Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Entrevista
Aiora Sampedro Alegria
Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema ikertu du

«Ez gara ohartzen euskara eta literatura ez daudela salbatuta»

Aiora Sampedro Alegria (Beasain, 1993) Literatura Konparatuan eta Ikasketa Literarioetan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (2023). Bilboko Hezkuntza fakultateko irakaslea da. Harkaitz Canoren bidea eta euskal sistema literarioaren azken aldaketak ulertzeko gakoak bildu ditu liburu batean.

Aiora Sampedro Alegria, liburua eskuetan.
Aiora Sampedro Alegria, liburua eskuetan. (EHU)

Euskal sistema literarioa ahul ikusten dugu sarri, baina azken urteetan inguruan dituen eta hizkuntza handiek baliatzen dituzten sistemek izandakoaren pareko garapena izan du literatura-testuen moldeen, gaien edo generoen alderdian. Ez da ohikoa izan euskal letren historian. Horren zergatiak aztertu ditu Aiora Sampedro Alegriak “Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema” liburuan.

Jon Kortazar Uriarte EHUko literatura katedradunak idatzi du sarrera. Bertan nabarmentzen duenez, «inoiz egin den euskal sistema literario eta kulturalaren deskribapen zehatz eta iradokitzaileena egin du» irakasleak.

Zein helbururekin egin duzu ikerketa hau?

Doktorego tesiaren zuzendari Jon Kortazarrek gidatuta, polisistemen teoria deskubritu nuen, non aztertzen den euskal literaturak eta orokorrean literaturak zer egitura erabiltzen dituen funtzionatzeko. Harkaitz Cano izan da, Kirmen Uriberekin batera, bere belaunaldian idaztetik bakarrik bizi den bakanetako bat, eta jakin nahi izan nuen ea harremanik bazen sistemako egituraren eta idazle batek hortik bakarrik bizitzeko duen aukeraren artean. Egitura horiek nola funtzionatzen duten ikertzen hasi nintzen, eta bigarren atal batean, Canok zer egituratan parte hartu duen eta zer ibilbide egin duen aztertu dut.

Nolako harremana izan duzu Canorekin?

Asko harritu nau euskal literaturan dagoen eskuzabaltasunak. Astegun buruzuri batean deitu, galderak egiteko edo datu pribatu eske, eta denek lagundu didate. Baina saiatu naiz azterketaren objektua ez gehiegi gogaitzen. Bere bizitzari buruzko lan bat da ia-ia, pertsona bizirik denean, eta bai egin dut elkarrizketaren bat, oso atsegin erantzun didana Harkaitzek, oso prest egon da beti, baina saiatu naiz ez izaten oso-oso estua.

 

Esker ona
«Frogatzea batzuetan gogorra da, tristea euskaldun garenontzat. Aldi berean, hor badago jende bat lanean, agian komunitateak ez diona merezi duen esker ona ematen. Asko harritu nau zenbat lan egiten den itzalean»



Atera dituzun ondorioen artean diozu urte gutxitan aldaketa aunitz izan direla euskal literatur sisteman. Instituzioaren eragina ahuldu eta merkatuarena indartu da.

Egileen kasuan, balantza ez da erabat parekatua, baina zenbat eta belaunaldi gazteagoa emakume idazleak areagotzen dira. Instituzioaren barruko kritikari eta akademikoen artean ere bai. Baina merkatuaren eragina da esanguratsuenetakoa, ez bakarrik euskal sisteman, gaztelaniazkoan ere bai: liburua kaleratzeko kostuak errazten du pisu ekonomikoa areagotzea. Polisistemen metodologia lantzen duen Itamar Even-Zohar autorearen proposamenean ez dago banaketa argirik merkatuaren eta instituzioaren artean. Merkatua alderdi ekonomiko bezala agertzen da, sinboliko bezala, ze liburu areagotzen diren eta zeintzuk ez. Inguruko sistemen joerekin bat dator euskal literatur sistema gaietan eta generoetan, parekatu egin da inguruan ikusten denarekin.

Diozunez, euskal sariketen eta kritikaren arreta garrantzitsua da ekoizleen ibilbidean. Prentsa hispanikoaren arreta bereganatzea errazten da, baita giza harremanak mantentzea ere.

Euskal hiztunak oro har elebidunak badira beti daude irakurle eta idazleak inguruko beste literatur eremuekin harremanetan, kazetariak ere bai, eta badago joan-etorriko bide bat.

Harkaitz Cano kontziente da sistema baten parte dela.

Noizbehinkako irakurleak agian ez dira jabetzen, baina kritikari eta egileek badakite gai, genero edo joera bat edo beste bat aukeratzeak eragina edukiko duela. Badakite ze gai dagoen bogan edo saltzen den, eta edozein profesionalek bezala jokatzen dute, norberak erabakita zein neurritan.

 

Harkaitz Cano
«Harkaitz Cano izan da bere belaunaldian idaztetik bakarrik bizi den bakanetako bat, eta jakin nahi izan nuen ea harremanik bazen sistemako egituraren eta idazle bat hortik bizitzeko aukeraren artean»


Egile honek oraindik ere literaturaren botere subertsibo eta kritiko horretan sinesten du. Baina, aldi berean, jarduera sozial gisa duen gutxitzeaz jabetzen da.

Literaturaren joera anbibalentearen erakusgarri da. Badauka eragin soziala, euskal gizartearentzat gai traumatikoak ere lantzen direlako, balio katarkiko bat badauka jende batentzat. Arteak orokorrean egin dezake aldaketa hori, baina, era berean, arteen artean bai dela literatura seguru asko tresna bat gainbehera datorrena, geroz eta gutxiago irakurtzen da literatura, nahiko probatua dago hori.

Euskal literaturaren semi-periferian kokatu duzu Cano.

Bere helburuen artean ere badago ez egotea beti fokupean, horrela askatasun gehiago dauka nahi duena egiteko, eta aldi berean erabat periferiatzat ere ez nuke joko idazle profesional izatera heldu den ia beste inor ez dagoelako.

Urteen joanean instituzio literariotik aldentzeko joera bat antzematen zaio. Haren literaturak kontsumitzaileen eskaerei erantzuteko eboluzionatzen du.

Horren adibide da nola erabaki zuen ‘Twist’ idaztea, irakurleen nahiak eta grinak bultzatuta iritsi zen euskal gatazkaz idaztera, berak hasieran egin nahi zuen liburu motatik moldatzen joan zen testua. ‘Beluna Jazz’ nobelarekin hasten den ibilbide horretan bada irakurleen nahiak asetzeko grina.

Bada idazle bat kontziente dena sistema bat dela, funtzionamendu jakin bat duena. Bertan eragina dute irakurle, erakunde zein editorialek. Merkatuan zer saltzen den, zer idazten den, horrekin jokatzen duen idazle bat da. Ez dakit nahia duen beti eroso eta deseroso sentitzekoa, ez erabat eroso eta ez erabat deseroroso. Horrek ematen dio idazteko motorra.

Argitaletxeak elkarrizketatu dituzu, Txalaparta, Pamiela, Elkar, Igela eta Susa. Interesgarria iruditu zait, kazetariok ez dugu halako elkarrizketarik egiteko ohiturarik.

Merkatu datuak edo ekonomikoak ez dira ezagunak. Hor hutsune bat topatu nuen, eta kontaktuan jarri nintzen eskura nituen argitaletxe guztiekin. Oso atsegin erantzun zidaten. Denei galdetu nien ea argitaratu nezakeen, datu pribatuak ere eman zizkidatelako, eta denek eman zidaten aukera.  

Zerk harritu zaitu?

Asko harritu nau zenbat lan egiten den itzalean, bere bizitzako zenbat denbora ematen dion jende dezentek euskal literaturari, agian hautematen ez dena, euskal komunitateak ez dakiguna. Zer lan dagoen euskal literatura argitaratzearen atzean, asko boluntarioa, militantea. Egitura ahula da, editorial askok langile pare bat dituzte soldatapean. Lan eskerga egin behar da euskaraz argitaratze hutsagatik. Hori baloratzekoa da. Euskal komunitatea agian ez da kontziente eta ez die beharko luketen aitortza egiten editorialei eta idazleei.

Arreta eman didan beste puntu bat da euskal editorialen neurria hispaniarrean periferian dauden argitaletxeen neurria dela. Inor ez da euskal literaturan aritzen aberasteko. Canok aipatzen du bazterra eta erdigunea oso gertu daudela bata bestearengandik. Ia dena dago periferian munduko sistema literarioari begiratzen badiogu.

Susmoak datuekin egiaztatu dituzu.

Helburua zientzian eta doktore tesian hori da: datuak eskaintzea eta horietan oinarrituta interpretazioak egitea. Susmoetatik sortzen da ikerketa. Frogatzea batzuetan gogorra da, tristea euskaldun garenontzat. Aldi berean, hor badago jende bat lanean, agian komunitateak ez diona merezi duen esker ona ematen.

 

Irakurleei eutsi
«Ni arduratzen nau nola den posible haurrak direla euskaraz irakurtzen duten horiek helduak direnean atxikimendu berarekin ez eustea euskararen irakurketari»


Haur literatura gehiago dugu sistema hispaniarrean baino.

Ni arduratzen nau zergatik galtzen ditugun irakurleak, nola den posible gazte horiek helduak direnean atxikimendu berarekin ez eustea euskararen irakurketari. Alde batetik gaztelania, frantsesa eta ingelesa ditugu edonon, askoz komunikazio botere handiagoarekin. Ez bakarrik literatura, beste aisialdi batzuk, telesailak edo zinea hizkuntza horietan kontsumitzen badugu, erraz sartuko zaizkigu formula batzuk. Bestalde, idazleek, eta euskal sortzaileek oro har, euskararen diglosi egoeragatik batzuetan presioa sentitzen dute hizkuntzari balioa emateko edo hizkuntza salbatzeko.

Lana bukatu eta gero konforme gelditu zara? Literatura ikertzen jarraituko duzu?

Doktore tesiak ez dira bukatzen, abandonatu egiten dira. Konforme nago, baina sentsazioa dut hari pila bat gelditu direla lotu gabe. Ipar Euskal Herriko datuak jaso nahi nituzke, gehien falta direnak dira, ez ditut eskuragarri izan. Nahiko nuke jarraitu euskal literatura ikertzen, irakasle eta kudeaketa lanekin uztartuz. Bilboko Hezkuntza fakultatean ari naiz irakasle oso bezala. Bigarren lauhileko honetan Haur Literaturaren Didaktika ematen dut. Hor ere joan-etorri bat dago, eta gehienbat horri begira nago: nola irakasten dugun euskal literatura, zer eragin duen ikasleengan, ea lortzen dugun atxikimendua eta ea teknikak hobetu ditzakegun... Badakigu irakurleen background-ak badaukala zer esan inportantea, ea haurrek etxean ikusten dituzten gurasoak literatura irakurtzen, ea haiei irakurtzen dieten eta zein hizkuntzatan.

Nola irudikatzen duzu euskal literaturaren etorkizuna?

Ez naiz erabat positiboa edo negatiboa, edo egunaren arabera. Esango nuke gure hizkuntzaren historia beti dagoela kinkan, baina jakin izan duela bere burua birsortzen, batez ere azken hamarkadetan. Euskal literatura ez da desagertuko, baina zein moldetan eta zein osasunekin egingo duen aurrera ez dakit. Bai hizkuntzan bai literaturan euskal komunitatea ez da kontziente egoera larria dela oraindik. Ramon Saizarbitoriak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuenean honen alegatu bat egin zuen: euskaldunok ez gara ohartzen euskara ez dagoela salbatua. Nik ere hori nabarmenduko nuke. Soziolinguistika klusterraren datuek ere hala frogatzen dute: hiztunak irabazten ari gara, baina erabilera gutxitzen ari da eta literaturari ere eragiten dio horrek.