NAIZ

Langile bat hil da Elorrion, makina batean harrapatuta, garbiketa lanetan ari zela

Grupo ONE azpikontratarentzat lanean ziharduen 38 urteko Y.B. langilea hil da Elorrion, makina batek harrapatuta. Bederatzi langile hil dira dagoeneko urte honetan Euskal Herrian.

Betsaide fundizioan gertatu da lan istripua.
Betsaide fundizioan gertatu da lan istripua. (Betsaide)

38 urteko langile bat hil da astearte honetan Elorrioko enpresa batean makina batek harrapatuta. Makina garbitzeko lanetan ari zen. Garbiketa industrialeko enpresa bateko langilea zen, alegia. Grupo ONE azpikontratarentzat lanean ziharduela jakinarazi du LABek.

Lakuako Segurtasun Sailak Europa Pressi jakinarazi dionez, istripua 08:00etan izan da,  Elorrio herriko fundizio enpresa batean, Betsaide izenekoa. LAB sindikatuak adierazi duenez, «2019an ere istripu larria jasan zuen Betsaide enpresan azpikontratatutako beste langile batek, kontaktu elektriko baten ondorioz».

Langile bat makina batek harrapatuta geratu da eta, suhiltzaileak, tokira bertaratutakoak, hura erreskatatzen saiatu diren arren, ezin izan dute onik atera.

«Behin eta berriz ikusten ari gara enpresek makinen araudia ez dutela betetzen. Gainera, araudi berezia bete behar duten burdinolak bezalako aktibitateetan», adierazi du LAB sindikatuak. «1997 urtetik, langile bati eskuragarri ipintzen zaion makina batek babes pantailak behar ditu derrigor, gertatu dena bezalako harrapaketa bat ez gertatzeko», gehitu du sindikatuak, zeinek salatu duen «ez dagoela makinen segurtasunerako kontrol ofizialik eta balizko azterketa tekniko bat pasa beharko balute, gehienek ez luketela gaindituko».

Zentzu horretan, instituzioen ardura nabarmendu du. «Langileriak pairatzen dugun egoera hau ez litzateke posible administrazioaren konplizitaterik gabe. Gainera, patronalak ustezko absentismoaren inguruko diskurtsoa darabil errealitatea ezkutatzeko. Ez Osalanek eta ez Jaurlaritzak ez dute borondaterik enpresei lan osasuneko araudia betearazteko eta patronalak inpunitate osoz jokatzen du. Iaz EAEn 75.000 lan istripu aitortu ziren ofizialki, bista  da araudiaren ez betetzea orokortua dagoela».

Honela, LABek bat egin du enpresa-batzordeak Betsaiden antolatutako 24 ordutako lanuztearekin. Era berean, dei egiten dugu bihar 12:00tan enpresa komiteak deitu duen elkarretaratzera.

ELAk aipatu duenez, «dagoeneko zortzi langile hil dira 2025ean Hego Euskal Herrian lan istripuetan. Zehazki, 2025a hasi zenetik, Bizkaian lan istripuan hil den lehen pertsona izan da, eta 8 hildakoetatik 3 gutxienez makina batek harrapatuta hil dira».

Azpikontratazioaren arazoaren gainean jarri du fokua, «prekarietate iturria delako enpresa askotan, azpikontratetan ez baitira ezartzen laneko istripuei eta gaixotasunei aurre egiteko prebentzio neurri egokiak. Betsaide galdaketa enpresa bat da, eta, beraz, istripu gehiago izateko arriskua handia da ez badira neurriak hartzen», salatu du.

UGT sindikatuak, bestalde, elkarretaratzea egingo du asteazkenean Bilbon duen egoitzaren aurrean, lan-istripu hilgarria salatzeko. Juan Carlos Cárdenas sindikatuko Lan Osasuneko arduradunak «istripu traumatiko horren arrazoiak ikertzeko eta argitzeko» eskatu die agintari eskudunei, «ezbeharraren gainean egon daitezkeen erantzukizunak argituz».