Zuriñe Iglesias - Ane Urkiri
Entrevista
Nadeth Agirre
Orioko patroi ohia

«Negua gogorra egin zait, eta pixka bat buruan nuen laster izango zela bukaera»

Oriok trainerua uretaratu zuenetik, berak gobernatu du ontzia, eta hamalau urtez arraun luzeari eutsi ostean, Nadeth Agirrek (Orio, 1993) «hau da azkena» esan du. Orioko historian bandera gehien irabazi dituen lemazaina da.

Audio_placeholder

«Negua gogorra egin zait, eta pixka bat buruan nuen laster izango zela bukaera»

Loading player...
Nadeth Agirre, Orioko patroia.
Nadeth Agirre, Orioko patroia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Denboraldia «gogorra» egin zaiola aitortu du Nadeth Agirrek (Orio, 1993), bereziki negua. Uda iritsi, eta «estropada eremu bakoitzari, bandera bakoitzari, agur» esan dio patroiak. Aro bat markatu du Orion; bere etxeko traineruko aurpegia izan da, erreferente bat. Elkarrizketetarako beti izan duen prestutasunarekin gerturatu da NAIZ Irratira. Zenbait momentutan ezin izan dio malkoari eutsi. Urte asko baitira arraunari emanak.

Orain hasi ohi dira deiak hurrengo sasoiari begira. Zuretzat bestelakoa izango zen.

Bai, gainera erabakia hartu nuenean deiak ez ziren egon, ez ziren saiatu konbentzitzen. Argi ikusi zuten erabakia hartuta zegoela eta horrekin aurrera egingo nuela.

Jasoko zenituen taldekide ohien, aurkarien eta lagunen mezuak, ezta?

Bai, egia da aurretik esan niela lagunei eta etxekoei, eta taldekide batzuek ere bazekiten. Argi utzi nien emoziozko mezuak eta horrelakoak igandean [Kontxako bigarren jardunaldian] ez bidaltzeko. Igandea pasa behar nuen negarrik egin gabe. Gertukoek ostiraletik eta larunbatetik mezuak-eta bidali zizkidaten, eta esaten nien: «Igandean festa, denak barrez», baina ez zen hala izan.

Zer izan da zure barruan esan dizuna: «Kito, honaino iritsi gara».

Negua gogorra egin zait, eta pixka bat buruan nuen laster izango zela bukaera. Ikusita nolako negua pasatu nuen, eta uda iritsi eta estropadak hasi zirenean, sentitzen nuen ez nintzela ari beste urteetan bezainbeste disfrutatzen. Ez nengoen hain motibatuta, eta saiatu nintzen estropadetara gogoarekin joaten eta estropada eremu bakoitzari, bandera bakoitzari, agur esaten. Momentu oro hori nuen buruan, baina Zarauzko estropadan, gehien bat igandeko estropada eta gero, baita lehenago ere, esaten nion neure buruari: «Hau da azkena». Hor konturatu nintzen azkena zela.

Negua izan da denboraldiko unerik gogorrena?

Bai, azkenean ordu gehienak hor pasatzen dira uretan, bai fisikoa lantzeko, bai teknika fintzeko. Hor gorabeherak izan ditugu, bai lesioengatik, baita jende kopuruarengatik ere. Asko ginen eta, uretan ondo ibiltzen ginen arren, ikusita aurkariak ere gogorrak izango zirela, agian une horretan gehiago fintzea eskatzen zuen.  Hori dena ere ez dago nire esku, ahal nuen guztia egiten nuen, baina gero faktore desberdinak daude eta alde horretatik ez dut asko disfrutatu.

Denboraldia nola joan den ikusita, neguan zure sentsazioa zen agian ez zela izango zuen urtea?

Bai, hori uste dut neguko jaitsieretan ere ikusi genuela. Oso gorabeheratsuak izan gara. Eta bai, irabazten genuen, eta horrek pixka bat alaitzen zuen gure jarduna, baina gero berriro porrota etortzen zen. Nahiko denboraldi gazi-gozoa izan da. Pixka bat ezkutatua ere bai, ez delako izan lehenengoa irabazi, eta gero denak bigarren edo hirugarren. Baizik eta izan da egun batean aurrenak, beste batean hirugarrenak... Eta horrek pixka bat samurtzen du denboraldia.

«Aurten beste traineruen maila ere igo egin da. Horrek eragin du besteen itzala-edo izatean»

Garaipenek ezkutatu dute ez zaretela hain ondo ibili?

Denboraldia ahalik eta ondoen osatu dugu. Gainera, beste urteetako errekorrak hautsi dira, eta ez du bakarrik lehenengo traineruak hautsi. Guk estropada batean hirugarren egin arren, guk ere errekorra hautsi genuen. Horrek esan nahi du maila dagoela eta beste urteetatik gorakada bat egon dela. Iaz denboraldi ona izan zen, eta garaipenak lortu genituen, eta aurten beste traineruen maila ere igo egin da. Horrek eragin du besteen itzala-edo izatean. Bestela esango nuke denboraldi ona egin dugula, baina uste dut dut zerbait falta izan zaigula.

Arraunketa hobea agian? Iaz aipatu zenuen arraunketaz disfrutatu zenutela, 2020an ez bezala.

Arraunketan aurten ez dugu gehiegi asmatu. Ez zaigu atera entrenamenduetakoa. Hala ere, gertatzen da estropada bat irabazten duzunean ez dela arraunketa ateratzen, eta agian beste batean hirugarren egiten duzula eta ateratzen dela. Irabazteak ez du esan nahi arraunketa ona hartu dugunik. Hor hutsune batzuk sumatu ditugu, eta egia da ez zaigula nahi bezala atera.

Lehiakortasun handia izan duzue. Elkarri estututa hobeak egin zarete?

Bai, uste dut baietz. Gainera, lehen aldia izan da hainbeste ontzi egon garena banderaren lehian. Beste urteetan lehen bi sailkatuak geunden lehia horretan, eta hirugarrena beti hamar-hogei segundora, eta laugarrena zer esanik ez. Aurten ez da horrela izan, eta uste dut horrek ere pixka bat zaildu duela denon lana eta banderak irabazteko aukera.

Akatsak ere garesti ordaindu dira. Zaleentzat, aldiz, ikusgarriagoa izan da. Zuk ere hala uste duzu?

Bai, eta beste urteren batean baldintzengatik edo kale txar bat egokitzeagatik, agian bigarren edo hirugarren egiten zenuen, txarrenean jarrita. Eta aurten kale txar bat tokatuz gero, kondenatuta zeunden. «Ea nola ateratzen garen hemendik». Irabazteko aukera gutxiagorekin, eta tartean traineru bat edo bi sartzeko arriskuarekin. Uste dut aurten kaleetan ez dugula zorte onik eduki. Hala ere, estropada batera joaten ginen eta kale bat edo beste tokatuta ere, «aurrera» esaten genuen.

Nadeth Agirre NAIZ Irratian egin zitzaion elkarrizketan, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zortzi ontzi aurrenekoz. Esan izan duzu zalantzak zenituela harrobiari begira. Zalantza horrekin jarraitzen duzu?

Bai, uste dut zortzi ontzi sartu zituztela pixka bat «con calzador». Bi txanda oso politak izan dira eta hori dena, baina ni hamalau urtez egon naiz traineruan, eta urtetik urtera ikusi dut zenbat kostatzen den trainerua ateratzea. Are gehiago, traineru bat kolokan dagoenean edo emaitzak ez direnean ateratzen. Punta-puntan dagoen traineru bati uste dut errazagoa egiten zaiola, jendearen erakargarritasuna pizten duelako, eta arraunlari txukun bat ekartzeko aukera gehiago duelako. Bestela, iruditzen zait oinarria finkatu gabe dagoela.

Orion ume asko ibiltzen dira arraunean, baina gero trainerura salto egiteko hutsune handi bat dago, eta hori Orion gertatzen bada, ez dut imajinatu nahi beste talde batzuetan, harrobia lantzen ez duten edo hainbeste ume ez dituzten taldeetan. Horiek uste dut oso zaila dutela. Horregatik esaten dut zortzi ontziena sartu dutela hala moduz, eta kontuan hartu behar direla gauza horiek guztiak.

Ez dut sartu nahi mutilen lanarekin, azkenean beraiek aurretik daude, urte gehiago doaz... Baina norbait jarri al da pentsatzen ea norbaitek ikusten duen estropada hasieratik bukaeraraino? Edo zergatik egiten dituzten beraiek lau eta guk bi, eta zergatik ez denak lau edo denak bi? Uste dut gauza gehiago jarri behar direla mahai gainean. Buelta bat eman behar zaio, eta pentsatu nola izango den jendearentzat ikusgarriagoa. Azkenean horrek saltzen du, eta horrek erakartzen du jendea.

Arraunlariekin ez dituzte kontsultatu erabaki horiek?

Erabaki hori guri ez zaigu kontsultatzen, horrela erabakitzen da. Baina ez da beste ezer zalantzan jartzen. Berdintasunaren bila joaten dira, eta agian berdintasuna hor ez dago. Beste gauza batzuk ez dira mahai gainean jartzen eta horri buelta bat eman behar zaio. Eta begiratu behar dena da, ez neskak edo mutilak diren, baizik eta, zer den erakartzen duena kirol honetan. Zerk erakarriko du gehiago: nesken zortzi traineru jartzeak? Ez, hori da jarriko ditugu zortzi, eta ea isiltzen diren hauek.

Arraunlarien iritzi orokorra ez zen zortzi ontzien aldekoa? Edo desadostasunak zeuden?

Uste dut iritzi desberdinak daudela. Gehien bat hori pentsatzen dugu behetik gora gatozenok, edo bide hori egin dugunok. Azkenean ikusi dugu urteetan zenbat kostatzen den traineru bat ateratzea. Eta ez dela berdina senior mailako bigarren urtean egotea, arraunlari txukuna izatea eta esatea: «Nora nahi dut joan?». Askotan horrelako jendeak agian zortzi traineru egotearen aldeko iritzia du. Eta nik ere ulertzen dut urteetan gora salto egiteko borrokan daudenak, eta inoiz ez direnak igotzen, horiek hori esatea. 

Hala ere, uste dut perspektibarekin begiratu behar dela eta kontuan hartu hau: «Traineru honekin daramatzat ez dakit zenbat urte igotzeko borrokan, eta urteren batean igoko naiz eta hor egongo. Baina gero trainerua mantenduko al dut uretan? Jarraipen bat al dago atzetik?». Erraza da esatea aurten ontzia aterako dugula, baina maila ematea eta jarraipena ematea uste dut zailagoa dela. Kontuan izanda atzetik ez dagoela horrenbesteko jarraipenik.

«Zerk erakarriko du gehiago: nesken zortzi traineru jartzeak? Ez, hori da jarriko ditugu zortzi, eta ea isiltzen diren hauek»

Kontxakoa izan zen zure azken estropada. Bandera astintzea izan zitekeen agurrerako eszenatoki perfektua?

Ideala litzateke, baina egia da Kontxa baino lehenago ere aukerak genituenean esaten nuela: «Begira, pasa dadila pasatu behar duena. Irabazten badugu ondo, zoragarri, eta ez badugu irabazten, aurretik lortu ditut». Ez nengoen egoera honetan: aurten irabazi edo ez dut inoiz irabaziko. Lasai nengoen, eta ez dut esango ez zitzaidala inporta, baina buelta gehiegi eman gabe.

Bigarren jardunaldirako posible ikusten zenuen aurkariak gainditzea? Zaila zenuten...

Zaila izan arren, beti duzu esperantza. Pentsatu nahi duzu edo zure buruan pelikula hori egiten duzu, aurrenak joango garela, hemen gauza hau egingo dugula... Baina egia da itsasoa bare-bare egonda, eta ez daudenean olatu handiak, pixka bat errealista izan behar dela. Baina gero ez diozu hori helarazten traineruari. Esaten duzu txanda irabaztera joan behar garela eta, zure burua konbentzitu nahian, posible dela. Uretara denok horrela atera ginen. Baina beti hankak lurrean, eta kontuan izanda Kontxako estropada ez dela beste urteetan bezalakoa izan, batek huts egiten zuenean ez geunden gu; ez, aurten batek huts egiten bazuen, gure aurretik beste bi ontzi zeuden.

«Beti gogor, exijente, guztion erreferente. Arraunlarion eredu eta gidari». Kontxa amaitu ostean, taldekideek kantatu zizuten bertsoaren zati bat da. Hala sentitu zara?

Hasieratik egon naiz Orion, eta gure erreferenteak beti izan dira mutilak. Kontxa irabazten zutenean guk beti behetik ikusten genituen, edo arrapalatik. Baita entrenamenduetan ere. Orduan pentsatzen genuen ea guk egunen batean irabaziko ote genuen. Eta orain ikustea irabazi dugula eta behetik datozen gazteek, harrobikoek, ikustea badutela nori begiratu, nor eduki erreferentetzat, uste dut ona dela.

Palmaresean dituzun lorpenetatik harago, gustura geratu zara egindakoarekin?

Lasai nago eta aseta sentitzen naiz. Denetatik irabazi dut. Zumaiako San Telmoko trainerilletako estropada falta zait [barrez]. Beti joaten ginen eta han ere beti kale txarra tokatzen zitzaigun edo beti azpikeriak izaten ziren. Hori falta zait, eta horrekin geratu beharko dut.

Nadeth Agirre aurtengo Orioko estropadako bandera astintzen, taldekideen aurrean. (Jon URBE | FOKU)

Zu izan zara beti Orioko aurpegia. Horrek zer du onetik eta zer txarretik?

Onetik esan dezaket Oriorekin lotuko nauten pertsona bat izango naizela, eta historia idatzi dugula. Nirekin egon diren arraunlariek ere irabazi arren, beti patroia izaten da aurrean markatuta doana. Txarretik esango nuke estropada batean edo une batean zerbait gaizki egin badut, nire izenarekin geldituko direla. Kontxako sailkapen estropadan sekulako keinua egin nuen, ontzia joan zitzaidan, eta talde bat izan arren, ikusten da hori nire lana dela. Nik badakit denon lana dela, baina jendeak kanpotik ikusten duena da «begira Nadethek zer egin duen».

Akatsei buelta asko ematekoa zara?

Egia esan aspaldi ez nintzen gogoratzen Kontxako sailkapen estropadako keinuaz, oraintxe gogoratu dut. Agian momentuan buelta batzuk ematen dizkiot, eta estropada ikusten dut. Baina saiatzen naiz beti perspektibarekin hartzen eta lasai egoten. Nire akatsa agian erraz ikusten da: ziaboga txar bat edo keinu bat. Eta arraunlariak egiten duen trabu bat edo arrauna labana baten moduan sartzea agian ez da hainbeste igartzen.

Orioko ontziak izan duen hazkundea bizi duzu. Nolakoa izan da?

Hasierako urteetan, ni ere gaztea nintzen, eta pixka bat txoro gurpil horretan, gustura geunden. Lagunak elkartzen ginen, eta gainera hasierako urteetan gurasoak ziren batzuk eta gazteak beste batzuk, eta beti genuen giro ona. Gero, urtetik urtera gu ere heldu egiten joan gara eta gure lana fintzen. Uste dut jendearen errespetua eta Orion emakumeen traineruaren ikuspegia aldatzen joan garela. Eta hori ez da erraza izaten.

Orion ohituta gaude mutilena bizitzen, eta gu beti bigarren plano batean egon gara. Horrek batzuetan zaildu du gauzak egitea zerbait lortzeko. Guk beti esfortzu bikoitza egin edo demostratu behar izan dugu. Urtetik urtera ibili gara «orain utziko dute ez dakit zenbatek, orain ea zein hasten den, berriro ere zerotik», eta horrela urte pila bat. Horrek nekatu egiten du, baina gero pentsatzen nuen horrelako talde batek inoiz irabaziko zuela zerbait. Hamargarren urtea iritsi zen eta irabazi genituen liga eta Kontxa. Hortik aurrera, urtetik urtera  eskailerak igotzea izan da. Azkenengo urteetan beti hor goran egon garen talde bat izan gara, eta ea horrela mantentzen den urte askoan.

«Orion ume asko ibiltzen dira arraunean, baina gero trainerura salto egiteko hutsune handi bat dago»

2019ko garaipen horiek mugarri izan ziren errespetatuak izateko?

Bai, liga irabazi genuenean, urte hori ere Oriorentzat historikoa izan zen, neskak, mutilak, eta beheko mutilen taldeak liga irabazi genuelako. Orduan astero zen banderaren bat, ospakizunen bat, eta gero Kontxan guk bakarrik irabazi genuen, eta hor jada bai uste dut ate bat ireki zitzaigula. Mutilek urte berean irabazi izango balute, pixka bat itzalean bezala geldituko ginen. Hurrengo urteetan ondo ireki dizkigute ateak, eta jendeak ere ikuspegia aldatu du. Urte hauetan guztietan aldaketa handi bat ikusi dut.

Urteak pasatu ahala errekonozimendua jaso duzue baliabideen aldetik?

Bai, hasieran, eta ulergarria ere bada, beti mutilek apalean zuten traineru bat gurera egokitzen genuen, soberan zeuden arraunak guretzat... Mutilek gure arraunak behar zituztela? Tori eta guk beste batzuk hartuko ditugu. Hasierako urteetan hori zen gertatu zena, eta gero urtetik urtera guk ere demostratu dugu, eta iruditzen zait demostratu ere egin behar dela. Askotan eskatzen dugu, baina goazen gu ere gure lana egitera, gu ere demostratzera entrenatu egiten dugula, maila emateko gaitasuna badugula. Eta horrela pixka bat gauzak aldatzen joan dira, eta eskatu izan dena edo gauza berriak lortu izan ditugu. Eta hori bada salto bat.

Ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara entrenatzaile moduan?

Ez, ez, entrenatzaile ez. Azkenean neska talde bat elkartzen garenean, egia da taldea eramateko erraza dela. Funtzionalak gara, hau egin behar dugula? Azkar antolatzen gara. Baina gero bakoitza dator bere etxetik. Eta entrenatzaileak gauza asko jakin behar ditu, neurrien aldetik-eta, ez bakarrik talde bat eramaten.

Eta presidente?

Ezta ere [barrez]. Hori fardel handiagoa iruditzen zait.

Orain arte zu egon zara Orioko popan. Lekukoa hartuko duena herrikoren bat izatea gustatuko litzaizuke?

Edonor atera daiteke patroi, baina balio egin behar du. Ez da bakarrik pisu gutxi duzula, ibili zarela eta edozein jartzen dela. Hor gauza asko hartu behar dira kontuan, eta egia esan ez dakit norekin jarri diren kontaktuan, ez dut inorekin hitz egin. Orduan, ez dakit, baina garrantzitsua dela iruditzen zait dakien norbait ekartzea, eta gero etxekoren bat formatzea aurrera begira, ikasteko. Baina ikasteko bide hori, egia esan, oro har egungo gazte jendeari ez zaio asko gustatzen.

«Orion emakumeen traineruaren ikuspegia aldatzen joan gara. Eta hori ez da erraza izaten»

Pazientzia ere behar da, ezta?

Ni ezer jakin gabe hasi nintzen, eta nire bidea egin dut ikasiz. Urte batzuetan izan dut norbait, baina beti ikasten eta ikasten joan naiz, inor alboan eduki gabe. Orain, ni uztera noanean, herrikoren bat egon da gurekin, baina nire itzalean egotea ezin da erraza izan. Badakielako entrenamenduetan agian aterako dela, baina gero estropadetan ez, eta esperientzia ere estropadek ematen dute. Baina zerbait egin nahi bada, eta irabazi egin nahi bada, ezin dira hola eta hola aukerak eman.

Patroia da aurpegia ematen duena, taldearen erreferentea dena, eta taldeari segurtasuna ematen dion pertsona bat izan behar du. Talde batek ateratzen badu patroi bat hasi berria dena, estropada zail batean, agian ez dio hainbesteko segurtasuna ematen. Itzalean egoteko bide horrek egon behar du, eta pazientzia eduki behar dela iruditzen zait zerbait lortu nahi bada.

Nola ikusten duzu Orio hurrengo urtera begira? Guk dakigula jada gutxienez bi arraunlarik ez dute taldean segituko.

Beste pare batek ere utziko dute, baina entrenatzailea eta prestatzailea taldea osatzeko lanean dabiltza, eta osatuko dute trainerua. Pixka bat deskonektatu egin dut, eta ez dut inorekin hitz egin. Normalean, momentu hau izaten da jendeak zalantzak izaten dituena. Orduan, jende horri pixka bat bakean utzi behar zaio. Oraintxe bertan ez dakit nola dauden gauzak.