Andoni Arabaolaza

Alpinismoko Nazioarteko Federazioarentzat hamalau zortzimilako ofizial daude, eta kitto

Nepalgo Mendizale Elkarteak eta Nepalgo Gobernuak 8.000 metrotik gorako beste sei gailur gehitzea eskatu dute, horietako lau Kangchenjungako mendigunean daude. Alpinismoko Nazioarteko Federazioak, berriz, dio arrazoi zientifikoengatik eta historikoengatik hamalau onartzen dituela.

UIAAk nepaldarrei erantzun die hamalau zortzimilako ofizial daudela.
UIAAk nepaldarrei erantzun die hamalau zortzimilako ofizial daudela. (Cathy O'DOWD)

Azken urteotan, hamalau zortzimilakoen zerrenda ofizialaren inguruan nolabaiteko eztabaida izan da. Kopuru horretan utzi edo beste sei gehitzea, hori izan da hainbat eragilek proposatu eta aztertu dutena. Sei mendi horiek 8.000 metrotik gorako gailurrak dira. Baina, era berean, ez dira tontor nagusiak. Horietako lau Kangchenjungako mendigunean daude: Yalung Kang eta Hegoaldeko, Mendebaldeko eta Erdiko Kangchenjunga. Beste biak, berriz, Lhotsen kokatuta daude: Erdiko Lhotse eta Lhotse Shar.

Bada, sei mendi horiek aipatutako zerrenda ofizialean sartzea eskatu dute Nepalgo Mendizale Elkarteak eta Katmanduko Administrazioak. Hots, bi erakunde horientzat egokiena izango litzateke hogei zortzimilako ofizial onartzea. Eragileok diote mapa guztiak aztertu dituztela, eta ohartu direla irtengune kontu bat besterik ez dela. Horrekin esan nahi dute nagusiak ez diren sei gailur horiek independenteak direla.

Azterketa topografiko sakonak egin dituzte, baina nazioarteko adituen esanetan badirudi eskaera horren atzean beste arrazoi batzuk daudela. Horietako bat eta indar handiena duena zortzimilakoen industria edo turismoa da.

Ezezkoa

1994. urtean, antzeko egoera bat bizi izan zen Alpeetako laumilakoen inguruan. Alpinismoko Nazioarteko Federazioak (UIAA) bere iritzia eman zuen, eta orain nepaldarrek eginiko proposamenari ere erantzun dio. Argi eta garbi du hamalau zortzimilako ofizial daudela: «Mahai gainean irizpide zientifikoak eta arrazionalak jartzen saiatu gara. Horretarako, Nazioarteko Elkarte Geografikoarekin (UGI) harremanetan jarri gara, baita erakunde horrek duen ikerketa batzordearekin ere. Galdetu diegu ‘mendia’ edo ‘gailur’ kontzeptuak definizio bakarra ote duen. Erabateko adostasuna ez da egon, betiere arlo topografikoari dagokionez. Adituen azalpen guztiak kontuan hartu ondoren, UIAA munduko mendizaleen komunitatearentzat interes egokiak babesten saiatu da».

Alpinismoko erakunde horrek aipatu du eztabaidaren hainbat arlo kontuan hartu dituela: topografia, historia, nepaldarren interesak eta alderdi espiritualak. Azken bi horiei dagokienez, adibide argiena Kangchenjungako mendigunea da. Baina UIAAk azaldu du aipatutako gailur horiek bananduta daudela. Eta gehitu du antzeko egoera dela Lhotseko kasua.

Horregatik guztiarengatik, nazioarteko eragile horrek ondorioztatu du egungo zortzimilako ‘klasiko’ horiek onartu eta aitortu behar direla. Alabaina, beste honako hau adierazi du: «Arrazoi administratiboengatik edo bestelako interesengatik Nepalgo Gobernuak beste sei gailur horiek aitortzen baditu, guk ez dugu eragozpenik jarriko eta, gainera, eskubide osoa du».