
Trail running-eko asteburuko lasterketek, etxean zein kanpoan jokatutakoek, hitzordu garrantzitsuak edo ofizialak izan dituzte. Kronika honetan lehenik eta behin etxeko lehia bat aipatuko dugu: Euskal Herriko Ultra Txapelketa. Leitzan antolatutako Euskal Herria Mendi Erronkak Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek antolatutako hitzordu nagusi hori jaso zuen.
67 kilometro eta 7.200 metroko desnibela dituen ibilbidean Mayi Mujika eta Ander Iñarra izan ziren azkarrenak. Hortaz gain, biek ala biek denbora onenak ondu zituzten. Emakumezkoen kategoriari dagokionez, Mujika eta Oihana Azkorbebeitia nor baino nor aritu ziren lehen postua eskuratzeko. Baina Ireber tontorrean elgoibartarra lasterketaren buru jarri eta helmuga puntuan lehena izan zen 7:40:08 denborarekin. Azkorbebeitia bigarren postuan sailkatu zen irabazlearengandik ia bi minutura. Izaskun Sanz hirugarrena izan zen.
Mutilen mailan, berriz, Iñarra faborito nagusia zen, eta euskal txapelketa horretan ez zuen hutsik egin. Lezoko korrikalaria lehena izan zen Leitzan 6:32:15 kronoarekin; hots, iazko bere errekorra bi minutu eta 22 segundotan hobetu zuen. Iraitz Legorburu bigarrena izan zen 3 minutu eta 35 segundora. Eta Pello Berrizabeitia hirugarrena 6:41:55 denborarekin.
Kanpoko hitzorduak
Ezkaray herrian (Errioxa), berriz, Espainiako Bertikalen Txapelketa jokatu zen. 400 lasterkarik parte hartu zuten Eskalada eta Mendi Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako hitzordu nagusian.
Seniorrek 5,4 kilometro eta 1.250 metroko desnibela zituen ibilbidean jardun zuten. Nesken mailan, Naiara Irigoyenek ezin izan zuen garaipena lortu. Isabel Calerok irabazi zuen 57:49 denborarekin, eta nafarra bigarren sailkatua izan zen 26 segundora. Maite Zorroza seigarrena izan zen, eta Irene Artacoz zortzigarrena. Mutiletan, Euskal Mendizale Federazioaren selekzioko lau ordezkari top-10ean sartu ziren: Paul Ormaetxea, Hodei Samaniego, Oier Zubeldia eta Aritz Unamuno.
Promesa kategorian, euskal garaipen bat egon zen; hain zuzen ere, Gontza Murgoitiok lortu zuena. Ibai Cebrian eta Ibai Ormaetxea lehen hamarren artean sailkatu ziren. Ibai Angulo laugarrena izan zen juniorretan, eta Alluitz de Bilbao bosgarrena jubeniletan. Selekzioen sailkapenei dagokionez, emakumezko seniorretan EMF hirugarrena izan zen, eta mutiletan bigarrena.
Amaitzeko, Frantziako Annecy herriak Europako Txapelketak jaso zituen. Atletismoko Espainiako Federazioarekin bi euskal korrikalari lehiatu ziren: Onditz Iturbe eta Oihana Kortazar. Bertikalean, adibidez, Iturbek 18. postua lortu zuen. Traileko lasterketan (60 km), bestalde, Kortazarrek zortzigarren postuan amaitu zuen. 43. kilometrora arte bosgarrena zen, baina sabeleko arazoak izan zituen eta hiru postu galdu zituen.

Identifican a la navarra María Luisa Eugui entre los fallecidos en el accidente de Adamuz

Euskotren pospone por «motivos operativos» el cambio de andenes anunciado horas antes

Oihu bat Palestinara jaialdia, martxoaren 21ean Durangon, «ondorio errepresiboei» aurre egiteko

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo
