Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean elkartu da ostiral honetan euskalgintzako lagun ugari. Kontseiluaren 2024ko batzar nagusia egin dute eta bertako berritasun nagusia Errigoraren bazkidetzea izan da. Hitzordu hori baliatuz, ekitaldi ireki eta publikoa deitu dute erakundearen lehen lemazaina izan zena, Xabier Mendiguren Bereziartu, omentzeko. 1945ean Ezkion sortu, eta 2023an, 78 urte zituelarik, eritasun baten ondorioz zendu zen bidelaguna eskertu nahi izan dute, eta haren lana oroitu, akuilu izan dadin.
Aize Otaño Kontseiluko lehendakariaren sarrerako hitzen eta Oihana Iguaranen bertsoaren ondotik, Josu Zabaleta eta Aintzane Ibarzabal itzultzaileak hasi dira solasean... eta segi eta segi egin dute antolatzaileek keinu bidez isiltzeko agindu arte. Mendiguren ere horrelakoa zen, beti zuen edukizko zer errana. Jakintza partekatzeaz gain, entzuten zekien, eta argi dago lorratz ederra utzi zuela ezagutu zutenengan.
Mendigurenen bizian eta itzulpengintzan hain ezagunak ez diren alderdi batzuk ekarri eta balioan jarri nahi izan dituzte Martuteneko itzultzaile eskolan lankide izan zituenek. Zabaletak azaldu du duela mende erdi itzulpengintzari buruzko diskurtso bat hasi zela Euskal Herrian, eta hori zor zaiola Mendigureni, bertze leku batzuetan egiten zena bildu, ekarri, hemengo premietara egokitu, eta zabaldu zuelako.
Ezkiotarraren hiru ezaugarri azpimarratu ditu: «Bazekien momentuko egoerari begiratzen, baina, aldi berean, urrun ere bai; jendea biltzen zekien; eta baita talde lana bultzatzen eta antolatzen ere».
Ibarzabalek oroitzen du eskolan lanean hasi zenean zer harrera ona egin zion Mendigurenek eta zer ekintzailea zen. Hasiera indartsu eta emankorra izan zen: ‘Senez’ aldizkaria jarri zuten martxan, ikastaroak eman... Ia 3.000 ikasle pasatu ziren. «Xabierrek ikasleak liluratzen zituen, ziurtasuna transmititzen zuen. Baliabide eskasekin zenbat gauza egin genituen!».
Eskola gainbehera etorri eta itxi zenean, lanean jarraitu zuen gauzak egiteko bere modu berezi horrekin. Pilar Kaltzada Kontseiluko komunikazio buru izan zenari lorratz hori utzi dio, eta aunitz eskertzen dio. Martutenen jaioa da kazetaria, baina Kontseiluan ezagutu zuen, Bai Euskarari kanpaina handi hartan. «Bost estadioak betetzea objektiboki ezinezkoa zen, baina posible zela sinestarazi zigun. Euskalgintzaren pribilejioa da Xabierrek emandako ausardia hori», baloratu du.
Paul Bilbaori eman zion lekukoa Mendigurenek Kontseiluaren gidaritzan, baina algortarrak lehenagotik ezagutzen zuen, ume koskorra zela herriko ikastolan euskara irakasten zuen gipuzkoar gisa. Handik 25 urtera berriz elkartu ziren, eta Bilbaorentzat «plazera» izan zen.
Euskalgintzaren ezaugarri berberak zituen
«Bere pazientzia eta determinazioa gogoratzen ditut. ‘Horma hor dago, baina begira dezagun gainetik ea zer dagoen. Gure helburua hara iristea da’. Lasaitasun horrek konfiantza sortzen zuen. Xabier urduria eta kezkatua ere ezagutu nuen, oldarraldia iristean lehen lerroan kokatu zena, aurre egitetik aurrera egitera pasatuz», deskribatu du Paul Bilbaok.
«Adostasunerako bokazioa zuen. ‘Jende guztiarekin hitz egin behar da’, esaten zuen. Korbatarekin joaten zen leku batzuetara, korbatarik gabe besteetara, eta beti zeukan edukizko zer esana. Kezka, ardura, determinazioa, ausardia, adostasunerako bokazioa... Horiek dira gaurko euskalgintzaren ezaugarriak ere».
Lagunartean zeudenez, Kaltzadak onartu du batzuetan ez zela erraza. «Temosoa zen eta adostasuna lehenesten zuen. Agian ez zen pausorik bizkorrena, bai sendoena».
«Errespetua eta askatasuna»
Momenturik hunkigarriena Oihana Mendiguren alabaren hitz hartzea izan da, omenaldiagatik bihotzez eskerrak ematearekin batera, aitaren hitzak defendatu dituelako: baserria, herria, familia, euskara, hizkuntzak.
15 hizkuntza ikasi zituen, elkar ulertzeko, zubiak eraikitzeko eta beso zabalik edonor onartzeko. «Aitaren etxea hitza zen, baita ekintza ere. Errespetua eta askatasuna».
Jarraian, Idurre Eskisabel Kontseiluaren gaur egungo idazkari nagusiak, begiak beteta, Mendigurenek 1998ko elkarrizketa batean errandakoak oroitu ditu: «Helburua da datozen belaunaldiak alor guztietan euskaraz bizi daitezen». Mende berriarekin erronka berriak etorri ziren euskara jendearentzat, eta euskalgintzarako tresneria berritzeko helburuarekin jaio zen Kontseilua.
Bi bide: segregazioa edo demokrazia
«XXI. menderako akordioa, batzen gaituena bilatzea, Mendigurenen estiloa, Kontseiluan zizelkatutako lorratza. Euskalgintza orduko aldarte beretsuan dago egun. Gero eta azeleratuago doa mundua, eta gero eta azeleratuago agortzen zaizkigu ereduak eta tresnak. Kontra, betiko haizea, aniztasuna jomugan duena, kamustuta ditugun tresnak ere ebasten», adierazi du.
Oldarraldi judizialaren bidez, auzi politikoa judizializatu eta eztabaida bera ebatsi da. Euskararen normalizazioa zeri erraten diogun, hori dago auzitan, azaldu duenez.
Defendatu du hizkuntz eskubideak ez direla administrazioarekiko harremanetara mugatzen, eta bizitzaren arlo guztietara zabaltzen direla. Hala, «ulerkera indibidualetik dimentsio kolektibora pasatzen dira hizkuntz eskubideak, demokratizazio tresna gisa. Bestela, arriskua segregazioa da».
Mendigurenen lorratzean, «akordioa da une honetan ere Kontseiluaren proposamena, ezinbestekoa dugun jauzi horren oinarria eta bultzada emango diona», aldarrikatu du.