NAIZ

Jatorri migratuko familiei eskua luzatu die Sortzenek, haurrak euskaraz matrikulatzeko

Nafarroa Garaian martxoaren 17tik 21era izanen da eskoletako aurrematrikulazioa. Hizkuntzaren hautuak haurrengan duen garrantziaz jakitun eta azken urteetako lanari segituz, ‘D eredua aukeratu, guztiondako euskara!’ lelodun kanpaina abiatu du Sortzen Elkarteak, Nafarroako Gobernuarekin batera.

Sortzen elkarteak bereziki jatorri migratuko familiei zuzenduriko kanpaina aurkeztu du.
Sortzen elkarteak bereziki jatorri migratuko familiei zuzenduriko kanpaina aurkeztu du. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sortzen elkarteak jatorri migratuko familiei eskua luzatu die, elkarrekin urrats bat egiteko asmoz. «Euskarara hurbildu eta gure komunitatearen parte sentitzea nahi dugu», nabarmendu dute. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu diete haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei, baina bereziki jatorri migratukoei. «Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, eleaniztasunerantz pausoak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara».

Nafarroa Garaian aurrematrikulazio epea martxoaren 17tik 21era izanen da. Bertako familiek «belaunaldi berrien etorkizunari begira erabaki garrantzitsuak hartzeko unea» da, euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak adierazi duenez. Hautu horietako bat da zein hizkuntzatan ikasiko duten haurrek.

Euskal Herriko jendartea anitza da, jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonez osatua dago. Sortzenek azaldu duenez, jatorri migratua duten pertsonek sarri oztopoak baino ez dituzte aurkitzen D eredura bidean, izan ere, «A eta G eredura bideratzen dira beraien haurrak beste aukerarik eman gabe». Bide horrek, inklusioa bultzatu ordez, diskriminazioa eta segregazioa areagotzen duela uste du elkarteak. «Umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie».

Euskara, «inklusiorako eredua»

Badaki «lan sakona» dagoela egiteko, eta hau soilik lehenengo urratsa da, baina lanean jarraitzeko prest dago. «Jatorri migratuko familia asko eleanitzak dira, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute eta ziurrenik hizkuntza gutxituak dira kasu batzuetan. Gurea ere hizkuntza gutxitua da. Gainera, nafarroi oraindik ere hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Eskolak garrantzi handia du euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan, euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen baitu».

Euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak komunitate migratuekin batera egin nahi du bidea. «Euskara ezagutzeak komunitate baten parte izatea dakar, euskara inklusiorako eredua da: gehitu egiten duelako, batzen gaituelako, jakintza gehiago eta mundu ikuskera berri bat ematen digulako».

Hortik Nafarroako Gobernuarekin batera Sortzenek abian jarritako kanpainaren leloa: ‘D eredua aukeratu, guztiondako Euskara!’.

Sanduzelaiko ikasleekin

Kanpainaren baitan, Iruñeko Sanduzelaiko eskolako hainbat ikaslerekin bideoak grabatu dituzte. Haien egunerokoaz mintzo dira D ereduko eskola publikoko ikasleak, euskarak eskaintzen dizkien aukerak eta esperientziak euskaraz azalduz.

«Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu», azpimarratu du Sortzenek.