Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

ETA edo Osakidetza

2011n baino hobetoxeago gaude, kazetariok ere, kanpaina hasiera honetan: behintzat ez dugu gauerdia pasatu arte hautagaitzak jakiteko zain egon behar izan, epaitegi baten erabakiaren esperoan. Langa hori gaindituta, lau urte geroago EH Bilduko hautagaiei ETAri armagabetzea eska ziezaioten exijituz ekin zioten arerio politikoek hautetsontzietarako bideari. Eta, 2019an, erakundea behingoz desegin zedin aldarrikatu zezaten planteatuz abiatu zuten lehia (azken kanpaina haren lehenengo egunean, hori bai, guardia zibil armatuen desfile batean bildu ziren Iruñean eskuineko hautagai guztiak, 175. urtemuga zuela eta).

2023. honetara iritsita, aurreko aitzakiak desagertuta, iraungitze datarik ez duen akusazioa asmatu dute: zerrendetan preso ohiak egon badirela. Zaharrak berri, beraz. Berezitasun batekin: behin betiko da «argudioa», hemendik lau urtetara ere baliagarria, kondena bururaino beteta ere kondenatua izan baldin bazara, bizi osorakoa baita inputazioa.

Ez dakigu, ordea, zenbat guardia zibil, poliziakide eta ertzain, zenbat torturatzaile, bortxatzaile eta hiltzaile sartu dituzten hango eta hemengo zerrendetan, zigorrik gabekoa izan baita ia guztia. Eta ondorioz, ez dugu jakingo zeintzuk diren hautetsi zerrenda horiekin erasotutako biktimak. Baina Arturo Espejo Guardia Zibileko teniente jeneral izendatzeko oztoporik ikusi ez badute, herrian zinegotzia izateko langak erraz gainditzeko modukoa dirudi.

Garai batean eraso tresna hori eraginkorra zatekeen, baina orduan hauspotutako nagusitasun moralaren totema gero eta ahulagoa denez, bestelako ondorio bat atera behar da kanpaina honetatik, edo udalen memoriari buruzko atal digitalen gainean eraikitakotik. ETAren itzala txipiroi tinta baino ez da jada, Madrildik atera eta Euskal Herrian barreiatzen dutena, kanpainak beharko lituzkeen eztabaidak lurperatzeko asmoz. Norberaren egungo akatsak ezkutatzea lehentasuntzat duten bi aste hauetan, hobe izango da beti bestearen aurka eta iraganari buruz jardutea.