
Donald Trumpen aro berriaren absurdoen zurrunbiloan ‘Enola Gay’ bakarrik falta zen. Albistea barregarria bezain adierazgarria da: azken egunetan zabaldu denez, Pentagonoak ‘gay’ hitza ezabatu nahi du 1945eko abuztuan Hiroshima eta Nagasakiren ganean bonba atomikoa bota zuen hegazkinaren argazki guztietatik.
Arrazoia begibistakoa da, ez alduzue antzeman?: Gay hori kontzeptu homosexual nabarmena da, eta ondorioz DEI arauen barruan (Diversity, Equity and Inclusion) kokatzen du Trump buru duen Administrazioan. Eta hori guztia garbitu nahi du, goitik behera: «Herrialde honek woke izateari utzi dio», aipatu berri du Kongresuaren aurrean eginiko hitzaldian. Mundua borobildu nahi du berriz Trumpek, ertz guztiak kimatu, edo Amerikar Estatu Batuak behintzat.
Beharbada, Washingtonen norbaitek esan dio bere buruari: «Ez al dituzue ikusi Putinen argazkiak, kamisetarik gabe zaldi gainean ibiltzen edota hockeyan jokatzen? Eta gu zertan gabiltza ba? Ezin dugu bera baino ahulagoak izan».
«Telefono Gorria»
Honelakoak irakurrita, segituan dator burura Stanley Kubricken maisulana, ‘Telefono gorria’ (1964), non Peter Sellers aktoreak hiru pertsona ezberdin antzezten dituen. AEBek Errusiaren aurkako gerra nahi dute eta horretarako lantaldea antolatzen dute: Jack Ripper burua da, ‘Jack Erauzitzailea’; ‘King Kong’ pilotoa dugu; eta Pentagonoan dagoen agintariak Buck Turgidson du izena (‘Turgid’ hanpatua da, zakilari aipamena eginez). Sexu adierazle ugari daude haien izen-abizenetan eta beraien jokamoldea. Pelikularen amaieran ‘King Kong’ ikusten dugu misil batean gainean, ikur falikoa hau ere, poz-pozik holokausto nuklearrarekin.
Orain ‘Gay’ hori, Enola Gayrena, AEBetako gertaera oso garrantzitsu baten adierazlea, Bigarren Mundu Gerrarena alegia, ez omen dago ondo ikusita. Argazkietatik ezabatuko dute. Argazkietatik baino ez. Kezka handiagoak zituzten japoniarrek 1945. urtean, jakina; ez zuten ezer pentsatzeko tarterik ere izan, sarraskia gainera zetorkienean. Bakoitzak bere lehentasunak ditu, bistan denez.
Hemendik aurrera, kontuz ibil daitezela «gay» guztiak, homosexualak izan ala ez (Enola Gay, portzierto, pilotoaren amaren izen-abizenak baino ez ziren, sexu joerarekin zerikusirik ez). Pentagonoko adituek Gay-Lussak lege fisikoa ikasiko zuten txikitan, akaso. Arau honek dionez, gasaren presioa bere tenperaturarekin zuzenean proportzionala da, tenperatura igo ezkero presioa ere handitu egingo delarik. Zorionez, lege honek «aita» asko izan zituen, ez soilik Gay-Lussac, Charles ere tartean zen, Napoleon Bonaparteren garai haietan. Eta zorionez, batez ere, lege fisikoak ez dira aldakorrak.
Franziarra zen Gay-Lussac baina goitik behera estatubatuarrak diren «gay»ak ere jopuntuan izan litezke. Rudy Gay eta Tyson Gay kirolariak, esaterako. NBAn aritu zen lehena: Memphis, Toronto, Sacramento, San Antonio eta Utah, penagarria litzateke bide hau guztia ezabatzea. Tyson maila handiko lasterkaria izan genuen, historian onenetarikoa, Usain Boltekin lehian zebilenean AEBek harro txalotzen zutena. Kenduko al dizkiote dominak? Rudyren elastikoa daramatenen aurka egingo ote dute? Trumpek esango du, hau da bere aro berria, seriotasun guztia galdu duena.

Mutualistas vizcainos percibirán mayor importe en su pensión al ajustarse sus retenciones

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»
