Realak eta erakundeek talde zuri-urdina Kopako finalean babesteko ekimenak prestatu dituzte

Sagueseko zabalguneak jai handia hartuko du maiatzaren 18an, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantziatuko ditu, EITBk jarraipen zabala egingo du eta Donostiako Udaletxeak etxeak eta eskaparateak zuri-urdinez apaintzeko deia luzatu du.

Erakundeetako, Realeko eta EITBko ordezkariak gaur Donostian eskainitako prentsaurrekoan.
Erakundeetako, Realeko eta EITBko ordezkariak gaur Donostian eskainitako prentsaurrekoan. (Gorka Rubio | Foku)

Realak Kopako finala jokatuko du maiatzaren 18an La Romaredan eta klub zuri-urdinak, Donostiako eta Gipuzkoako erakundeek eta EITBk taldea babestu eta hitzorduak merezi duen jaia ospatu nahi dute. Horretarako, elkarlanean ari dira eta hiriburuko Udaletxean gaur aurkeztu diren hainbat ekimen prestatu dute.

Lehen deia, taldea zelaian bertan animatzeari dagokio baina Zaragozara joan ezin direnek egun aparta pasatzeko aukera izango dute ere, bide batez zuri-urdinei animoak etxetik bidaliz. Hauetarako, jai erraldoia antolatuko da Sagueseko zabalgunean finalaren egun osoan zehar. Besteak beste, puzgarriak, hondartza futbola, jolasak, penaltiak jaurtitzeko eta gelditzeko makina birtuala, Goazen!-en ikuskizuna eta Euskadi Irratiko DJak egongo dira, besteak beste. Eta pantalla erraldoi bat jarriko da, partida lagunartean ikusi ahal izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, Zaragozara joateko autobusak finantziatuko ditu, kostearen %50a bere gain hartuz. Marta Pastor Kiroletako Zuzendariak ez du xehetasun handirik argitu baina antolakutzan Realaren bidez egingo dela, joan-etorriko bidaiak eta sarrerak 35 euroko prezioa izango duela, eta emakumezkoen taldeak dituzten klubek lehentasuna izango dutela aurreratu du. Hurrengo egunetan zabalduko da informazio gehiago.

EITBri dagokionez, estaldura informatiboa zabala izango da, Joseba Urkiola Kiroletako Zuzendariak azaldu duenez. Sagueseko jaian partehartzeaz gain, ETB2k finala zuzenean eta euskaraz eskainiko du. Gainera, saio bereziak egongo dira telebista kateetan zein irratietan eta finalaren bezperan eta egunean beran, ETBko albistegietako kirol saioak Zaragozatik egingo dira, besteak beste.

Ane Oiarbide Donostiako zinegotziak, bestetik, Donostia Sustapenak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta San Sebastian Shops-ek prestatutako ekimenaren berri eman du. Horrela, ostalaritza zein merkataritza establezimenduei euren lokalak eta erakus-lehioak zuri-urdinez apaintzeko deia luzatu die, bide batez finalarekin lotutako oparien zozketan sartuko dira. Deia herritar guztiei, hiriburukoak zein lurraldekoak, luzatu die Eneko Goia Donostiako Alkateak, lehioak eta balkoiak apaintzeko eskatuz, Udala bera hainbat eraikinetan egiten ari den bezala.

Helburua, Donostia eta Gipuzkoa «jai batean murgiltzea izango da», Realari «behar duten indarra indartzeko asmoarekin eta egiten duten lana aitortzeko helburuarekin», Goiaren esanetan.

Ildo honetan, Joseba Ibarburu Realeko presidente-ordeak emakumezkoen taldea orain dela 20 urte sortu zela gogorarazi du, «eta horietatik 18tan Lehen mailan lehiatu dugu»-la gaineratuz. «Azken bost urte hauetan talde honek lau final jokatu ditu, ez da txantxetako zenbakia. Hiru horietatik bat irabazi dugu eta orain datorkigu laugarrena».

Taldea finalean babesteaz gain, finalarekin berarekin «eta egitaraua honekin beste aurrerapauso bat eman nahi dugu»-la esan du Ibarburuk, «gure taldearen eraikuntzarekin jarraitzea. Horregatik jarri diogu finala eta inguruan gertatuko den guztiari leko hori: pausoz pauso bidea egiten. Hazten jarraitu nahi dugu, ez bakarrik lehen taldeari dagokionez, baizik eta harrobi guztiarekin eta Gipuzkoako emakumezkoen futbol guztiarekin».

Ibarburuk, azkenik, finalerako sarrerak salgai daudela gogoratu du eta lehen 24 orduetan 2.023 saldu direla aurreratu du. Realak, 12.000 dauzka guztira bere zaleentzat. Bide batez, Realeko presidente-ordeak, bi bidai ofizial ere antolatu direla gogoratu du.