Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Imanol Alvarez: «Partida irabazteko ilusioz jokatu behar dugu eta ez, galtzeko beldurrez»

Bera Berak Kopako azken fasea jokatuko du ostiraletik aurrera, Malagan. Elx izango du arerio final-laurdenetan (18.00etan) eta donostiarrek argi dute partidaz partida joan behar direla. Dena dela, finala jokatzeko nahia agerikoa da. 2019an irabazi zuten azken Kopa eta jokatu azken finala.

Imanol Alvarez, jokalariei azalpenak ematen, EHF European Leagueko partida batean.
Imanol Alvarez, jokalariei azalpenak ematen, EHF European Leagueko partida batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Aspaldi ez dugula Kopako finala jokatu eta berriro nahi dugu». Bera Beraren desio handiena da aste honetan, baita zaletuentzat ere. «Duela hiru urte arte finalera iristea kasik derrigorra zen, zortzi jarraian erdietsi genituelako (eta zortzitik lau irabazi)», adierazi du Imanol Alvarez entrenatzaileak, baina badira hiru urte Kopa buruko min galanta bilakatu dena.

Azken denboraldietan finaletik kanpo geratu izana oraingoa aurre egiteko puntu positibotzat jo du ermuarrak, presio puntu hori askatu egin dutelako: «Lehen bazirudien partidak galtzeko beldurrez kantxaratzen ginela eta uste dut irabazteko ilusioz jokatu behar dugula, ez galtzeko beldurrez». «Badakigu talde indartsuenetako garela eta hori erakusteko gogotsu ere bagaude», gehitu du Bidebietan emandako prentsaurrekoan.

«Erronka» moduan ikusten du Kopa Alvarezek. «Txapelketa berezia da, giroa bestelakoa izaten da» eta hiru egunetan hiru partida jokatzeaz disfrutatu nahi dute, «48 orduan sentitzen den adrenalina gorakada horretaz disfrutatu nahi dugu, sentsazio hori errekuperatu nahi dugu».

Lehendabizi, baina, Elx kanporatu beharko dute, azken urteetan beraien arerio gogorrena izan dena horrelako kanporaketetan. «Gainontzekoekin alderatuta, oso eskubaloi ezberdina egiten duen taldea da», deskribatu du Alvarezek. Onartu du ez dela areriorik egokiena txapelketa hasteko, «baina ezta bukatzeko ere». Argi dagoena da, dibertimendurako emango duela Joaquin Rocamorarekin izango duen lehia, beti ere kirol legez.

«Oso ondo landuta dagoen taldea da, beti izan ditu jokalari onak eta aurten, gainera, bestetan baino talde luzeagoa dauka», azaldu du. Giltzarria, beraien defentsa ondo interpretatzea izango da eta noski, ahalik eta akats gutxien egitea. «Baloi jabetza motzeko partida planteatzen du eta horrelakoetan, akats bakoitza gogotik ordaintzen da».

«Aurreikusten dut defentsa aurreratuarekin jokatuko duela eta falta asko eta kontaktu askoko partida izango da», dio. Hala, onartu du momentu txarrak ere izango dituztela eta horiek nola kudeatzen duten baldintza dezakeela azken emaitza. 

«Duela hiru aste baino hobeak gara»

Ligan talderik erregularrena izan da Bera Bera. Hain izan da erregularra, lehenengo postua bermatu zuela hiru jardunaldiren faltan. Imanol Alvarezek hori balioan jarri nahi izan du, partida gehienak, oro har, estuak izan direlako eta «irailean lehen partida galtzetik, ligan lehen postua bermatu dugulako hiru partiden faltan». Era berean, arerio zuzenagoen aurka jokaturiko partida gogor eta estuak irabazteko gaitasuna izateak «lasaitasuna eta konfiantza» emango diela iritzi du: «Lehen, partida estuagoetan ohi baino akats gehiago egiten genituen eta orain ematen du ezetz, taldea ere ondo moldatzen dela horrelako egoeretan. Azken txanpa horiek ondo jokatzeko gai garela sentitzeak, lasaitasunez jokatzeko bermea izan behar du».

Atletico Guardesen aurka irabazi ostean ziurtatu zuten lehen postua eta beraz, hiru jardunaldi izan dituzte Kopa eta play-offak prestatzeko. Alvarezek dio «ondo aprobetxatu» dutela eta «emaitzak ikusi besterik ez» dagoela. Garaipenak kateatzen jarraitu du (liga osoan bi partida galdu, bat berdindu eta gainontzeko guztiak irabazi ditu) eta iritzi du «duela hiru aste baino hobeak» direla.

Taldeari dagokionez, Sara Gil da baja ziur bakarra. Emma Boada ere zalantza izango da, azken ordura arte, belaunean mina sentitzen baitu. Hala ere, espero du minutu batzuk jokatu ahal izatea eta play-offetara begira sentsazioak hartzen hastea.

Arcosek ez du jarraituko

Asteartean, azken orduan, klubak iragarri zuen Paula Arcosek ez duela hurrengo denboraldian jarraituko. Jokalari galiziarrak atzo bertan jakinarazi zion klubari Europako talde indartsu baten eskaintza onartu duela. 2023. urtea hasi denetik, bolo-bolo ibili da zenbait eskaintza zituela eta Alvarezek adierazi legez, aurreikustekoa zen ez zuela jarraituko. Kluba adierazi du honek ez duela baldintzatzen hurrengo urteko proiektua eta entrenatzaileak espero du jada behin etorkizuna argituta, «Koparako lasaitasunarekin eta sosegatuta iristea; oso lehiakorra da eta gogotsu dago Kopa eta play-offak jokatzeko».

Bestalde, duela hilabete batzuk iragarri zuen Bera Berak Cristina Polonio piboteak ere ez duela jarraituko du hurrengo denboraldian.