon, baten batek erdaraz badaki, dena erdaraz ematen da. Orduan guk argi pentsatu genuen euskara hutsean izan behar zuela».

Eta Aulestiren hautaketaren atzean “periferia” deritzonaren aldeko hautua al dago? «Hasieratik Aulestin ikusi genuen aukera polita –esan du–. Alde batetik, herri euskalduna delako eta kulturari bere garrantzia ematen diotelako. Beti alde eduki dugun udala da, eta herritarrak ere proiektuarekin oso konprometituak daude. Adibidez, askok herriko baten etxean egiten dugu lo». Jardunaldiek udalaren, diputazioaren eta Lakuaren laguntza jasotzen dute.

«Miñan» nobelaren bertsioa prestatzen hasiko da Artedrama; «Hondamendia» aparta udazkenean itzuliko da

Beste hainbat hauturen arrastoak aurki daitezke “periferiaren” aldeko apustu honetan: hiriaren ordez, herria; hizkuntza handien ordez, euskara hutsez egiten den antzerkigintza. Herriko landetxe bateko ganbaran apaindutako gela zabal batean, aurtengo antzerki lantegien partaideak eta Itziar Manero aurkitu ditugu. Manero irakasle lanetan ari da, inprobisazioak lantzen. Joan den asteazkenean “Memoria” antzeztu zuen herriko frontoian. Amona baten eta biloba baten arteko topaketan oroimenari eta haren galerari buruzko hausnarketa landu du bere bakarkako lehen lanean.

Ostegunean frontoian antzeztu zen ‘Eresia’ antzezlana.
Ostegunean frontoian antzeztu zen ‘Eresia’ antzezlana.

Izan ere, bi ardatzen bueltan antolatzen dituzte topaketak: kanpora eta barrura begira. Arte eszenikoen laborategi dira, alde batetik, eta zuzeneko emanaldiak egiteko gune ere bai, bestetik. «Hasierarekin alderatuta, nabaritu duguna da, alde batetik, ikuskizunei begira, ekoizpen gehiago egiten dela orain», baieztatu du Lipusek. Lehen, euskara hutsez eginiko ekoizpenak ez luke, egun bezala, astebeteko eskaintza beteko. Aurten Oier Zuñigaren “Eresia”, Atx Teatroaren “Balbea”, Kulunka teatroaren “Adre eta Dorine”, Metrokoadrokaren “Zeozertan dabil baina ez dakit zertan” eta Artedrama eta Axut! taldeen “Hondamendia” eskaini dira herrikoentzat eta bertaratu nahi izan dutenentzat.

«Ekoizpenak orain handiagoak bezala dira –dio Lipusek–. Lehen formatu txikiko gauza gehiago zeuden; orain aberatsagoak dira eta gauza gehiago daude. Uste dut talde askok hartu dutela euskaraz soilik egiteko hautua. Lehen zegoen gehiago elebitasunaren joera hori; orain euskaraz bakarrik pentsatuak diren obra gehiago daude, zeren lehen gehiago egiten zen erdaraz pentsatu, erdaraz egin eta gero euskarazko bertsioa egiten zen dirulaguntza lortzeko edo. Orain dagoeneko euskaraz pentsatuta eta euskaratik eginak dira». Halere, euskal antzerkigintzaren prekaritatea ez da desagertu. Ezta hurrik eman ere.

Periferiatik datoz aurpegi berriak

Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako 16 partaide dabiltza laborategian. «Jende asko kanpoan gelditu da, 30-35 inguruk eman dute-eta  izena», kontatu du Lipusek. Parte-hartzaileen profilean ere aldaketa nabaritu da: «Aurten inoiz baino gazte gehiago daukazu, 18-20 bitarteko gazteak dira gehienak».

Bota dugu galdera: Zenbat zatozte Dantzertitik; hau da, Arte Dramatikoaren eta Dantzaren Goi Mailako Eskolatik? Bost dira horko ikasleak egun, bik ikasketak bukatu dituzte dagoeneko. Badago beste bat Bartzelonan ikasketak bukatu ondoren «ama hizkuntzan» jardun nahi zuena.

Baina mota askotako interesak elkartu dira lau horma hauen artean, sektorearen isla izan daitekeen irudia eskaintzen diguna: batek dio bere helburua «euskal sortzaileen komunitatearekin saretzea eta elkar ezagutzea dela»; beste batek antzerkiaren sorkuntzan interesa du; hirugarren batek bere inguruko kultur dinamikan bertan ikasitakoa landu nahiko luke –65 urteko zuberotar bat, gazte hauen artean, salbuespen–... halere, agian Nerea Arriolak (Youtubeko Supertxope edo Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaien sortzailea) laburbiltzen du guztiek izan dezaketen interes amankomuna: «Ni antzerkia oholtza gainean egiten ari naiz eta, jendean ezagutzeaz gain, nahi nuen gauza berriak probatu. Atera pixkatxo bat betiko bide horretatik, eta bizi baita ere, astebete horretaz pentsatzeko».

«Kanpoan, euskararekin? Ez dago sentsibilitaterik. ‘¿Vascos? ¡Hacedlo en castellano, que sabéis!’»

Aulestin bildu diren ikasleen artean Artedramaren hurrengo proiektuan izango diren bi aktore gazte daude, bi aurpegi berri: Mikel Kaye ermuarra eta Eihara Fernandez de Larrea arabarra. Konpainia honek, Axut! taldearekin batera, iaz sortutako “Hondamendia”, hainbat emanaldiren ostean, udazkenera arte geldirik utziko du, ekainean hasiko direlako hurrengo proiektua entseatzen: “Miñan”, Amets Arzallus eta Ibrahim Baldaren liburuan oinarritutako antzezlana.

Lau aktore oholtza gainean, bat Lipus bera, beste hirurak hasiberriak. Protagonista, Sambou Diaby. Liburua poetikoa da oso: «Hitzari eman nahi diot garrantzia. Hiru beltz oholtzan  euskaraz entzutea ederra izango da». Estreinaldia, 2024ko urrian.

Beraz, migrazioak izango ditu aztergai talde honek hurrengo lanean. Pil-pilean dauden edo egon beharko luketen gaiak –gure antzerkigintzan, ordea, gai sozialak jorratzeko joera ez dago oso hedatuta–, halakoak landu dituzte “Zaldi Urdina” bezalako lanetan. Hura Axut eta Dejabu Panpinekin batera egindako ekoizpena zen. “Hondamendia” apartarekin Zaldibarko zabortegiari buruzko lan zirraragarria osatu dute, erabat beharrezkoa den lan horietako bat.