Fernando Llorente: «Zorionekoa izan naiz futbolak eman dizkidan une eta pertsona guztiengatik»

Iruñean jaiotako aurrelariak gaur zabaldu du bere sare sozialetan bere kirol ibilbideko bideo bat, iragan otsailean erretiroa hartuko zuela iragarri ostean. Llorentek 38 urterekin utzi du futbola, eta hemezortzi denboraldi osatu ditu orotara. Athleticen hasi eta Eibarren amaitu du.

Fernando Llorente 2012-2013 denboraldian Athleticekin sartutako gola ospatzen, Mallorcaren aurkako partidan.
Fernando Llorente 2012-2013 denboraldian Athleticekin sartutako gola ospatzen, Mallorcaren aurkako partidan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Txiki-txikitatik amesten nuen futbolaria izan nahi nuela, eta nork esango zidan futbolak emandako guztia gozatu eta bizi ahal izango nuela...», idatzi du astelehen honetan Fernando Llorentek bere sare sozialetan, iragan otsailean erretiroa hartuko zuela iragarri ostean, Movistarrek egindako elkarrizketa batean. Hemezortzi denboraldi osatu ditu futbolean, eta horietatik bederatzi Athleticen egin zituen (2004tik 2013ra). Aurrelaria bertan hezi zen futbolari gisara. Juventus, Sevilla, Swansea, Tottenham, Napoles, Udinense eta Eibar taldeetan ere jokatu du, hurrenez hurren.

Llorentek 38 urterekin utzi du futbola, eta sare sozialetan zabaldu duen idatzian nabarmendu du futbolean egindako bi hamarkadak «luzeak» izan direla, baina «lana, sakrifizioa, apaltasuna eta grina» baliatuta, «oso talde handietan» jokatzeko aukera izan duela. Gaineratu du, «harrotasunez», bere onena eman duela «beti». Horrez gain, eskerrak eman nahi izan dizkie talde guztiei «emandako aukerengatik». Baita zaleei ere, «urte guzti hauetan jasotako maitasunagatik eta babesagatik». 

Aldi berean, Iruñean jaiotako aurrelariak uste du «zorionekoa» izan dela, «futbolak eman dizkion momentu guztiengatik eta bidean zehar ezagutu dituen pertsona handi guztiengatik». Argitaratutako idatziarekin batera, bideo bat ere igo du. Bertan, bere kirol ibilbidea ikus daiteke irudietan: 11 urterekin Lezamara iritsi eta zuri-gorrien harrobian jokatutako txapelketak; Espanyolen aurka lehen mailan debutatu zuenean 2005eko urtarrilaren 16an, Ernesto Valverderen eskutik; debuta egin eta hiru egunetan Lanzaroteren kontrako Kopako partidan hiru gol sartu zituenean...

Athleticetik joan zeneko egoera gatazkatsua

Orotara talde zuri-gorrian 333 neurketa jokatu zituen, eta 112 gol sartu. Llorente Athleticeko goleatzailea izateaz gain, erasoko jokoan erreferente nagusia zen. Bilboko taldean erakutsitako maila onak eragin zuen Italiako talde onenetariko batek begia botatzea, hain justu, Juventusek. Eta hara joan zen 2013ko udan. Athletic utzi zueneko egoera gatazkatsua izan zen, aurrelariak ziurtatu baitzuen klubak «oztopatu» egin zuela bere irteera talde zuri-gorritik.

Turingo klubean bi denboraldi egin zituen, eta bost garaikur altxatu: bi liga, beste hainbeste Superkopa eta Kopa bat. Lehen denboraldia ezin hobea egin zuen, hamasei gol sartuta ligako 34 partidetan. Bigarrena, ordea, ez zen hain ondo joan. Ez zituen lehenengoan bezainbeste minutu izan, eta taldez aldatzea erabaki zuen. 2015ean Sevillak fitxatu zuen, eta han 2016an Europako Liga irabazi bazuen ere, ez zuen inoiz lortu Unai Emeryren konfiantza.

Beraz, Andaluziako taldetik Ingalaterrako ligara joan zen. Lehenik, Swansera (2016-2017), eta ondoren, Tottenham Hotspur taldera (2017-2019). 2018-2019 denboraldi horren amaieran, Italiara itzuli zen Napolirekin jokatzeko, eta bertan Kopa irabazi zuen. San Paolon urte eta erdi egin ostean, 2020-2021 denboraldiko bigarren itzulian Udinesera joan zen.

Bere ibilbide profesionala amaitzeko, aurreko denboraldian Eibarrekin aritu zen Bigarren Mailan. Talde armaginarekin 22 neurketa jokatu zituen, eta bi gol sartu. Azken partida 2022ko ekainaren 5ean jokatu zuen, Ipuruan, Gironaren aurka, lehen mailara igotzeko kanporaketan.

Espainiako selekzioarekin ere jokatu zuen eta Munduko Kopa bat (2010ekoa Hegoafrikan) eta Eurokopa bat (2012koa Polonian eta Ukrainian) poltsikoratu zituen.