NAIZ

LGBTQ+ sinboloa defendatu dute Nafarroaren Egunaren biharamunean Baigorrin

Hamarnaka herritarrek parte hartu dute, astelehen iluntzean Baigorrin, Nafarroaren Egunaren biharamunean LGBTQ+ ikurra urratua izan zela salatzeko egin den elkarretaratzean.

LGBTQ+ kolektiboaren sinboloak berriz ezarri zituzte atzo Baigorrin antolaturiko elkarretaratzean parte hartu zuten lagunek.
LGBTQ+ kolektiboaren sinboloak berriz ezarri zituzte atzo Baigorrin antolaturiko elkarretaratzean parte hartu zuten lagunek. (Basaizea Kultur Elkartea)

Nafarroaren Eguna ospatu zen, igandean, Baigorrin. Eguraldia lagun, milaka herritar elkartu ziren, mugen gainetik, Nafarroa bat eta bakarra dela aldarrikatzeko.

Ospakizun horretan pizturiko herri uholdea indartzeko deia egin zuen Basaizea Kultur Elkarteak, euskararen eta Euskal Herriaren kontra eraikitzen ari diren murruak eraisteko.

Izan ere, gertakari batek ilundu zuen besta giroa. Ekimenaren antolatzaile den elkarteak plazaraturiko ohar baten bidez jakitera eman duenez, LGBTQ+ ikurra hondatua izan zen Nafarroaren Egunaren biharamunean.

«Eraso homofoborik» ez dutela onartuko adierazi ondoren, astelehen iluntzean, 50 bat lagun elkartu ziren Nafarroako herrian, hain zuzen LGBTQ+ komunitatea ordezkatzen duten ikur bi aitzinean zituztela.

Basaizeak zehaztu duenez, astelehen goizean urraturik atzeman zuten, hain zuzen, Nafarroaren Egunaren karietara ezarritako sinboloa.

«Bandera horrek besta gune aske eta segururat harrera egin zigun» azaldu du ohar horretan elkarteak. Era berean, «sinbolo azkarreko ikur hau maitatua eta baloratua izan dela egun osoan zehar» nabarmendu du zinez ospetsua izan den Nafarroaren Eguna antolatu zuen elkarteak.

«Horrelako eraso bortitzak ez ditugu onartzen ez hemen ezta nihun ere» agerian jarri du gertakari hori «pena eta herra handiz» hartu duen Basaizea Kultur Elkarteak. 

«LGTBQ+ eta aliatu guziak maitasunez batzen gira homofobiaren kontra» gaineratu du erasoaren berri izan eta sinbolo horren defentsa hartu duen elkarteak.

Erran bezala, astelehen iluntzean bertan, beraien gibelean LGTBQ+ kolektiboaren sinbolo erraldoiak zituztela, elkarretaratze batean parte hartu zuten 50 bat herritarrek.