NAIZ

Euskal Herriko haur eta nerabeei «xaxatzaile» izateko deia egin die Euskaraldiak

Euskaraldian ‘ofizialki’ parte hartzerik ez badute ere, 16 urtetik beherako gaztetxoei «xaxatzaile» izan daitezen eskatu diete ekimenaren antolatzaileek. Horretarako, unitate didaktiko bereziak prestatu dituzte, ikastetxeetan erabili ditzaten.

Gaur aurkeztu dute material berria.
Gaur aurkeztu dute material berria. (Jon URBE | FOKU)

Maiatzean egitekoak dira 2025eko Euskaraldia eta 16 urtetik beherakoek parte hartzen ez badute ere, aurten zeregina jarri diete antolatzaileek: «Xaxatzaile» izan daitezela eskatu diete. Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskara ulertzea eta 16 urtetik gora izatea dira. Baina, 16 urte azpiko herritar gazteek ere euskararen biziberritzean «zeresan itzela» dutela uste dute ekimenaren antolatzaileek, orokorrean; eta erabileran, bereziki. Garrantzi hori aintzat hartuta, Euskaraldia lantzeko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte. 

Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkarteko kideekin elkarlanean prestatu du ikastetxe zein bestelako zentroetan ariketa lantzeko materiala, eta proposamen didaktiko horiek aurkeztu dituzte, gaur, Errenteriko Lekuona fabrikan. Bertan parte hartu dute, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak; eta Xabi Lasa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoetako mahaiburuak, eta Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko hizkuntza egitasmoetako kideak.

Esan bezala, maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketan, 16 urtetik gorako belarriprest eta ahobiziek eman dezakete izena, izan ere, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak esan duenez, «uste dugu ariketa honek helduak interpelatu behar dituela, gaztetxo horien aurrean eredugarri izan daitezen», baina, gaztetxoei ere zeregina esleitu nahi izan diete.

Proposamen didaktiko hauek Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dituzte, horiek baitira «haur eta nerabeak biltzen dituen ingurune naturalak». Gainera, «ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin diote euskararen biziberritzeari», gaineratu du Euskaraldiko koordinatzaileak. «Badakigu, gainera, ikastetxe askok oso gustura hartzen dituztela Euskaraldiaren inguruko lanketak», zehaztu du Urkijok, eta eskerrak eman dizkie Euskaraldia euren eremuetan modu horretan sustatzeagatik.

Berritasunak proposamenetan

Ikastolen Elkartearekin batera prestatutako material didaktikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.