NAIZ

Laguntza sartzeko bideak eskatzen dizkiote eta Israelek tiroka ixten ditu

AEBek, Europar Batasunak, Erresuma Batuak, Ziprek, Arabiar Emirerri Batuek eta Qatarrek, hainbat erakundek egin duten moduan, laguntza iristeko bide eraginkorrak eskatzen dizkiote Israeli. Hala ere, lurretik sartzea oztopatzeaz gain, tiroka galarazten du banaketa.

Palestinarrak, suntsitutako etxeen hondakinen artean, Khan Yunisen
Palestinarrak, suntsitutako etxeen hondakinen artean, Khan Yunisen (AFP)

AEBetako, Europar Batasuneko, Erresuma Batuko, Zipreko, Arabiar Emirerri Batuetako eta Qatarreko goi-kargudunek egindako bilera telematiko batean, Israeli eskatu zioten Gazako zerrendari emandako laguntza lurretik sartu ahal izateko bideak ireki ditzala.

«Egipto eta Jordaniarako lurreko bideen ordezkorik ez dago, ezta Israeldik Gazarako sarbideenik ere, eskala handiko laguntza emateko»; hala, «Israelek bidegurutze gehigarriak ireki behar» dituela azpimarratu zuten, «Gazara laguntza gehiago iritsi ahal izateko, baita iparraldera ere».

Halaber, aduana-murrizketak arintzeko eskatu zioten Israeli, elikagai gehiago sartzea eta laguntza humanitarioa iristea errazteko.

Bilerako gai nagusia herrialde horiek Gazarako ezarri nahi duten itsas korridorea izan zen eta datorren astean erabat martxan egongo dela adostu zuten. Hurrengo urratsak zehazteko Zipren bilduko dira; AEBetako Indar Armatuek laguntza kopuru handiak jasoko dituen aldi baterako portu bat ezartzeko egindako planak ere aztertuko dituzte.

Nolanahi ere, berretsi zuten itsas korridore hori «izan daitekeela eta izan behar dela» laguntza humanitarioa eta elikagai-fluxua bide guztietatik handitzeko ahalegin iraunkor baten parte, hornigaiak airetik botatzea eta lurreko ibilbide gehiago irekitzea ere jasoko dituena, baina bide nagusia lurrekoa izan behar dela.

Mundu osoko hainbat GKEk, esaterako Munduko Medikuek, Oxfam eta Amnesty Internationalek, ohartarazi dute ez dagoela ordezkorik elikagaiak eta hornidura humanitarioa lurretik sartzeko.
Urriaren 7tik gutxienez 25 haur hil dira desnutrizioaren eta deshidratazioaren ondorioz. NBEk ohartarazi duenez, egunetik egunera handitzen ari da gosete arriskuan daudenen kopurua.

Egoera larriagoa da Gazako iparraldean. Jendea egunero zerura begira egoten da elikagaiak lortzeko itxaropenez, baina hegazkinetatik kutxa gutxi botatzen dituzte. «Mundu guztia borrokan ari da bere seme-alabentzako kutxa bat lortzeko, atun edo babarrun lata bat. Jende guztia gose da eta akituta dago», adierazi zuen Mojles al-Masryk,  Beit Lahian. Hegoaldean, Rafahn, jendetza korrika ateratzen da laguntza daraman kamioi batetik eroritako irin-zaku batzuk biltzera.

Laguntza eztabaidan dagoen bitartean, Israelek bonbardatzen jarraitzen du, sarraskia egunero handitzen.

Laguntza iristeko bide eraginkorrak eskatzen dizkioten arren, lurretik sartzea oztopatzeaz gain, tiroka galarazten du banaketa.

Gutxienez beste sei palestinar hil ziren Gazako hirian laguntza jasotzeko zain zegoen pertsona talde baten aurka Israelgo Armadak egindako beste eraso batean. Erasoa Kuwaiteko biribilgunearen inguruan izan zen, hirian laguntza banatzeko gune nagusietako batean. Bi egun lehenago, toki berean laguntza emate baten aurka egindako eraso batean zazpi palestinar hil zituen eta asteazkenean elikagaien biltegi bat bonbardatu zuen. Eraso honetan Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako (Unrwa) langile bat hil zuen.

Manifestazioa


EH Bilduk bat egin du kultura munduko pertsona ezagunek Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Gazako genozidioa amaitzea eskatzeko deitutako manifestazioarekin. Igandean izango da, 12.30ean, Donostian. «Ez dugu telebista bidez zabaldutako genozidio horretara ohitu nahi. Palestinako herriak bakean bizitzeko eskubidea du, legez kanpo okupatutako bere lurraldean», adierazi du koalizio subiranistak.