Maider IANTZI

«BIZILAGUNEKIN» JAIO DA DONOSTIAN, TURISMO EREDUAZ ZINTZO MINTZATZEKO

«Bizi», «lagun» eta «ekin» hitzek osatzen dute Bizilagunekin, hainbat donostiarrek sortu duten plataforma. Gaurko turismo ereduak dituen ondorioekin kezkatuta daude, eta donostiarrak erdigunean jarriz hiriari buruzko eztabaida zintzo bat eragitea dute xede.

Norbanakoen plataforma anitz bat da Bizilagunekin, kideek adierazi dutenez: «Partekatzen duguna da donostiarrak garela eta gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak dituen ondorioek kezkatzen gaituztela. Ez daukagu ideologia bera, ezta hiriaren ikuspegi bera ere». Egitarau oparo batekin atera dira plazara, auzoetara iristeko eta turismo ereduaren eraginak osotasunean lantzeko asmoz.

Iaz gaiak eztanda egin zuen Donostian. Hedabideetan zabaltzeaz gain, hiritarren solaserako ohiko gai bihurtu zen. Eta mugimendu sozialak, alderdi politikoak, sindikatuak eta bestelako eragileak kokatzen hasi ziren. Etxebizitzen prezioa inoizko altuena izan zen eta, horrekin batera, Airbnb plataforma 1.346 etxe eta 483 gela eskaintzera iritsi zen, Hirikilabs eta Montera34k egindako ikerketaren arabera. Honek dioenez, pisu turistikoen jabeen %1,1ek (hamar erabiltzaile) hiriko oheen %31,4 eskaini zuten.

Testuinguru honetan, irailaren amaieran turismoaren gaineko topaketa herritarrak egin ziren. Han izan ziren metroaren aurkako taldea, Airbnb-ren inpaktua neurtu duen herritar taldea, euskara elkartea, gazte asanblada eta auzo elkarte batzuk… Kanpoko kontakizunak ere egon ziren, Larhun inguruko talde batena eta Bartzelonakoa kasu. Ordutik hona biltzen joan dira, hainbat talde eta pertsonarekin bidean topatzen, eta orain, turismoaren momentu gorena iristear dagoela, talde gisa aurkeztu dira.

«Auzoak, bizilagunez husten»

Bizilagunok kezkatzen dituzten ondorioen artean, etxebizitzarena da nagusia. «Espekulazio jokaldi handi bat gertatzen ari da, pisu turistikoena tartean. Nazioarteko inbertsore handi batzuek lur hartu dute eta, hainbeste diru mugitzen dutenez, hiria gobernatzen duten politikak ere baldintzatzen dituzte. Horren eraginez, etxebizitzen prezioak asko igo dira. Lehenago bizilagunez beteta zeuden auzoetan etxeek negozio izateko funtzioa hartu, eta bizilagunez husten doaz».

Lanari dagokionez, turismoa Donostiako jarduera ekonomiko nagusi eta ia bakarra izan dadin saiatzen ari direla kritikatzen dute, baita turismoaren inguruan sortzen den lanaren zati handi bat «oso prekarioa» dela ere. Diotenez, turismoaren zerbitzura dauden jarduera ekonomiko berriak hiriaren egitura produktiboa aldatzen ari dira. «Tokiko merkataritza suntsitzen ari da eta haren lekuan souvenir eta modako multinazionalak irekitzen ari dira. Zerbitzuen azpikontratazioa orokortu da malgutasunaren eta kostuak gutxitzearen alde, langileentzat prekaritatea ekarriz». Erantsi dutenez, hiria «enpresa bat balitz bezala kudeatzen ari dira, donostiarrongan pentsatu beharrean, espazio honi ahalik eta etekin ekonomiko handiena nola atera begiratuz». «Aliantza bat dago hor politikari, inbertsore handi eta bertako kapitalaren jabeena».

«Sinesmen faltsuak» lantzen ari dira hasieratik; inportantea iruditzen zaie hori, «iaz eztabaida lehertu zenetik eman ziren erantzun ugari desaktibatzeko». Adibidez, «zergatik zaudete turisten aurka? Denok gara turistak». Honi buruz argitu dute ez dutela deus Donostia bisitatzen dutenen kontra; gaurko turismo ereduak hiritarrengan dituen ondorioekin daude kezkatuta: etxebizitzan, lan baldintzetan, auzoetako harremanetan, saltoki txikietan, hizkuntza paisaian... «Arazo hauen ardura, turistena baino, eredu hau diseinatu eta neurririk gabe sustatzen dutenena da».

Kezkatzeko seinale batzuk ikusi dituzte; horraino iritsi dira momentuz Bizilagunekin plataformaren irakurketan. Prestatu duten egitarauan, orain arte sobera aztertu ez diren ikuspegietatik helduko diote gaiari. Donostiarrei zuzentzen zaizkie: turismoa nola bizi duten eta zerk kezkatzen dituen jasotzea da ideia. Gogoeta tailer gisa planteatu dituzte ekitaldiak, era irekian. «Gure mezu nagusia da honen aurrean donostiarron arteko elkartasuna eta babesa dela konponbide bakarra. Zabalik uzten dugu nola elkar babestu. Kontzientzia hartzea nahi dugu. Bertako herritarrak zaindu behar ditugu. Donostia ez da postala bakarrik, donostiarrok osatzen dugu».

Gaur “turismo eredua eta emakumeak” izeneko tailerra eginen dute, eta heldu den astean etxebizitza eta lan baldintzak landuko dituzte. Maiatzaren 25erako manifestaziora deitu dute (18.30ean, Saguesetik), Turismoaren Mundu Erakundea Donostian bilduko dela baliatuz, «bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu» aldarrikatzeko.

 

Se crea la Red de Ciudades del Sur de Europa ante la turistización

Esta semana se está presentando la Red de Ciudades del Sur de Europa Ante la Turistificación en diferentes ciudades y regiones, entre las que están Donostia e Iruñea junto con Venecia, Valencia, Sevilla, Palma o Barcelona. En el manifiesto fundacional se apunta que, aunque cada una de ellas presenta conflictos específicos, algunos son comunes en todas. «El más importante y extendido es el aumento de la precarización y de la reducción del derecho a la vivienda». Esta alianza persigue sensibilizar a la opinión pública y presionar a las administraciones para una regulación del turismo desde criterios de sostenibilidad.M. I.