NAIZ

«Neurri sakonak» eskatu ditu EH Bilduk, eta «orria pasatzea» baino ez EAJk

Pedro Sanchezen erabakia jakin ostean, oso balorazio ezberdina egin dute EAJk eta EH Bilduk. Aitor Estebanen ustez, ezer berririk ekarri ez duen mugimendua izan da; Mertxe Aizpuruaren hitzetan, aldiz, «agenda demokratizatzaile ausart batekin» aurrera egiteko unea da.

Aitor Esteban, PSOEko agintari Santos Cerdanekin aurreko astean Kongresuan.
Aitor Esteban, PSOEko agintari Santos Cerdanekin aurreko astean Kongresuan. (Fernando Sanchez | Europa Press)

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen ustez, Pedro Sanchezen gaurko iragarpena eta espainiar Estatuaren «beharrezko erregenerazioa» aukera bat izan behar dira euskal gizartearentzat.

«Neurri sakonak hartzeko eta eskuin erreakzionarioari agenda demokratizatzaile ausart batekin aurre egiteko unea da», nabarmendu du X sare sozialean.

«Orain arte bezala, tinko lan egingo dugu gure eskubide nazional eta sozialak ukatzen dituen 78ko erregimenaren hipoteka altxatzeko eta gure etorkizunaren jabe egingo gaituzten neurriak martxan jartzeko», erantsi du.

EH Bilduk «ekintzak» espero ditu, «ez hitzak bakarrik. Orain da ekiteko momentua».

EAJren ustez, ordea, Pedro Sanchezek abiatutako hausnarketa honek ez du ezer berririk ekarri, eta orria ahalik eta lasterren pasatzeko beharra nabarmendu du Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko eledunak. Espainiar presidentearen asmoei buruz ez du balorazio gehiagorik egin nahi izan.

Ildo beretik joan da Lakuako Gobernuaren balorazioa. «Errespetua» adierazi dio Pedro Sanchezen erabakiari, ez besterik. Bingen Zupiria bozeramaileak Donostian gogora ekarri duenez, «Espainiako Gobernuak hainbat konpromiso hartuta ditu» inbestidura akordioa sinatu zutenetik, eta hemendik aurrera, «panorama argitu denez», «logikoena» litzateke Sanchezen Gobernuak «bere esku dagoena egitea konpromiso horiek betetzeko, egiten duena alde guztientzat «gogobetegarria izan dadin».

Ezer gertatu ez balitz bezala, «lanean jarraitzeko» mezua helarazi du Aitor Estebanek Madrilen, Gasteizen Bingen Zupiriak egin duenaren antzera.