
Skimoko Munduko Kopa oso berezia izaten ari da. Heldu den neguan Italian jokatuko diren Neguko Olinpiadetarako txartelak jokoan direnez, nazioarteko erregulartasunaren zirkuitu horretan eskiatzaileak ahalik eta puntu gehien biltzen saiatzen ari dira. Izan ere, mendiko eskia lehen aldiz olinpikoa izango da.
Iragan asteburuan, Mendi Eskiko Nazioarteko Federazioak (ISF) antolatutako zirkuituak beste hitzordu bat izan zuen. Hain zuzen ere, Pal Arinsalen (Andorra). Andorrakoak bi modalitate jaso zituen: indibiduala eta errelebo mistoak.
Indibidualean, adibidez, euskal lehiakide batek parte hartu zuen: Malen Osak. Eskiatzaile oñatiarra ikusi dugu bertikalean bikain estutzen eta emaitza ederrak lortzen, baina ikusteko zegoen zein maila emango ote zuen aipatutako modalitatean. Eta emaitzaren aldetik, esan daiteke fin ibili zela; izan ere, bederatzigarren postua sinatu zuen.
Elur eskasiarengatik, antolatzaileek aldaketak egin zituzten ibilbidean. Eski-estazioaren goiko kotetan lehiatu behar ziren, baina, azkenean, Col de Botella izeneko eremuan izan ziren. Ibilbideak zirkuitu baten eredua hartu zuen. Eskiatzaileek lau itzuli eman behar izan zizkioten prestatutako zirkuituari. Igoerak eta jaitsierak izateaz gain, sekzio batean eskiak kendu eta korrika egin zuten.
Bederatzigaren
Emakumezkoen kategorian, 27 lehiakidek parte hartu zuten. Duela bi aste Azerbaijanen gertatu zen bezala, faboritoek ez zuten hutsik egin. Axelle Gachet-Mollaret frantziarrak ohiko estrategia hartu zuen. Hasieratik tropelaren buru jarri eta igoeretan aldeak handitzen joan zen. Emily Harrop frantziarra eta Tove Alexandersson suediarra atzetik zituen, baina eskiatzaileok ez zuten Gachet-Mollareten garaipena arriskuan jarri. Eskiatzaile frantziar honek erakutsi du modalitate horretan indartsuena dela, eta helmuga puntura 1:11:10 denborarekin heldu zen. Harrop herrikidea bigarren postuan sailkatu zen minutu bat eta 27 segundora, eta Alexandersson hirugarrenean bi minutu eta 20 segundora. Fedme-ren espainiar selekzioarekin lehiatzen den Osa bederatzigarrena izan zen: Gipuzkoarraren denbora: 1:16:36.
Lasterketa bukatu bezain laster, euskal eskiatzailea oso pozik zegoen lortutako postuarekin: «Borroka handia egin dut. Skimoko Munduko Kopan egotea niretzat egoera oso bitxia da; izan ere, duela hilabete batzuk hori ez zen nire asmoen artean sartzen. Ez dut sinistu ere egiten! Oraindik lan handia dut aurretik, batez ere trantsizioetan asko hobetu behar dut. Horrek nire emaitzetan garrantzi handia du. Alabaina, sasoiko egoteaz gain, ikasteko dudan motibazioak indar handia du. Kirol hau gero eta gehiago gustatzen zait. Pena da elurraren baldintzak oso eskasak direla».
Amaitzeko, gizonezkoen mailan, Remi Bonnet suitzarra aise gailendu zen 1:21:40 denborarekin. Thibault Anselmet frantziarra bigarren postuan sailkatu zen, eta Aurelien Guy suitzarra hirugarrenean.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
