
Hainbat nazionalitateko 135 migratzaile Costa Ricara iritsi ziren hegazkinez ostegunean, Estatu Batuek deportatuta. AFPko kazetari batek egiaztatu zuenez, GlobalX aire-konpainiaren hegaldia, San Diegotik (AEB) zetorrena, Juan Santamaria nazioarteko aireportuaren ondoko base batera iritsi zen, Costa Ricako hiriburutik 20 km-tara.
Deportatuak autobusetan sartu eta migratzaileen zentro batera eraman zituzten, San Josetik 370 kilometrora, Panamako mugan aberriratze-prozesua jarraitzeko.
Taldean, Afganistan, Txina, Errusia, Iran, Armenia, Georgia, Vietnam, Jordania, Kazakhstan eta Ghanako herritarrak daude. Omer Badilla Costa Ricako Gobernazio ministrordeak adierazi zuenez, inork ez du aurrekari penalik.
Mario Zamora Costa Ricako Segurtasun Publikoko ministroak ere ziurtatu duenez, Estatu Batuetatik kanporatutako migratzaileek «ez dute suposatzen inolako arazorik herrialdeko segurtasunerako». «Herrialdera iritsiko diren pertsona guztiak segurtasun-iragazkietatik igaro ziren Estatu Batuetan, ez dira kriminalak», adierazi zuen Zamorak.
Izan ere, deportatutako migratzaileetako bi haurdun dauden emakumeak dira. 65 haur ere badaude, denak senideren batekin. Costa Ricako Gobernuaren arabera, migratzaileen arretaren kostuak Estatu Batuek eta Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak ordainduko dituzte.
Costa Ricak, Panamak bezala, zubi lana egiten du Donald Trumpen gobernuaren deportazio masiboetarako. Guatemalak ere eskaini zuen bere lurraldea, baina oraindik ez du jasotzen Guatemalakoak ez diren deportatuen hegaldirik.
Joan den astean 299 migratzaile asiar iritsi ziren Panamara, eta horietako ehun bat asteartean eraman zituzten San Vicenteko babes-kanpalekura, Metetin hiriburutik 230 km ekialdera.
Trump, haserre deportazioen erritmoarekin
Donald Trump Estatu Batuetako presidente izendatu zutenetik, migrazio politikak gogortu egin dira, deportazioak eta sarekadak barne. Hala ere, prozesu hori motelegi doa presidente ultraeskuindarrarentzat, eta ostiralean, Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuko (ICE) bitarteko zuzendaria kargutik kendu zuen.
Prozesua bizkortzeko, Administrazioak deportazio-zentro bat ezarri nahi du Fort Blissen, El Pasotik (Texas) gertu, eta 10.000 pertsona atxikitzeko gaitasuna izango du kanporatzea prozesatu bitartean. Halaber, herrialdean zehar atxiloketa zentroak eraiki nahi ditu, “The New York Times”-ek jakitera eman duenez.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
