«Jauregi hegalaria», Qatarren opari susmagarria Trumpi
Qatarrek luxuzko hegazkin bat agindu dio Trumpi, Air Force One presidente-abioi gisa erabiltzeko. Horrelako dohaintzak ez direla inoiz musu truk eta legearen aurka ere egon daitekeela salatu zuten demokratei iseka egin die, baina bere aldeko ahots leialenetako batzuek ere kritikatu dute oparia.

Ekialde Hurbileko itzulian, Donald Trump Qatarrera iritsiko da gaur. Eskualdean Washingtonek daukan aliatuetako bat da, eta Ekialde Hurbileko base militar handienean tropa estatubatuarrak daude. Alabaina, sisita polemikaz dator, igande gauean ABC kateak gaiaren berri eman zuenetik, Etxe Zuriak egun batzuk beranduago prest zeukan aurkezpena zapuztuz.
Qatarko errege familiaren luxu handiko Boeing 747-8 hegazkina «jauregi hegalari» bat da, eta 400 milioi dolar baino gehiago balio du. Trumpek West Palm Beach-eko aireportuan ikusi zuen joan den otsailean, eta beretzat nahi zuela erabaki zuen. Boeing konpainiari bi Air Force One aparatu enkargatu dizkiote jadanik, baina uste baino gehiago atzeratzen ari da, eta baliteke beste urte pare batean ez prest egotea. Hala, Etxe Zuria Golkoko monarkiarekin prezioa negoziatzen hastekotan zirela, Qatarrek dohaintza izango zela erantzun zion.
Arazoa da AEBko Konstituzioak «sarien klausula» (Emoluments’ Clause) izeneko araua daukala, presidenteek eta Administrazioko goi karguek atzerriko agintariengandik oparitzat jaso dezaketena zehazten eta mugatzen. 480 dolarrekoa da muga, presidentearen kasuan. Hegazkina ia milioi bat aldiz garestiagoa da. Etxe Zuriak, baldintza horiez jakitun, mugapen horietatik zelan itzuri aztertu zuen. Era horretan, oparia ez litzateke Trumpentzat, Defentsa idazkaritzarentzat baizik, Air Force One bezala erabiltzeko agintaldi honetan. Zerbitzu zehatz horretara egokitzeko, ehun milioi dolar gehiagoko moldaketak egin beharko zaizkio aparatuari, eta, hori bai, estatubatuarren patrikatik irtengo da.
Bondi tartean
Dohaintza hori legezkoa zela berresteko, Pam Bondi Justizia idazkariari iritzi juridikoa eskatu zioten. Bondi ez da bere nagusiaren eskaera bati erantzuten dion «ministroa» soilik, Qatarko monarkiaren aldeko lobbyetan parte hartu izan du. Hilabetero 100.000 dolar baino gehiago jaso zituen 2022ko munduko futbol koparen aurretik, Qatarko obretan langile atzerritarrek jasandako tratuari buruzko albisteei aurre egiteko.
Orain, presidenteari hegazkinarekin zer egin dezakeen argitu dio: agintaldia amaitu baino lehen Trumpen liburutegiko zati bihurtuko litzateke, bere fundazioaren esku. Ohikoa da presidenteek agintea uztean liburutegi propio bat sortzea, baina Ronald Reaganek baino ez dauka Air Force One bat bertan. Normalena, presidente-hegazkina Etxe Zuriko hurrengo maizterrari pasatzea da. Kasu honetan, baina, Trumpen jabetza pertsonalean geratu ez arren, bere izeneko fundazioaren esku legoke. Eta, noski, nahieran erabili ahalko luke Trumpek.
Ekialde Hurbileko bidaia hastear zela, Donald Trumpek haserre, ABCko kazetariaren aurka jo zuen Etxe Zurian zegoela. «Ergela litzateke ez onartzea», esan zuen Trumpek, eta «galtzaileak» izatea leporatu zien demokratei. Ritchie Torres kongresukide demokratak esan du Qatarren oparia «atzerriko Gobernu batek AEBko presidente bati inoiz emandako baliotsuena» dela. Adam Schiff senatariak ere gogora ekarri zuen Konstituzioak horrelako dohaintzak izateko Kongresuaren onespena aurreikusten duela. Helburua, bistan da, eroskeria eragoztea da, presidenteak atzerriko indarren mende gera ez daitezen.
Kasu honetan polemika ez da oposiziora mugatu. Trumpen jarraitzaile estuenetako batzuek ere ezohiko kritikak egin dituzte. «Hau ez da opari bat, eroskeria da», esan zuen MAGA mugimenduaren ahotsa izan ohi den Batya Ungar-Sargonek. “The Daily Wire” hedabide eskuindarreko Ben Shapirok ere onartezina dela uste du: «Hunter eta Joe Bidenen izenengatik aldatuko bagenu, denok sutan geundeke». Laura Loomer ultrak ere presidentearen alde «bala bat hartuko» lukeela esan ostean, hegazkinak Trumpen Administrazioan «orban handia» utziko lukeela adierazi zuen, Qatarrek Hamasekin daukan harreman estua gogora ekarrita.
Trumpen Ekialde Hurbileko bisita atzerri politika baino gehiago negozio bidaia bat da, izan ere. Duela bi aste, 5.500 milioi dolarreko egitasmo bat aurkeztu zuten Qatarren, golf zelai bat, hotelak eta yateentzat kaia eraikitzeko Trump taldeak. Inbertsoreen artean dago luxuzko hegazkinaren gaur egungo ugazaba.

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
