NAIZ

Arrigorriagan duela 20 urte irakasle batek egindako erasoak salatu dituzte

Gutxienez sei emakumek salatu dute sare sozialen bidez duela bi hamarkada irakasle batek Arrigorriagako institutuan egin zizkien erasoak. Udalak «zilegitasun osoa» eman die salaketei eta babesa agertu kasu berri hau azaleratu duten emakumeei.

Eraso matxisten aurkako aurreko elkarretaratze bat, Donostian.
Eraso matxisten aurkako aurreko elkarretaratze bat, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Emakume talde batek duela hogei urte Arrigorriagako institutuko irakasle baten partetik jasan zituzten erasoak salatu ditu. Salaketa hau sare sozialen bidez egin da, Instagrameko denuncias_euskalherria kontuaren bidez, azken asteetan beste hainbat eraso argitara emateko ere erabili dena, Urretxindorra ikastolakoa kasu.

Bertan jakinarazten denez, gutxienez sei emakumek pairatu zituzten eraso hauek, dagoeneko bertan irakasle lanetan ez dabilen gizon batengandik. Pertsona honek, gaur egun, ez luke klaserik emanen, testigantzen arabera, baina ikastetxeko lantaldeko kidea da.

Biktimetako baten amak ere institutuaren ardura nabarmentzen du, jakinaren gainean egon arren ez zuela neurririk hartu baieztatuz.

Irakasleak «botere abusuak», «ukituak» eta «nesken gorputzei buruzko iruzkinak» egin zituela salatu dute emakume horiek.

Salaketa guztiek bat egiten dute adierazterakoan irakasleak, kexak egotekotan, ikasle horien notak jaitsi egiten zituela automatikoki.

Eraso hauen salaketa publikoa egin ostean, «erasotzailea kanpora!» zioen margoketak agertu ziren institutuan, ordu gutxitan ezabatuak izan zirenak.

Udalaren babesa

Ohar baten bidez, Arrigorriagako Udalak «zilegitasun osoa» eman die udalerriko emakume talde honek egindako salaketei.

Udalak «babesa, hurbiltasuna eta elkartasuna» adierazi die asteazken honetan erasoa jasan duten emakumeei eta haien ingurukoei, eta haien eskura jarri ditu beharrezko baliabide psikologikoak, sanitarioak eta babesekoak.

Udala, eraso sexistak onartzen ez dituela berretsi ondoren, Lakuako Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri da, eta gogorarazi du erakunde horri dagokiola kasu hori kudeatzea. «Hau ez da kasu isolatu gisa hartu behar, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistemaren ondorio gisa baizik. Beste behin ere, gogorarazi behar dugu erantzunkizuna erasoa egiten duenarena dela beti eta herriko sarbideetan adierazten dugun bezala, Arrigorriagan ez ditugu eraso sexistak onartzen».