Andoni Arabaolaza

Jasmin Parisek historia egin berri du oso muturrekoa den Barkley Marathons lasterketan

40 urteko korrikalari britainiarra traileko proba hori bukatzen lehen emakumezkoa bihurtu da. Hots, lehen neska finisher-a. 192 kilometro eta 16.000 metroko desnibela dituen ibilbidea egiteko denbora muga 60 ordukoa da.

Jasmin Parisek (ezkerretik laugarrena) balentria egin du Barkley Marathons proban.
Jasmin Parisek (ezkerretik laugarrena) balentria egin du Barkley Marathons proban. (Barkley Marathons.)

Jasmin Parisen izenak oso muturrekoak diren lasterketen munduan leku berezia eta merezitakoa lortu du. 40 urteko korrikalari britainiarrak historia egin berri du Barkley Marathons (Ameriketako Estatu Batuak) lasterketan. Proba hori amaitzen lehen neska bihurtu da. Aurtengo ekitaldian, bost finisher izan dira, eta Paris lau gizonezkorekin batera sailkatu da.

40 urteko korrikalari horrek izugarrizko balentria egin du munduko lasterketa gogorrenean. Horrela izendatzen dute Barkley Marathons. Datuak, bederen, izutzeko modukoak dira. 38. ekitaldia izan da aurtengoa, eta urte horietan guztietan soilik 22 korrikalarik izan dute 60 ordu baino gutxiagoan bukatzeko aukera. Aurten, finisher gehien izan dituen edizioa izan da: bost. Eta horietako bat Paris izan da.

192 kilometro eta 16.000 metroko desnibela dituen ibilbidea osatzeko denbora muga 60 ordukoa da. Denera, bost itzuli bete behar dira. Oso-oso gogorra dela inork ez du zalantzan jartzen, eta hala da. Izan ere, muturreko distantzian dauden beste lasterketa batzuekin alderatuta, Barkley Marathons-ek ezaugarri ezberdinak ditu. Ezin da GPS gailurik erabili, eta irteera puntuan korrikalari bakoitzari ordulari merke bat ematen zaio antolatzaileek ezartzen duten 60 orduko denbora horrekin.

Hori gutxi ez, eta ezagutzen ez dituzten kontrol postu batzuetatik igaro behar dira liburu baten orriak jasotzeko. Hain zuzen ere, ematen dieten dortsalaren zenbakiaren araberakoa. Orri horiek ibilbidean zehar ezkutatuta egoten dira, eta itzuli bakoitzean dortsalaren zenbakia aldatzen diete.
Bestalde, muturreko distantzia duen ibilbide horretan ura edateko iturriak daude, baina hornidura puntuetan ezin dute jaso. Eta kanpoko laguntza soilik lasterketan zehar egin daiteke, eta ez kontroletan.

Horiek guztiak dira Frozen Head izeneko basoan (Tennesse) egiten den muturreko lasterketaren ezaugarri bereziak. Eta diogun bezala, azken ekitaldi honetan historia egin da. Batetik, Paris lehen emakume finisher-a izan delako. Eta, bestetik, inoizko finisher gehien izan duen edizioa izan delako. Denera, bost.

Justu-justuan

Aurreratu moduan, lasterkariek 60 orduko epea dute ibilbide hori egiteko. Bada, mi minutugatik Paris ez zen denbora horretatik kanpo geratu. Britainiarraren kronoa 59 ordu, 58 minutu eta 21 segundokoa izan zen. Rat Law izeneko eremuan ikusi zutenean, bazirudien ez zela gai izango ezarritako ordutegian ibilbidea osatzeko; helmuga puntutik hiru ordura zegoen. Baina egundoko ausardia erakutsi, erritmoa bizkortu eta aipatutako kronoarekin amaitu zuen.

Protagonista honek bikain ezagutzen du traileko lasterketa hori. Duela hiru urteko bere lehen aldian hiru itzuli egiteko aukera izan zuen. Oro har, erakutsi zuen gaitasun eta erresistentzia itzela zituela. Ez soilik fisikoa, burua ere oso-oso sendo du.

Bestalde, 2019 urtean, ultrarruners-en kolektiboa zur eta lur utzi zuen. 420 kilometro eta 13.000 metroko goranzko desnibela dituen Spine Race lasterketa irabazi zuen 83 orduko kronoarekin. Ingalaterran eta Eskozian zehar korritzen den proba hori irabazteaz gain, errekor absolutua ezarri zuen. Gainera, lasterketan zehar seme bati bularra eman zion.

Lasterketa horretan 40 kirolarik parte hartu zuten, eta soilik bost izan ziren finisher-ak. Gainera, horien arteko aldeak oso-oso txikiak izan ziren. Ihor Verys ukrainarrak irabazi zuen 58:44:59 denborarekin. John Kelly (59:15:38) eta Jared Campbell (59:30:32) estatubatuarrak bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Greig Hamilton zeelandaberritarra laugarrena izan zen (59:38:42) eta bosgarren eta azken finisher-a, lerrootako emakumezko protagonista.