Urtzi Urrutikoetxea

Atxiloketaz atxiloketa, etenik ez AEBetako campusetako protestetan

New Yorkeko Columbia Unibertsitatean ikasleak kanpaldiak egiten ari dira Palestinarekiko elkartasunez. Bi alderdi politiko nagusietako ordezkari gehienek protestak kriminalizatu badituzte ere, haietan antisemitismoa dagoela leporatuz, manifestazioak eta kanpatzeak zabaltzen ari dira.

Polizia, protestariak atxilotzen, Chuck Schumer AEBetako Senatuko buruzagi nagusiaren etxetik gertu, New Yorkeko Brooklyn auzoan, palestinarren aldeko talde judu baten manifestazio batean.
Polizia, protestariak atxilotzen, Chuck Schumer AEBetako Senatuko buruzagi nagusiaren etxetik gertu, New Yorkeko Brooklyn auzoan, palestinarren aldeko talde judu baten manifestazio batean. (Kena BETANCUR | AFP)

AEBetako dozena bat estatutako ikastetxetan irten dira protestan ikasleak. Eskaera zehatzen artean, unibertsitateari Israelekin harremana daukaten erakunde guztiekiko harremana etetea galdegin dute. Joan den igandean, kasu, Washington hiriburuko AU American Universityko ikasle kontseiluak eskaera horren alde bozkatu zuen. Errektoreak handik ordubetera erantzun zuen, ebazpena ez zela loteslea esanez eta gaineratuz ez zutela inongo boikotekin bat egingo.

Otsailean diziplina espedientea ireki zieten hainbat ikasleri, eraikinen barruan protesta isila egiteagatik (AUk campuseko eraikinetan protestarik egitea debekatu zuen, zenbait ikaslek larderia salatu ostean).

Handik gertu, Marylandeko unibertsitatean ere asteburura arte irauteko asmoa daukan kanpaldia hasi dute. Joan den asteburutik, ehunka ikasle atxilotu dituzte. Gehienak New Yorkeko Columbia unibertsitatean, baina baita Connecticuteko Yalen, edo Michigan zein Minnesotako unibertsitateetan ere.

Azken horretan, Nick Estes irakasle eta idazle indigenak gogora ekarri zuen «Gazako unibertsitate guztiak suntsitu» dituztela; «nola esaten du administrazioak ezin diela elkartasunik adierazi Gazako errektoreei, dekanoei, ikasleei, langileei. Gure aurka datozenean, argi izan, historia alde dugu. Koldarrak konplizeak dira genozidioetan, genozidioek beharrezkoa dute koldarren konplizitatea».

Estesek berriki nabarmendu zuenez, «ironikoa da Ameriketako genozida zitalenaren omenezko izena –Kolon– daukan unibertsitatea genozidioaren aurkako protestak zapaltzeko zero gunea izatea».

Ikastetxe horiez gain, Bostongo MITen kanpaldiak hasi dituzte. Hiri berean, Harvardek neurri zorrotzak hartu ditu, sarrerak zorroztuz eta unibertsitateko agiria daukatenei bakarrik baimenduz campusera sartzea.

Columbiako unibertsitateak iragarri du asteburu honetatik aitzina aurrez aurreko klaserik ez dela izango, eta sistema hibridoa izango dela. Egia esan, ikasturte amaitzear da unibertsitate gehienetan, eta datozen egunetan izango dira azken eskolak, maiatzean azterketak egiteko.

Herrialdearen beste muturrean, Kaliforniako Humboldt Unibertsitate Politeknikoa ere behin-behinean ixtea erabaki zuten, manifestariek eraikin bat okupatu ostean. Kalifornian jarraituz, Berkeleyko unibertsitatean ere kanpaldia hasi dute Palestinarekin elkartasunez.

EZTABAIDA POLITIKOA
Unibertsitateetako protestek oihartzun politiko eta mediatiko handia izan dute. Gazako egoeraz baino gehiago, protesta horietan antisemitismoa dagoela salatu dute AEBetako ordezkari politiko gehienek, eta Columbiako errektorearen dimisioa eskatu dute hainbat errepublikanok eta zenbait demokratak. Izan da kanpaldiaren aurka Guardia Nazionala bidaltzeko eskatu duenik ere.

Eric Adams New Yorkeko alkate demokratak esan duenez, «txinparta bat baino ez den uneotan heldu beharko genioke honi. Ez dezagun itxaron sute kiskalgarri bat bihurtu arte»
Demokraten arteko sektore ezkertiarrena izan da kriminalizazio giro horretatik urrundu den bakarra. Jamaal Bowman kongresista beltzak ere Poliziaren jarduera salatu du: «Polizia gure eskoletan gehiegi ibiltzea bertatik bertara ezagutu duen hezitzailea naiz. Eskuineko demagogiari eutsi behar diogu, eta ez zapaldu protesta baketsuak».

Ez da erraza jarrera horri eustea, ordea. Bowmanek Israelen aldeko defendatzaile sutsua den demokrata batekin lehiatu beharko du aurki kongresurako primarioetan.

Alexandria Ocasio-Cortezek ere salatu du azken egun eta orduotako tentsioa: «Poliziari deitzea campuseko ikasleen protesta baketsuengatik ekintza arriskutsu eta axolagabea da».
Zenbait ikasle juduk campusean seguru ez daudela esan duten arren, badira protestetan parte hartzen ari diren herritar juduak ere. Marianne Hirsch Columbiako unibertsitateko irakasleak –Holokaustotik bizirik irtetea lortu zuen bikote baten alaba da–, esaterako, protesta baketsu bat txikitzea egotzi zion Columbiako zuzendaritzari. «Unibertsitatea ez da hori», eta gogora ekarri zuen protesta Israelgo estatuaren aurkakoa dela, eta ez sinesmen edo identitate baten aurkakoa.