
A24 ekoiztetxe ezagunaren zigilupean, Ti West zuzendariaren lan berri hau ‘X’ (2022) eta ‘Pearl’ (2022) filmeekin abiatutako trilogiaren amaiera da.
‘X’ filmean, pornoaren unibertsoa slasher azpigeneroaren iruditerian txertatu zuen. 1979an, zinemagile gazte talde batek film pornografiko bat filmatzeari ekingo dio Texasko landa-eremuan. Tokiko anfitrioi bakarti eta zaharren mespretxu eta oldarra topatuko dituzte bertan. Beldurra eta umorea uztartuz, 70-80ko hamarkadako slasher filmei eginiko omenaldi harrigarria osatu zuen.
Trilogiaren bigarren filma ‘Pearl’ izan zen, lehen filmaren aurrekaria da eta Pearl (Mia Goth) pertsonaiaren jatorria ezagutzeko aukera ematen digu. Aurrekoaren eszenatoki berean filmatuta dago baina nortasun eta izaera propioa duen filma osatu zuen West-ek; proposamen guztiz desberdina da. ‘Pearl’ kutsu psikologikoa duen familia-drama batetik gertuago dago, slasher odoltsu batetik baino eta lehenengoa baino sakonagoa da; protagonistaren psikearen eta jatorriaren azterketa askoz ere zehatzagoa eskaintzen digu. Mia Goth-en antzezpen lana itzela da.
Bada, ostiral honetan bertan, ‘MaXXXine’ estreinatuko da, film sorta hauei itxiera emango dien izenburua. 1980ko hamarkadako Los Angelesen girotzen da eta aktore izateko ametsa bete nahi duen Maxine da protagonista, ‘X’ filmeko gertakari odoltsuetatik bizirik atera zen emakumea. 80ko hamarkadan girotuta dagoenez, garai hartako zinemaren eta kulturaren estetikak eragin handia du filmean. Industriaren gainbehera eta VHSren garaia ere aztertzen ditu; zentzu horretan, ‘Boogie Nights’ (1997) bezalako filmen eragina sumatu daiteke.
Mia Goth-ekin batera, Elizabeth Debicki, Halsey, Bobby Cannavale, eta Giancarlo Esposito aktore ezagunak ere izango dira, besteak beste.
Ti West
Beldurrezko eta slasher generoko filmak egiteagatik da bereziki ezaguna. Film laburrekin hasi zuen bere ibilbidea, eta bere lehen film luzea ‘The Roost’ (2005) izan zen. Bere estiloa 70-80ko hamarkadako beldurrezko film klasikoen nostalgiaz elikatzen da bereziki, nahiko retroa da; bere film gehienek oso atmosfera berezia izaten dute, nortasun handikoa. Gutxitan erabiltzen ditu efektu digitalak, gehienetan fisikoki egin daitezkeen efektuen aldeko hautua egiten du, horrek errealismo geruza bat gehitzen die bere filmei. Beldurrezko zineman eragin handiko pertsona da.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

