Non eta nola egin zen Italiako Giroko trofeoa? Eta zergatik du espiral forma?

Senza Fine du izena Giroko trofeoak. Munduko lasterketarik zaharrenetako baten historia amaigabea islatzen du. Ertzetan ez du amaierarik, infinitua sinbolizatze aldera. 2000tik maglia arrosa jantzi duten txirrindulari guztien izenak ageri dira. Lortzen lehena Stefano Garzelli italiarra izan zen.

Giroko trofeoa San Salvon, aurtengo edizioko bigarren etapako irteeran.
Giroko trofeoa San Salvon, aurtengo edizioko bigarren etapako irteeran. (Jasper JACOBS | EUROPA PRESS)

Italiako Giroa txirrindularitzak duen altxorrik preziatuenetariko bat da, ibilbidea ederra eta aldi berean exijentea delako, Italian txirrindularitza modu berezi batean bizi dutelako, eta irabazleen esku dagoen trofeoa ikusgarria delako.

Senza Fine (Amaierarik gabea) du izena Italiako Giroko trofeoak. Espiral forma du eta munduko lasterketarik zaharrenetako baten historia amaigabea islatzen du. Garaikurrak lasterketaren ibilbidea irudikatzen du; izkinetan ez du amaierarik, infinitua sinbolizatu nahian.

Horrez gain, berezitasun bat du: espiral forma horretan, 2000tik maglia arrosa jantzi duten txirrindulari guztien izenak ageri dira. Stefano Garzelli italiarra izan zen Senza Fine trofeoa jaso zuen lehen txirrindularia. Haren atzetik, bere herrikide Gilberto Simonik (2001) eta Paolo Savoldellik (2002) lortu zuten.

Garaikur hori maizen altxatu duen herrialdea, nola ez, Italia da; hamabi bider. Gero, gainerako guztien artean, Euskal Herria dago, Miguel Indurainen garaipen handiarekin. Behin irabazi duten beste herrialdeak hauek dira: Espainia, Errusia, Kanada, Kolonbia, Herbeherea, Erresuma Batua eta Ekuador.

Garaikurra Italiako ipar-ekialdeko Vigodarzere herri txikian egiten da, Padua hiritik hamar kilometrora. Coppe e Trofei Penello Mario lantegian egiten da, 1999. urtea geroztik. Trofeoaren diseinua Fabrizio Gallik egin zuen; garaikur berri bat egiteko Italiako Kobre Institutuak antolatutako lehiaketa irabazi zuelako.

Trofeoak 54 zentimetro ditu, eta 9,5 kilo pisatzen du

‘La Gazzetta dello Sport’ egunkaria eta RCS Giroa antolatzen duen enpresa harrituta geratu ziren Gallik egindako bozetoarekin, eta trofeoa egiteko lantegia Mario Penellorena aukeratu zuten. «Lehen proposamen hura prototipo digital baten gainean egin zen, eta, beraz, ez zen erraza hori errealitatera gauzatzea. Gainera, kostuak ez ziren bereziki baxuak, baina saiakera askoren ondoren, lortu genuen», azaldu zuen orain dela urte bat, Luca Penellok, Mario Penelloren semeak, ‘Rouleur’ egunkarian.

Trofeoak 54 zentimetro ditu eta 9,5 kilo pisatzen du. Hilabete bat behar da garaikurra egiteko. Lehen urratsa kobrezko barra bat biribiltzea da. Pixkanaka toleste makina batekin forma ematen zaio, lehen leunketa egin arte. Ondoren, termikoki tratatzen da, eta bihurritu egiten da, kiribil forma emateko. Neurri zehatza lortu ondoren, oinarria gehitu eta trofeoa leuntzen da berriro. Giroa irabazi duten txirrindulari guztien izenak grabatzen dira laser batekin, eta azkenik, harea finezko hodi bat ezartzen zaio.

2017tik, Giroko helmugan da Penello

Luca Penelloren lana, ordea, ez da amaitzen hemezortzi kilateko urrezko garaikur ederra lantegian egindakoan. Izan ere, Italiako Giroko 2017ko edizioaz geroztik —Milango Duomoko Piazzan amaitzen da—, Penello lasterketako helmugan egoten da, maglia arrosa irabazi duen txirrindulariaren izena eskuzko pantografo batekin irartzeko prest. «Niretzat ohore handia da lasterketa garrantzitsu, ospetsu eta historia handiko baten garaikurra egitea», adierazi zuen Luca Penellok.

Italiako Giroko garaikurra egiteaz gain, Coppe e Trofei Penello Mario lantegiak Milan-Sanremo, Milan-Torino, Strade Bianche eta Tirreno-Adriatiko lasterketako garaikurrak ere egiten ditu.