Urdaibai gailendu da Bermeoko Ikurrinean eta Eusko Label Liga bederatzigarrenez irabazi du

Etxeko estropada irabazita, –2016tik ez zuten lortzen– Urdaibaik bigarrenez jarraian irabazi du liga eta Kontxa. Donostiarrak egin du bigarren, eta Zierbenak hirugarren. Biharko Portugaleteko estropadan erabakiko da ligako bigarren postua nork eskuratzen duen: Hondarribiak edo Zierbenak.

Gorka Aranberri Bermeoko Ikurrineko garaipena gogotik ospatzen.
Gorka Aranberri Bermeoko Ikurrineko garaipena gogotik ospatzen. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Urdaibaik amaiera ederra eman dio ligari: zazpi urteren ondoren Bermeoko Ikurrina astinduta, eta Eusko Label Liga bederatzigarrenez irabazita –2004, 2007, 2008, 2010, 2016, 2017, 2018, 2022, 2023–. Horrez gain, urte berean liga eta Kontxako Bandera irabazten duen laugarren aldia da –2010, 2016, 2022, 2023–.

Biharko Portugaleteko azken estropadaren faltan lortu dute koroa Iker Zabalaren arraunlariek. Ligan jokatu diren hemezortzi estropadetatik 11 irabazi dituzte bermeotarrek, eta hamar bandera astindu.

Indartsuenak direla erakutsi dute behin eta berriz, eta estropada gogoangarriak egin: Zarauzko Ikurrineko bi jardunaldietakoak, kasurako. Baina, irabazi ez dutenean ere, erregularrak izan dira. Nork ez du gogoan Santurtziko estropada? Urdaibai hamargarren zihoan eta estropadako bigarren erdialdean bederatzi traineruren denborak hobetzen joan zen, bigarren egiteraino.

«Urtea labur egiten da horrelako kasuetan», adierazi du Iker Zabala Bermeoko prestatzaileak ETBko kameren aurrean estropa amaitu berritan. Eta ez da gutxiagorako. Gorka Aranberri patroia ere pozez zoratzen zegoen. «Aste oso ona egin» dutela nabarmendu du, eta aste bukaeran, saria iritsi da.

Ederki ospatuko dute Bermeoko Ikurrina eta Eusko Label Ligako garaikurra Urdaibaiko arraunlariek. Izan ere, gaur festa eguna da Bermeon.

Zierbena eta Hondarribia, bigarren postua nork lortuko

Honela atera dira ohorezko txandako traineruak: Donostiarra lehen kaletik, Zierbena bigarrenetik, Urdaibai hirugarrenetik, eta Hondarribia laugarrenetik. 'Ama Guadalupekoak' ez du zorte handirik izan kalearekin, eta lehen ziaboga pasatu orduko, banderaren lehaitik kanpo geratu da.

Donostiarrak indartsu hasi du estropada, eta aurretik jarri du branka. Zierbena eta Urdaibai zituen segika, ‘Galipoak’ zertxobait atzerago. Bigarren luzean ‘Bou Bizkaia’ eta ‘Torrekua II’ parez pare joan dira, estropada burua nork hartuko. Mokoka jardun dira hirugarren birara arte. Orduan hasi da Aranberri patroiak gidatutako ontziaren indar erakustaldia, laugarren luzean, poparean.

Traineru guztiak istribor aldera mugitu dira nabarmen, Donostiarraren lehen kale aldera. Urdaibai aurrea hartzen joan da, eta Donostiarra atzean geratzen. ‘Galipoak’ Urdaibairen uberan jarri dira, baita Hondarribia ere. Eta denbora kentzen hasi dira Donostiako traineruari. Bukaeran, Zierbenak kasik Donostiarra aurreratu du, baina azkenerako, hirugarren egin dute. Urdaibairekiko, Donostiarra bost segundora iritsi da, eta Zierbena, seira.

Hondarribia behin atzean geratuta, erlojupeko lana egitea besterik ez zuen. Oriok lehen txandatik egin duen denbora hobetzeko. Ez dute lortu hori egiterik, eta sailkapen nagusian, Zierbenak puntu batera murriztu du aldea. Bihar erabakiko da bigarren postua nork eskuratzen duen. Puntuetan berdinketa badago, Zierbena izango da txapeldunorde, bandera bat gehiago astindu duelako.

Lehen txandan, Orio izan da trainerurik azkarrena, eta denboraldia maila onean bukatu du. Getaria izan da bigarren, Cabo hirugarren eta Lekittarra laugarren.

Bermeoko Ikurrina

1. Urdaibai 19:31.18
2. Donostiarra 19:36.26
3. Zierbena 19:37.20
4. Orio 19:44.76
5. Hondarribia 19:50.10
6. Getaria 19:57.40
7. Cabo 20:03.82
8. Lekittarra 20:23.36

Eusko Label Liga sailkapen nagusia

1. Urdaibai 194 puntu
2. Hondarribia 181
3. Zierbena 180
4. Donostiarra 154
5. Orio 139
6. Getaria 111
7. Cabo 109
8. Lekittarra 97