San Mames eta Old Trafford, ametsak betetzen jarraitzeko bi zelai handi
Athleticek Erroman jasotako porrotak eta Realak etxean lorturiko berdinketak zapore gazia utzi zuen bi taldeetan, baina biek badituzte arrazoi nahikoa kanporaketa gainditzea posible dela amets egiteko.

Nahi baino biharamun gogorragoa izan zuten ostiralean Athleticeko eta Realeko jokalari zein zaleek. Erroman eta Donostian jasotako porrotak eta berdinketak, hurrenez hurren, Europa Leagueko kanporaketa zaildu zuten. Baina lehen pausoa posible dela sinestea da.
Futbol mundu honetan denetarik ikusi izan da historian zehar. Zuri-gorriek eta txuri-urdinek alde on bat dute; izan ere, 2-1eko eta 1-1eko emaitzek amesten jarraitzen uzten dute ostegunean jokatuko diren itzulerako neurketetarako.
Realak Old Trafford mitikoa bisitatuko du. Anoetan, 34.391 zaleren aurrean, momentu txarrean dagoen aurkari baten kontra ezin izan zuten emaitza hoberik atera, etsitzera iritsi zirela esan daiteke, eta horrek indartsuago arraun egitera behartuko du.
Historiari erreparatzen badiogu, Realak baditu arrazoi nahikoa amesten jarraitzeko. Txuri-urdinek 0-1eko garaipena lortu zuten Ametsen Antzoki gisa ezagutzen den zelaian 2022-2023 denboraldian. Brais Mendezek penaltiz sartutako golari esker irabazi zuten orduan; ostegunean Oyarzabalek gauzatu zuen, puntu horretatik, berdinketa.
Remiro, Aritz, Aihen, Kubo, Barrenetxea eta Turrientes aritu ziren partida hartan galiziarrarekin eta eibartarrarekin.
Imanol ahal zuen jokalari onenekin aritu zen duela hiru urte Old Trafforden, eta taldeak izaera erakutsi zuen. Datorren astean, Manchesterrerako, prestatzaileak sukarrak jota jokatu ezinik aritu zen Zubimendi berreskura lezake taldearen gidaritzan eta eskuin hegalean Aramburu has liteke Aritzen ordez.
Aurrean, kalitate handiko Take Kubok protagonista handiagoa izan beharra du. Japoniarrak eszenatoki bikaina izango du datorren ostegunean aurkarien gerria “apurtu” eta gol aukerak sortzeko.
Athletic, Sanceten zain
Kasualitatez, Athletic Old Trafforden irabaz daitekeen eredu izan daiteke. Bielsak zuzenduriko zuri-gorriek 2-3 irabazi zuten 2012an, baina bilbotarrek nahikoa lan izango dute ostegunean Erromaren aurka 2-1eko emaitzari buelta emateko.
Alde onena, San Mamesen giro bikaina izango dela. Baina ez bakarra; izan ere, Valverderen taldea sekulako denboraldia betetzen ari da eta Italiako hiriburuan aurretik ipintzea lortu zuen. Ondoren, berdinketa iritsi ostean, Yeray kaleratu zuen epaileak eta azken segundoan heldu zen 2-1ekoa.
Yeray eta beste erdilaria, Vivian –«eskuin hankako bizeps femoralean giharretako lesio moderatua» duela jakinarazi zuen ostiralean klubak–, ez dira itzulerakoan egongo, baina Paredesek, adibidez, badaki zer den Erromari gola sartzea. Bestalde, eskeman hain garrantzitsua den Sancetek duda izaten jarraituko du. Halere, Erromak badu beldurtzeko arrazoirik. Athletic ez da amore ematen dutenetakoa eta are gutxiago aurtengo finala San Mamesen izanda. Ostegunekoa finalera iristeko lehen “finala” izango da zuri-gorrientzat.
Ligako «probak»
Datorren osteguneko Europa Leagueko itzulerako partidetarako erakusleiho onak izango dira igande honetako Ligako bi lehiak: Athleticek Mallorca hartuko du (18.30ean) eta ikusiko da Sancet errekuperatu den ala ez, hasieratik jokatzen duen ala minutu batzuk jokatzeko aukera izango duen; Realak, aldiz, Sevilla hartuko du (21.00etan), eta gehienbat Zubimendiren egoera jakiteko balio lezake.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik



