HIGA 2023, hizkuntza gutxituak maite eta zaintzen dituzten hiztun gazteak

Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen laugarren Topaketa izan berri da Gasteizen. 65 hizkuntza txikiren bueltan ari diren 75 gazte batu dira. Erronkak eta trabak partekatzen dituzte, guztiak dira hizkuntza txikiak maite eta zaintzen dituzten militanteak, hizkuntzaren taupada bizirik mantentzeko.

Beñat Garaio, Franca Umasoye, Beñat Jusue, Mariona Miret eta Ainhoa Ruiz de Angulo, HIGA topaketetan.
Beñat Garaio, Franca Umasoye, Beñat Jusue, Mariona Miret eta Ainhoa Ruiz de Angulo, HIGA topaketetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Mundu osoko 65 hizkuntza gutxituren bueltan lanean ari diren 75 hiztun gazte batu ziren Gasteizen duela egun batzuk, hizkuntzen komunitateen arteko lankidetza bultzatzeko eta haien harremanak sendotzeko helburuarekin. Montehermoso jauregian izan ziren topaketak. Han, hainbat gairen inguruan ardaztutako hitzaldiez gain, aisialdirako eta elkarlanean proiektuak eratzeko aukera ere izan zuten.

Beñat Garaio Mendizabalek zuzendu zituen aste osoko topaketak. Garaiok hizkuntza gutxituen biziberritzearen eta soziolinguistikaren ikerketan oinarritu du bere ibilbide profesionala. EHUko doktorea da eta hainbat sari irabazi ditu bere ekarpenagatik. Garaiok garrantzi handia eman zion «gazteek gazteentzako» antolatutako topaketa horri, horiek baitira hizkuntzak biziberritzeko «arduradunak».

Okzitaniera, aragoiera, nahuat, tseltal, ekpye, euskara, zeinu hizkuntza... Errealitate eta egoera ezberdinetan dauden hizkuntza gutxituak dira guztiak. Badituzte erronka partekatuak, eta baita bakoitzak bereak ere. Hartara, hizkuntza-komunitate hauek beren txokoa izan zuten, aktibistek haien esperientziak eta eguneko jarduna azaldu ahal izateko. Eguneroko erronkak azaldu zituzten eta gainerako hizkuntzen errealitatearekin alderatzeko aukera izan zuten.

Gaur egun hizkuntza aktibismoa «guztiz beharrezkoa» dela azpimarratu nahi izan zuten hizlariek. Beñat Jusuek, Tuterako gazteak, hainbat urte daramatza bere herriko euskara taldeetan, eta egun Gazte Euskaltzaleen Sarearen kidea dela azaldu zuen.

«Txikitatik, Tuteran nire eskubide linguistikoen urraketa bizi dut», azaldu zuen. Hori dela eta, «Tudelatik Tuterara igarotzeko» etengabe borrokan aritu da Jusue. «Hizkuntza bat hitz egiten bada, aurrera egingo du», azaldu zuen Tuterako gazteak. Horregatik, gazteak euskararen biziraupenean lanean ibiltzeak «berebiziko garrantzia» duela azpimarratu zuen Jusuek.

Ainhoa Ruiz de Angulok pertsona gorrak «pertsona entzuleetara moldatzeak suposatzen duen lan bikoitzaz» hitz egin zuen. Ainhoak azaldu zuen bere bizitzan zehar etengabe «mugak» izan dituztela, horietako asko hezkuntzan. «Nire klaseko pertsona gor bakarra nintzen, eta ikasterako orduan zailtasunak izan nituen», adierazi zuen.

Gaur egun, «kontzientzia pizteko» eta zeinu hizkuntza irakasteko “Zeinu Kaxa” zuzentzen du Gasteizen, beste kide batekin batera. «Askok porrot egingo dugula adierazi digute behin eta berriro, baina lan askoren ondoren, biok bakarrik aurrera ateratzea lortu dugu» nabarmendu zuen Ruiz de Angulok poztasun handiz.

Mariona Miretek ere, bere lanbidearen bitartez, okzitaniera bistaratzea eta erabilera sustatzea bilatzen du. “Miret Traducciones” enpresa sortu zuen duela zortzi urte, instituzio eta enpresa pribatuentzat, itzultzaile moduan. Modu horretan, okzitaniera «eremu administratiboan suspertzea» du helburu Miretek.

Franca Umasoyek, aldiz, Ekpye, hizkuntza irakasteko interneteko bidea sortu du. Umasoye Nigeriako gaztea da eta hizkuntza indigenen defendatzailea eta babeslea. «Unibertsitatera heltzean, ezin nuen inorekin ekpye hitz egin», adierazi zuen. Hortik abiatuta, “Jariakortasunez ekpye hitz egin” aplikazioa eratu zuen jendeak hizkuntza ikasteko.

«Askotan jendeak ekpye moduko hizkuntza gutxituak hitz egitearen lotsa sentitzen du; horregatik, aplikazioaren bitartez ekpye zerbait modernoa eta dibertigarria dela helarazi nahi nuen», azaldu zuen Franca Umasoyek. Modu horretan, jendea bere hizkuntzaz «harro sentitzea» du helburu.

Lerroon gainean, ikasleak Baxoa euskaraz aldarrikatzen.

Instituzioen «mugak»

Instituzioek haien hizkuntza komunitateari jarritako «mugak» azpimarratu nahi izan dituzte hiztunek. Jusuek adierazi du estatuak bermatu behar duela euskararen biziraupena. «Bitartean, guk hori lortzeko borrokatzen jarraituko dugu», azaldu zuen Tuterako gazteak.

Miretek ere jakinarazi zuen okzitaniera biziberritzearen ardura «elkarteen gain jartzen ari dela». Hizkuntza Frantzian zein Katalunian ofiziala izan arren, «jendearen inplikazioa sutsua» dela, eta gaur egun horregatik bizirauten duela okzitanierak.

Bestalde, badira hizkuntza ugari ez dutenak instituzioen «inolako babesik», ez baitira ofizialak. Horren adibide dira, aragoiera, nahuat edo tseltat hizkuntzak. Hizkuntza hauen aktibistek azpimarratu zuten «herritik herrira» lan egiten dutela, desagertzeko zorian dagoen hizkuntza biziberritzeko helburuarekin.

Horretan dabil Hector Martinez, El Salvadorreko gaztea. Berak nahuat hitz egiten du eta momentu honetan «200 pertsona baino gutxiagok» hitz egiten dutela jakinarazi zuen. Horregatik, interneten bidez hizkuntza ez galtzeko proiektu bat abiatu zuen.

Etenik gabeko borroka

Hizkuntza aktibistak etengabe borrokan dabiltza beren hizkuntza biziberritzeko eta, Miretek azaldu zuen moduan, «hoberena eta txarrena ekar ditzake ibilbide honek». «Bizitza sozialerako denborarik ez izateak eta hizkuntzarengatik hainbeste larritzea sarritan osasun mentala kolokan jartzea dakar», azaldu zuen Miretek. Ainhoa Ruiz de Angulok nabarmendu zuen «deskonektatzea» beharrezkoa dela, batzuetan zaila izan arren.

Hala ere, Jusuek abantailak nabarmendu nahi izan zituen. «Niretzat militantzia hazteko erreminta izan da, aktibismoaren bitartez beste burbuilak ezagutzeko aukera izan dut», azaldu du Tuterako gazteak. Umasoyek ere hizkuntza aktibismoak ekarritako «aukerak» nabarmendu zituen. «Oso pozik sentitzen naiz nire jardunarekin» azaldu zuen.

Mariona Miretek, Lleidako gazteak, okzitaniera biziberritzeko “Miret traducciones” erakundea sortu zuen. Jaizki FONTANEDA | FOKU

Sare sozialak, hizkuntza gutxituen «irtenbidea»

Gaur egun sare sozialetan leku bat izateak aukera asko ematen ditu jendearengana iristeko. Hori da, hain zuzen ere, hizkuntza gutxituek behar dutena; ezagutzera ematea, jendearen interesa bereganatzea eta hizkuntza ikastera animatzea. Sare sozialak hizkuntza hauek «modu interaktiboan eta entretenigarriagoan» ezagutzea ahalbidetzen dutela nabarmendu zuten hizlariek.

Horregatik, hain zuzen ere, beste kide batzuekin batera sortu zuen Hector Martinezek “Timumschtikan Nawat” izeneko proiektua. Sare sozialetan «txoko bat» sortu dute nahuat hizkuntzaren hizlariak hedatzeko.

Hizkuntzaren eta bere jatorriaren informazioa hainbat sare sozialetan argitaratzeaz gain, Interneten bidez klaseak eskaintzen dituzte, eta Martinezek jakinarazi zuen 459 pertsona berrik izena eman dutela hizkuntza ikasteko. «Gure hizkuntza ez da Google-n ere azaltzen, horregatik guk zerotik txoko bat sortu genuen nahuat hizkuntza ezagutzera emateko», azaldu zuen.

Horretaz gain, Gabriel Pelhissonek eta Silvia Cebollak garrantzitsutzat jo zuten hizkuntza bera «protagonista ez izatea». Adibidez, Silvia Cebollak Youtubeko kontu bat ireki zuen eta argi zeukan bere edukiaren bitartez aragoiera hedatu nahi zuela. Hori dela eta, errezeta beganoak igotzen hasi zen, aragoieraz. «Modu horretan, tradizioa eta modernitatea lotu nituen, aragoiera beti tradizioarekin lotzen baita», azaldu zuen Cebollak.

Gabriel Pelhinssonek “Parpalhon Blau” Youtubeko kanalean gai ugari jorratzen ditu, beti okzitaniera erabilita. «Askotan dirudi ezinezkoa dela okzitaniera frantsesik gabe erabiltzea, eta nik pentsamendu oker hori ezeztatu nahi nuen», zehaztu zuen Pelhinssonek.

Celfa K´ujulek, Mexikoko gazteak, bere herriaren eta hizkuntzaren estereotipoekin apurtzeko tseltat hizkuntzaz idatzitako aldizkaria sortu zuen. “Sme Kop” aldizkari digitalak, tseltat hizkuntzan edukiak argitaratzeaz gain, ohiko komunikabideek indigenen eta mexikarren inguruan dituzten «estereotipoak apurtzea» helburu zuela nabarmendu zuen. Aldizkarian bertako hainbat artista sortu berrik parte hartzen dutela azaldu zuen.

«Sareek gerturatzen gaituzte», azpimarratu zuen Hector Martinezek. El Salvadorreko gaztea «harrituta» geratu zen proiektua abiaraztean jendearengandik jasotako laguntzarekin. Horretaz gain, Martinezek sare sozialek «urrutira iristeko» duten gaitasuna nabarmendu zuen. Aurrera egiteko sare sozialak ezinbesteko erreminta direla nabarmendu zuen. «Hizkuntzak bizirauteko, ezinbestekoa da moldatzea eta modernizatzea, eta sareek hori ahalbidetzen dute», azpimarratu zuen El Salvadorreko gazteak.

Pelhinssonek sareek ematen duten «independentzia» nabarmendu zuen. «Sareetan bultzatutako proiektuen bitartez, ez gaude estatuaren mende», azaldu zuen.

Gainera, Silvia Cebollaren arabera, hizkuntza sareetan erabiltzean, «eremu pribatutik eremu publikora» eramaten da, azken finean, edonork ikusteko aukera ahalbidetzen baitute.

Hizkuntza aktibismoarekin, hizlariek azaldu zuten jendea bere borrokaren alde jartzea bilatzen zutela, eta aktibismo digitalaren bitartez «era errazagoan» lortzen dutela helburu hori.

Hector Martinez, “Timumschitkan Nawat” proiektuaren sortzailea. Jaizki FONTANEDA | FOKU

Celfa K´ujulek azaldu zuen aldizkari digitalarekin «jendearen pentsamendua aldatzea» bilatzen zuela. «Tseltal hitz egiteagatik asko deseroso sentitzen dira, ez dira harro sentitzen beren hizkuntzaz, horrek desberdin egiten baititu», esan zuen K´ujulek. Hori dela eta, sareetan azaltzeak hizkuntza «normalizatzea» dakarrela esan zuen Mexikoko gazteak. Hala ere, sareetan aktibismo digitala gauzatzeak «erronka handia» suposatzen duela nabarmendu zuten hiztunek. «Arazo nagusia denbora da», adierazi zuen Cebollak. Hizlariek bestelako lanak dituztenez, sareei behar duten denbora eskaintzea ez da erraza izaten. «Gainera, etengabe pentsatzen eta berritzen» ibiltzeko beharra azpimarratu zuen Silvia Cebollak. «Askotan ez gara jabetzen bost minutuko bideo bat egiteak egun osoan lan egitea suposatzen duela», azaldu zuen Pelhinsonnek. Martinezek ere sareetan egoteak «ahalegin handia» suposatzen duela esan zuen.

Hala ere, egindako lanak «merezi duela» adierazi zuten hizlariek. «Sareen bitartez nire hizkuntza ezagutaraztea, deigarria eta modernoa izatea eta gizartean garrantzia izatea lortu dut», adierazi zuen Cebollak.

Hizlari guztiak ados zeuden sare sozialak haien hizkuntzak aurrera egiteko «beharrezko espazioa» direla esatean. Horretaz gain, Hector Martinezek edukiak gordetzeko aukera izateari garrantzi handia eman zion. «Gure lana dohainik gordetzeko aukera dugu, eta hori hain hiztun gutxi dituen hizkuntzarentzat berebizikoa da» azaldu zuen. «Topaketa hauetan ezagutu ditudan pertsona eta proiektuen bidez, munduko hizkuntza aniztasunaz jabetu naiz, eta hori helarazten jarraitu behar dugu», amaitu zuen K´ujulek.