Urtzi Urrutikoetxea

AEBetako Hegoaldean protesta eskubidea baliogabetu du Auzitegi Gorenak

Akats, kontraesan eta ezberdintasun sozial guztiekin, AEBek badituzte oso sakon errotutako printzipio batzuk, eskubide indibidualekin lotuak gehienak. Horien artean daude adierazpen librea edo manifestazio eskubidea. Auzitegi Gorenaren erabaki batek, baina, kolokan jarri ditu eskubideok 3 estatutan.

Bi polizia, Auzitegi Gorenaren egoitzaren aurrean, Washingtonen.
Bi polizia, Auzitegi Gorenaren egoitzaren aurrean, Washingtonen. (Kent NISHIMURA | AFP)

Apirilaren erdialdean, Auzitegi Gorenak Mckesson vs Doe kasua ez onartzea erabaki zuen, aztertu ere ez egitea, alegia. Ondorioz, maila baxuagoan hartutako erabakiek indarrean jarraituko dute. Praktikan ezinezkoa izango da protestara deitzea Texasen, Louisianan eta Mississippin. Izan ere, protesta masibo bateko parte hartzaile bakar batek «legez kanpoko ekintzaren» bat eginez gero, ekitaldiaren deitzailea izango da erantzulea. Mehatxu horrek pertsona baten ondasun guztiak galtzea ekar lezake.

Auziaren abiapuntua 2016an dago, Baton Rouge-n, Louisianako hiriburuan. Bi poliziak lurrean atxilo hartzen ari ziren Alton Sterling herritar beltza tiroz hil zuten. Sei tiro eman zizkioten. Poltsikoan zeukan pistola hartzera zihoala argudiatu zuten, eta libre geratu ziren; Poliziaren barne ikerketak era arrazoituan jardun zutela ondorioztatu eta ez zituzten agenteak auzipetu ere egin. Hilketa salatzeko manifestaziora deitu zuen Black Lives Matter elkarteak, zehazki, DeRay McKesson eskubide zibilen aldeko ekintzailea izan zen deitzailea ofizialki.

Protestan, «harriren bat edo antzeko zerbait» jaurti zuen norbaitek Poliziaren aurka eta agente bat bete-betean jo zuen aurpegian. Agenteak berak aitortu du ez dakiela nork jaurti zuen, baina McKessonen aurka jarri zuen salaketa, martxaren antolatzailea izateagatik. Hau da, ezer jaurti ez zuela jakin arren, objektua jaurti izana leporatu diote.

Duela 40 urte baino gehiagotik dago gaiari buruzko jurisprudentzia, eta argi uzten du elkarretaratze baten deitzailea (izan manifestazioa, musika zein kirol emanaldia) ez dela bertara doazen lagunen ekintzen erantzulea. Badago salbuespenik arau horretan, deitzaileak berariaz indarkeria erabiltzera dei egingo balu, kasu. Hor ere, argi zehazten da berariazko deia izan beharko lukeela (eta, itxuraz hala denean ere, testuingurua begiratu beharko litzatekeela esan izan du Gorenak, adierazpen askatasunak babestutako deia ote den argitzearren).

Auzitegiek onartu zuten 2019an ezin zitekeela ondorioztatu «McKessonek erasotzaile ezezagunarekin konspiratu zuenik Doe ofizialari eraso egiteko, erasoaren berri izan edo hura ontzat eman zuenik, edo beste batzuekin adostu zuenik manifestazioaren helburua Poliziari erasotzea zenik». Beraz, nola iritsi da manifestazioaren deitzaileak erantzule gisa hartzera?

2019tik gertatu dena da Donald Trumpen lerroko epaileak sartu direla Helegiteen Bosgarren Zirkuitura. Eta orain arteko bermeei salbuespen gehiago ezarri dizkiete. Horren arabera, manifestazioaren deitzaileei ez dagokie adierazpen askatasuna argudiatzea (AEBetako konstituzioaren lehen emendakina), baldin deialdiak kondizio arriskutsuak sortzen baditu, eta horren ondorioz beste inork zauririk izanez gero.

Zeintzuk dira epaileek ikusi zituzten «kondizio arriskutsu» horiek, adierazpen askatasuna eteteko?

Batetik, protesta deialdia polizia-etxearen aurrean izatea, eta, bestetik, martxa autobide batera eramatea, «Louisianako legea urratuz». Hau da, zirkulazioa etetea. Manifestazio batera deitu eta manifestarietako batek trafiko araudia urratuko balu, haren erantzukizuna eta zigor ondorioak jasoko lituzkete. Eskubide zibilen mugimendurik ere ez litzateke izango, ziur aski, horrelako arau estuekin, «Martin Luther Kingen auzitara eraman balute protestetan zauritu ziren manifestariek edo poliziek, haren erantzukizuna zela ondorioztatuko lukete», idatzi zuen Helegiteen auzitegian ebazpenaren aurka bozkatu zuen Don Willett epaileak (beste bi epailek sinatu zuten aldeko ebazpena). Are gehiago, inor protesta bat hondatzeko edo zartarazteko asmoz baletor, aski luke trafikoa haustea edo legez kanpoko beste edozer egitea, protesta amaitzeko eta antolatzaileak zigortzeko.

Hala ere, Sonia Sotomayor Auzitegi Goreneko epaile progresistak sinatutako idatziak dio kasua ez onartzeak ez duela, berez, ebazpena ontzat ematen, baizik eta Helegiteen auzitegietara bidaltzen duela, gaiari buruz jurisprudentzia dagoela gogoraraziz. Hau da, adierazpen askatasunaren alde ebatzi beharko luketela iradokitzen die. Hala egin ezean, berriz ere Gorenera irits liteke gaia. Baina argi dagoena da uneotan Hegoaldeko hiru estatu horietan posible dela protesten deitzaileei manifestariek egindakoaren erantzukizuna leporatzea.