Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Garrasi bat Gernikatik Palestinara, minen memoriatik egungo genozidiora: ez dugu onartuko

Zorigaiztoko antzekotasunek, bonbardaketek eragindako pairamenek, elkartzen dituzte Gernika eta Palestina. Ostiral honetan, elkartasuna ere konpartitu dute Bizkaiko udalerritik, mosaiko erraldoi batekin. Gernikan haritzak bezala, Palestinan olibondoak zutik iraun dezan.

Milaka pertsonen artean mosaiko erraldoi bat osatu dute Gernikako Pasealekuan.
Milaka pertsonen artean mosaiko erraldoi bat osatu dute Gernikako Pasealekuan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ez zen erronka makala, baina ostiral eguerdi honetan Gernikara batu den jende-saldo itzelak aise gainditu ditu espektatibak. Gernika-Palestina ekimen herritarrak deituta, milaka pertsonak mosaiko erraldoia osatu dute lehen Azoka Plaza zen horretan, 1937ko apirilaren 26an nazi eta faxisten bonbek setiatu zuten lekuan, egun Israel Gazaren kontra egiten ari den modu berean. Garrasi bateratua ozendu dute sarraski sionistaren kontra: ez dugu onartuko.

Dena prest zegoen 12.00ak iristerako. Pasealeku plazan, txukun, plastiko poltsetan sartutako pontxo beltz, zuri eta berdeak lur bustian paratuta. Mezu bi eskaileretan: ‘Sos Gaza’ eta ‘Palestinarekin elkartasuna. Konponbide politikoa orain!’. Olana handi bat kiribilduta, sekretua artean ere gordetzen. Antolatzaileak herritarrei erreguka, txandaka eta taldean lekua har zezaten eskatzen. Banakako hiru mila fitxak puzzlea osatu dute, eta ehunka pertsona gelditu da kanpoan, bandera palestinarrak erakusten.

Jantzi dituzte pontxoak, herritar talde batek tira egin dio olanari, eta haizatu, gordeta zuen ‘Gernika’ koadroko alde ilun bat munduari erakutsiz. Pontxoen kapak ere altxatu dituzte eta Palestinaren bandera erraldoi bat erakutsi du Gernikak. Bost minutuz eutsi diote denek eskuak gora, bozgoragailuetatik aditzen zen Mikel Laboaren musikak suminduta. Eta bonbardaketez ohartarazten duen sirenak sorgortu ditu guztiak. Pilar Ormaetxeberriak eta Mahmoud Elhousaryk aktibatu dute soinu beldurgarria. Gernikako bonbardaketaren testigu izan zen lehena, 95 urte ditu orain, eta Gazako herritarra da Elhousary.

Haritza bezala, olibondoa zutik

Ikrame Benzyane eta Saba Alhussain palestinarren poemekin batekin hasi dute mosaikoa osatu osteko ekitaldia, euskaraz eta arabez. Bonbardaketen erdian eutsi ezin zaion pazientziaren inguruan aritu dira, hildakoen zenbaketaren ingiruan, nola egin duten ehunkatik milakoetara salto. Eta igo dira Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, kantatzera oihukatu behar dena: «Hitzak agortzen baldin badira/ egin dezagun garrasi».

‘Palestina askatu’ eta ‘Boikot Israel’ ozendu dute herritarrek Gernikako Pasabidean jarritako eszenatokira jendea igo eta jaitsi denero. Eñaut Elorrietak eta Ihsan O.S eta Ikrame Benzyane abeslari palestinarrek ‘Gernikan, Gazan’ berria abestu dute, hemen zein han hil direnen izen-abizenak agertuz.

Mohammed Kmail eta Fatima Aspiritou palestinarrek, Jon Maia bertsolariak eta Itziar Ituño aktoreak zabaldu dute Gernika-Palestina erakundearen mezua mundura, euskaraz, gazteleraz, arabez eta ingelesez. «Gernikatik, historiako lehen bonbardaketa zibil indiskriminatua jasan duen herri, gizadiaren, zoritxarreko zilegitasunetik. Gernikatik, gure hildakoen zaurien eta suntsipenaren memoria historikoaren talaiatik. Gernikatik Palestinari. Gernikatik munduari, esan nahi diogu: hemen pairatutako bonbardaketa hartatik gaur egunera arte gizartearen historian bizitako guztiak bizi eta gero, munduak eta historiak ezin dutela herri baten suntsiketa bakar bat gehiago onartu. Munduak eta historiak ezin dutela Palestinan gertatzen ari dena onartu. Munduak eta historiak ezin dutela Gernika berri bat onartu», adierazi du Ituñok.

Mosaikoa desegin ostean egin duten ekitaldian ordezkari euskaldunak zein palestinarrak izan dira. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Mosaikoa desegin ostean egin duten ekitaldian ordezkari euskaldunak zein palestinarrak izan dira. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

«Palestinako herritarrak, entzungo al duzue Gernikatik gure ahotsa? –gaineratu du, eztarrian korapiloa zuela– Zuen hildakoak gure hildakoak dira. Zuen etxe birrinduak, gure etxeak dira. Zuen lur okupatua gure lurra da. Zuen haurrak gureak ere badira».

Bertsolaria ere palestinarrei zuzendu zatzaie, esperantza izpi bat zabaltzeko asmotan. Zeren, Gernikan, 1937ko apirilaren 26an utzitako «triskantza eta sarraskiaren» ondoren, «herri honetan arbola batek zutik iraun zuen», nabarmendu du: «Eta ehunka hildako haiek zeutzan lur berean jolasten dira orain gure haurrak, bonbardaketen biktima haiek mintzo ziren hizkuntza berean. Eta hala desio dugu gerta dadin Palestinako lur okupatuan ere: Gernikan haritza bezala, Palestinan olibondoa zutik, herrien eskubideen, askatasunen eta bakearen ikur».

Bederen, eten bat

Mohamed Farajallah igo da ostean oholtzara eta bere senide eta lagunei eskatu die talaiara igotzeko. Izan ere, bere bizipenak kontatu ditu, baina gainontzeko palestinarrenak ere badirela ohartarazi du. Kontatu du Gazan irauten duenaren egoteari ezin zaiola bizitza deitu. Gogoratu du genozidio israeldarraren historia ez dela urriaren 7an hasi. «Zenbat urriaren 7 bizi izan ditugu? Ehunka!», agertu du.

Haur zeneko oroitzapenak kontatu ditu. Behin, lehengusuekin aiton-amonen etxera bidean zela, etxeratze-agindua ezarri zuten kolono israeldarrek. «Etxeratze-agindua han ez da konfinamenduan bezala; kalean bazaude, tiro egiten dizute», zehaztu du. Harrapatu zituztten okupatzaileek, eta «nola disfrutatzen duten», salatu du. «Esan ziguten alde egin genezakeela, eta buelta eman genuenean, bonba bat jaurti ziguten. Eztanda egin zuenean, konturatu ginen soinu-bonba bat zela», gogoratu du. Barre egin zutela kontatu du, zeren, momendu horretan, bizitzara bueltatu ziren.

Kontatu du Gazan diren palestinarrak ur falta ari direla pairatzen, baita gosea ere. Baina eskatzen dutena ez dela ura, ez dela jana. «Eskatzen dutena da sarraski honekin bukatzea, justizia», azpimarratu du.

Eta eten bat. «Munduari eten bat eskatzen diot. Jendeak jan dezan, jendea bizi dadin, izan dezagun aukera gure hildakoengatik negar egiteko», galdegin du Farajallahk.

Sarraskiarekin amaitu nahi duten herritarrei, bi jarduteko modu eskatu dizkie gazatarrak: Palestinaz hitz egin dezatela eta egin diezaiotela boikota Israeli, ez soilik egungo oldarraldia amaitu arte, Palestina, «errekatik itsasora», libre izan arte baizik.

Minutuko isilunea egin dute Palestinan hil diren pertsonak oroitzeko eta, berriz ere, sirena hotsak eten du isiltasuna.