NAIZ
Arbizu

Zetak-ek Arbizuko herritarrak plazan bildu eta hiru kanta berri eskaini zizkien esklusiban

Whatsapp mezu baten bidez herrikideak Arbizuko plazan bildu zituen igande honetan Pello Reparazek, esklusiban Zetak taldearen hiru kanta berri entzuteko aukera emanez.

Pello Reparaz, Zetakek Bilboko Aste Nagusian eskainitako kontzertuan.
Pello Reparaz, Zetakek Bilboko Aste Nagusian eskainitako kontzertuan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Aatsaldion! Iyendiontan Arbizun ZETAK-en hiru kanta berri aaitzia nehi ttubenak, agertu daallela 20:30 ten plazan. Besarkadaat!». Whatsapp mezu honek hegan egin zuen iragan asteburuan Arbizuko sakelekoetan eta igandean, 20:30ean, plaza jendez lepo agertu zen. Asteburuan taldea Bartzelonan ibili ostean, etxera itzuli zen.

Zetak taldea disko berri batean lanean ari da eta ekoiztutako hiru kanta berriak esklusiban entzuteko aukera izan zuten Pello Reparazen herrikideek. Eta ez nolanahi. Kaskoak jarrita, silent session modukoan, haur, gazte eta helduak batu ziren.

Erantzuna ez zuten tamaina horretakoa espero taldekideek eta bi pase egin behar izan zituzten, ez zegoen-eta denontzako kasko askirik. «Lehen ondorioa Arbizun Whatsapp-ak izugarrizko boterea duela da», adierazi zuen Reparazek.

Lan berri horien artean herriko gazte batek Basajaunekin duen elkarrizketa aurkitu daiteke. Hori da, momentuz, dakigun apurra.

«Esperientzia brutala eta berezia izan da», dio herritar batek. Kaskoena «berezia» izan dela ere nabarmendu zuen beste batek, baita «hausnartzeko aukera» ere eskaini zuela. «Zoragarria», definitzen du hirugarren batek.

«Gure kulturari, gu garenari, izan ginenari eta izango garenari keinu polit bat» ere izan zela aipatu zuten herritarrek, behin ikuskizuna amaituta. Izan ere dantzan jarri zituen herrikideak. «Seinale sentitu dudana polita izan dela».