
«Ezin dut arnasarik hartu» izan ziren George Floyden azken hitzak. Poliziak hainbat minutu zeramatzan belaunarekin Floyde lepoa estutzen, hil zen arte. Gertatutakoaren bideo bat ere atera zen argitara. AEBz harago zabaldu ziren mobilizazioen eztandarako detonatzaile izan zen kasu hau. Arrazakeria salatzearekin batera, poliziaren protokoloen eraldatzea eskatzen zuten protestek milioika pertsona batu zituen mundu osoan.
46 urteko gizon beltza zen Floyd. Eta txiroa. Bi faktore horiek aurka izan zituen, zalantzari gabe. Dendari batek txartel faltsu batekin zigarroak erostea leporatu zion eta Poliziari hots egin zion. Ondoren, atxilotu egin zuten.
Lurrean geldirik zegoen bitartean, Derek Chauvin agenteak lepoa estutu zion belaunaz, eszena grabatu zuten oinezko batzuen aurrean.
Minutu gutxiren buruan pasa zen Poliziaren zaintzapean hildako beste afroamerikar bat izatetik arrazakeriaren aurkako ikur izatera.
Chauvini 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten hilketagatik eta beste 21 Floyden eskubide zibilak urratzeagatik. Chauvin geldiarazteko ezer egin ez zuten hiru lagunak ere zigor txikiagoetara kondenatu zituzten.
Floyden hilketak hainbat protesta eragin zituen beltzen aurkako indarkeriaren amaiera eskatuz, «Black Lives Matter» (beltzen bizitzek axola dute) oihukatuz. Protesta horiek kaleak hartu zituzten AEBetan eta 60 herrialde baino gehiagotan.
Covid garaian zen eta, protestek hartu zuten tamaina ikusirik, zenbait hiritan etxeratze-agindua ezarri zuten, eta Guardia Nazionala mobilizatu zuten, orduan ere presidente zen Donald Trumpen aginduz. Hark ez zuen gehiegikerien eta poliziaren basakeriaren aurkako inolkao neurririk hartu.
Protesta orokortuek Black Lives Matter mugimendua bultzatu zuten. Mugimendu hori 2013an jaio zen, zinpeko zaindari bat absolbitu ondoren, 2012an Floridan Trayvon Martin nerabe beltza tiroz hiltzeagatik, eta hazten jarraitu zuen beste afroamerikar batzuk hil ondoren, Floyd auzia iritsi arte. Horrek arrazakeriari buruzko elkarrizketa nazionala eragin zuen.
Arraza-zeinu argia duen polizia-indarkeria
Hilketa jazo eta bost urtera ez da aldaketa garrantzitsurik lortu, eta Poliziaren zaintzapeko heriotzak oraindik ere gertatzen dira. Zuriek baino 2,8 aldiz aukera gehiago dituzte beltzek zaintzapean hiltzeko.
Protesten ondoren, leku batzuetan Poliziaren aurrekontua murriztu egin zen, itotzeko giltzak erabiltzea debekatu zen, agenteak diskriminazioari buruz hezi ziren, susmagarri batekin konfrontazioan nola jokatu jakiteko jarraibideak berridatzi ziren eta gorputz-kameren erabilera martxan jarri zen, ‘The New York Times’ egunkariak gogorarazi duenez.
Black Lives Matterrek komunitate beltzaren aurkako bidegabekeriengan fokua jarri zuen arren, Trumpen Etxe Zurira itzultzeak arazoa ikusarazteko mugimenduaren ahaleginak murriztu dituela dirudi.
Trumpen Gobernuaren Justizia Sailak ez ditu onartu Joe Bidenen lehendakaritzapean egin ziren polizien aurkako salaketak, eta gorputz horien erreformarako beste akordio batzuk alde batera utzi ditu.
«Ikerketak ixteko Justiziak hartutako erabakia eskubide zibilen aurkako traizio arriskutsua da. Kontuak emateari bizkarra ematen ari zaio, eta adierazten du poliziak ez direla erantzule izango jokabide txarragatik, abusu froga argiak daudenean ere», gogorarazi du Latino Justice eskubide zibilen aldeko erakundeak.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
