NAIZ
Donostia

Turistifikazioaren aurkako manifestazioa deitu dute Donostian ekainaren 15ean

Bizilagunekin plataformak manifestazioa deitu du ekainaren 15erako Donostian, «Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!» lelopean.

Bizilagunekin plataformaren manifestazio bat, artxiboko irudian.
Bizilagunekin plataformaren manifestazio bat, artxiboko irudian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak manifestazioa deitu du heldu den ekainaren 15erako Donostian, «Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!» lelopean. Eguerdiko 12.00etan aterako da, Kontxako erlojuetatik, eta hiriaren erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu.

Ohar batean azaldu duenez, Europa hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden SET sareak egindako deialdiari erantzuten dio Donostiako manifestazioak. Hainbat hiri eta lurraldetan turistifikazioaren aurka eta desazkunde turistikoaren alde mobilizazioak eta aldarrikapen ekintzak egingo dira egun berean.

Bizilagunekin plataformak dei egin die donostiarrei eta hiriko elkarte zein mugimenduei deialdiarekin bat egin dezaten. Hala, «donostiarren bizitzak eta bizi-baldintzak arriskuan jartzen dituen turistifikazioaren kontra eta herritarren beharrak erdigunean izango dituen hiri eredu bizigarriaren alde aktibatzera eta ahotsa altxatzera» gonbidatu ditu.

Bizilagunekin plataforma 2018an jaio zen hainbat donostiarren ekimenez. Gaur egungo turismo ereduak eragiten dituen ondorioekin kezkatuta –etxebizitzen arazoa bereziki–, eta donostiarrak erdigunean jarriz hiriari buruzko eztabaida zintzo bat eragitea dute xede. Urte hauetan guztietan hainbat mobilizazio burutu dituzte bestelako hiri eredu bat aldarrikatzeko.