NAIZ

Ia 19.000 behi, behor eta ardi igoko dira aurten Aralarko larreetara

Milatik gora behi, beste hainbeste behor eta 16.500 ardi inguruk dagoeneko irekita dute Aralarko larretarako bidea. Larraitzen egin dute festa, urtero bezala. Jende ugari izan da, giro hotza eta euria izan den arren.

Maiatzaren Lehenarekin urtero egin ohi denez, Enirio Aralarko Mankomunitateak Aralarko larreen irekiera ekitaldia ospatu du asteazken honetan Larraitzen. Horrenbestez, eta urriaren 31 arte bertan elikatzeko modua izango dute ia 19.000 abelburuk, zehazki 1.060 behi, 1.000 behor eta 16.500 ardik.

Larreen irekitzea aitzakia izan ohi da festarako eta aurten ere hala izan da; mendi tontorrak eta goiko larreak zurituta, giro hotza eta euria barra-barra ari zuen arren, jende ugari bertaratu da. Eguerdian suziria jaurti dute Adur Ezenarro Enirio Aralar Mankomunitateko lehendakariak eta Mikel Arteaga lehendakariorde eta Amezketako alkateak. Ondoren, Zamaoko langa ireki eta artalde eta behiak goiko zelaietara abiatu dira.

Artisau postuak, bertako jakien salmenta, herri kirolak, bertsolariak... izan dira festa girotzeko.

Larreen irekiera Enirio Aralarko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralarko mendilerroaren eta bertako jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko akordioa iragarri eta bi egunera izan da. 2019tik «blokeatuta» zegoen harremanari berriro ekiteko urrats gisa definitu zuten bi aldeek.

Akordioan «larreak, basoak eta beste habitat batzuk hobetzeari, sentsibilizazio ekintzei, bideen konponketei, txabolak lehengoratzeari eta eraikitzeari, eta inguruko beste azpiegitura batzuk hobetzeari dagokionez aurten garatu beharreko ekintzak» zehazten dira.