NAIZ

Boukherma anaien ‘Years of the Shark’ filmak jaso du FANT jaialdiko sari nagusia

Ludovic eta Zoran Boukherma anaiek zuzendutako ‘Years of the Shark’ film luzeak jaso du FANT jaialdiko film onenaren saria. Lle Godoyren ‘Encajada’ film laburrak hiru sari jaso ditu. Bere aldetik, Belen Ruedak jaso du Fantastikoaren Izarra ohorezko saria.

‘Years of the Shark’ filmaren fotograma.
‘Years of the Shark’ filmaren fotograma. (NAIZ)

FANT Bilboko zinemaldi fantastikoak iragarri ditu 29. edizioko garaileak: Ludovic Boukherma eta Zoran Boukherma errealizadore frantsesen ‘Year of the Shark’ filmari eman diote aurtengo Film Luzerik Onenari Saria, «beldurrezko zinemaren klasikoetako baten berridazketan hizkuntza zinematografikoarekin jolasteko zorroztasunagatik eta bere umore eldarniotsuagatik», Ernesto del Riok (Zinebi eta Bilbao Film Comissioneko zuzendari oiha), Iratxe FresnedaK (EHUko irakasle, zinemagile eta GARA eta NAIZeko kolaboratzailea) eta Marta Medinak (zinema kritikari, gidoilari eta zinemagilea) osatutako epaimahaiak balioan jarri duenez.

Film laburrei dagokienez, Epaimahaiaren Saria Sail Ofizialeko Film Laburra Onenari Marc Martinez zuzendariaren ‘Tigre Místico’ lanarentzat izan da, «fantastikoaren tradizioak modu burutsuan jasotzeko orduan duen lotsagabekeriagatik eta eguneroko bizitzaren absurdoari etekina ateratzen jakiteagatik».

Hiru sari Lle Godouren ‘Encajada’-rentzat

Horrez gainera, Lle Godoyren ‘Encajada’ aukeratu dute Euskal Film Laburrik Onena kategorian. Epaimahaiak nabarmendu du bere «trebezia baliabide minimoekin fabula iradokitzaile eta organiko bat artikulatzeko, protagonistaren jardun arriskutsuagatik, konbentzioetatik ihes egiten saiatzen den istorioa zentzuz betetzen baitu».

Film honek beste bi sari ere jaso ditu: Batetik, euskal Film Laburretan Antzezpen Onenaren Saria Ane Guisasolak jaso du Encajanda’-n egindako interpretazioagatik eta, bestetik, Film Labur Onenaren Publikoaren Saria  ere jaso d filmak.

Euskal Gidoigileen Elkarteak emandako Saria Sail Ofizialeko Film Luzeen Gidoirik Onenari irabazi duen titulua Magdalena Lauristch zuzendariaren ‘Rubikon’ izan da, «premisaren adimenagatik, erritmo eta tentsio narratiboaren erabileragatik, eta zientzia-fikzioaren baliabideak historia unibertsal bezain humanista bat kontatzeko erabiltzeagatik».

CineClub FASek ematen duen Sail Ofizialeko Zuzendari Berritzaileenari Saria ‘Viejos’ pelikularentzat izan da, Raul Cerezo eta Fernando González egindako filma, «hirugarren adinekoek jasaten duten ulertezintasunari begirada enpatikoa uztartzeak dakarren ausardiagatik, aldi berean beldurrik eta lotsarik gabe genero-zineman eta B serierik zentzugabeenean murgilduz. Hori guztia toki komunari alergia dion kamera batek gidatuta, eta beti enkoadraketa iradokitzaileenari eta berritzaileenari adi».

Ikusleek, FANT 2023ko Palmaresean ere parte hartu dute eta Publikoaren Saria Sail Ofizialeko Film Luze Onenari eman diete Alain Ughetto zuzendariaren ‘No Dogs or Italians Allowed’ filmari.

Ikuspegi fantastikoa

Azkenik, Ikuspegi Fantastiko Epaimahaiak, Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko egungo zuzendari artistikoak, Javier Echaniz gidoilariak eta Susana Miravalles gidoilari, zuzendari eta muntatzaileak osatuta, Luis Tinocoren ‘La Paradoja de Antares’ filmari eman dio Film Luzerik Onenaren Saria «espazio minimo eta bakar batean egindako crescendo dramatiko landuagatik, eta, muturrera eramanez, gure bizitzetan oso ezaguna den dilema planteatzeagatik».

Sail honetan, Film Laburra Onenari Saria Oscar Boysonen ‘Power Signal’ tituluarentzat izan da. Epaimahaiak nabarmendu du «fantasiazko generora jotzeko duen trebetasuna, geure burua hemen eta orain sotilki eta girotze inguratzaile eta dotore baten bidez erakusteko».

Palmares nagusia larunbatean, maiatzak 13, proiektatuko da BBK Aretoan: 18.00etan Ikuspegi Fantastikoaren Atala eta, 20:00etan, Sail Ofizialean saritutako tituluak. ‘Year of the Shark’ filma azpititulu bikoitzekin proiektatuko da, euskaraz eta gaztelaniaz.

Fantastikoaren Izarra Belen Ruedarentzat

Bere aldetik, Belen Rueda antzezle espainiarrak jaso du Fantastikoaren Izarra 2023, jaialdiaren ohorezko saria. Bere ibilbidean zehar komedia, drama eta beldurrezko zinema landu ditu eta, ostiral goiz honetan Bilbon egindako agerraldian, azaldu du genero bakarrean dabilen artista gisa «etiketatzea» ez dela «txarra, denboran muga bat jartzen zaion bitartean», antzezleen lana «paper ezberdinak interpretatzea baita». Hala ere, beldurrezko eta fantasiazko zinemak bere bizitza profesionalean «pisu handia» izan duela nabarmendu du.

Gidoi bat bere eskuetara iristen denean «liburu bat balitz bezala» irakurtzen duela ere baieztatu du, hala «pelikula bikain irudikatu» dezaleelako, gidoiek «jendearen buruan dauden istorioak» kontatzea ahalbidetzen baitute.

«Eta nahi duzuna nahi duzun moduan irudikatzeko aukera duzula da zoragarriena; mugagabea da, liluratu egiten nau», ziurtatu du.

Une honetan, Carlota Peredaren ‘La ermita’ filmaren filmaketa amaitu berri du Ruedak, hau ere beldurrezko zinemagintzaren barruan kokatua.