
Haur eta gazte literaturako Lizardi saria eskuratuta idatzi du Alaine Agirrek ‘Euri eta ateri’ (Elkar), baina ipuin honekin beste norabait iritsi nahi izan du idazle bermeotarrak, bi zentzutan gainera. Lehenik, haur eta gazte literaturaren eta helduen literaturaren mugan arakatu nahi izan du, irakurle ororentzat ulergarri eta gustagarri izango den kontakizun bat harilkatzeko. Eta, bigarrenik –eta lehenari lotuta–, bere idazteko moldeari errepasoa ere egin dio Agirrek, barne munduan baino arreta pertsonaia mugitzen den testuinguru horretan jarriz eta, horrela, idazteko bestelako eredu bat bereganatuz.
«Idazketa beti izan da niretzat deskubrimendua, baina testu honetan bereziki ibili naiz Dora esploratzailea bezala, deskubritzen beste idazteko modu bat», aipatu du Agirrek liburuaren aurkezpenean, eta bide horretan «beste tonalitate eta gama bat» topatu duelakoan dago. «Liburu hau izango da oroituko dudan liburu horietako bat; gustura nago topatu dudan formularekin, gaia mamitsua bada ere tratatzeko moduagatik ez baitzait pisutsu edo dentsoegia geratu. Nahi izan dut ur azpiko sakontasunean sartu, baina oraingo honetan oxigeno bonbona batekin, eta ez dut uste irakurlea itoko dudanik», iritzi du.
Izan ere, haur eta gazte literaturan maiz jorratzen ez den gai korapilotsu bati heldu dio bermeotarrak: sistema kapitalistaren exigentziek itota duten emakumezkoa. Nora harrapatuta sentitzen da ogibide mekaniko-burokratiko batean eta saturazio edo kolapso une batera iritsiko da. Paralisiak jota, mugitu eta hitz egin ezin duela geratuko da, «guztiz itzalita», autorearen hitzetan. Dena utzi eta izebaren baserrira joatea erabakiko du orduan, bertako inguruneak eta patxadak on egingo diotelakoan. Baita asmatu ere. «Erritmoa geldotu ahala joango da apurka osatzen, soberako geruza pisuak erantziko ditu bere esentzia berreskuratzeko», aipatu du.
Urtaroei maiz egiten zaie aipamen ipuinean zehar. Azaldu duenez, Nora kanpoko urtaroekiko «deslotuta» sentitzen da, «sistemaren erritmo zoroari ezin jarraituta dabil, kanpoko eta barruko urtaroen arteko kontraste edo talka bat dago. Saturazio eta gainestimulazio egoeran dago», azaldu du, eta ipuinean urtaroen bidez irudikatzen ditu barrua hustea (udazkena, negua) eta berriro biziberritzearen (udaberria) ekintzak.
Barne mundua, kanpotik
Alaine Agirreren idazketan garrantzia handia izan ohi du barne munduak, eta norberak nola bizitzen duen barnean gertatzen zaion hori. «Hori da nire obsesioa», ziurtatu du egileak, eta oraingoan «kontrako noranzkoa probatu» nahi izan duela azaldu du: «Barrutik zuzenean deskribatu beharrean, kanpoko testuinguruan ipini ditut eta adierazi zelan eragin dezakeen testuinguruak gugan. Testuinguru jakin horrek protagonistarengan eragiten dituen egoera korporal eta emozionalen kontabilitate lana da ‘Euri eta ateri’», laburbildu du, eta irakurleak disoziazioa, isolamendua edota depresioa bezalako ideiak topatuko dituela aurreratu. Zentzu horretan, «neurodibergentea denaren arrotasuna» ere badela gaietako bat esan du. «Baina fokua neurodibergentzietan jarri beharrean derrigorrezkoa nuen pertsonaia hori gaixotzen duen sistema erretratatzea», adierazi du.
Horregatik, ipuina sortzez haur eta gazteei zuzendua bada ere, tonua eta trataeragatik, edozein adinetako irakurleentzat izan daitekeela uste duela esan du. «Edukiagatik, osasun mentalean eta zaintzan sartzen delako, irakurketa elaboratuago bat egin dezakete heldu batzuek», jarri du balioan, eta liburuan poetikotasuna edo estetika zaindu baten aldeko apostua ere badagoela esan du, baita joko metaliterarioak ere. «Narratzaileak bere zereginaz egiten ditu gogoetak, irakurlea interpelatu egiten du zenbaitetan», jarri du adibidea, eta, beraz, haur eta gazte literaturaren eta helduen literaturaren arteko mugak «lausotu» egiten dira ipuinean.
Idazle bermeotarrak aipamen eta eskertza berezia egin dio Yolanda Mosquera, liburuko ilustrazioen egileari. «Ilustrazioak ez dira testuan nik azaldu ditudanak deskribatzera mugatzen, testuak esaten duenetik haratago doaz», ziurtatu du, eta Mosquerak istorioa grafikoki eraikitzeko izan duen gaitasuna goratu du: «Itxura naif bat erabiltzen du marrazkiak egiteko, baina metafora pila bat daude, literalitatetik ateratzen da askotan, jolas egiten du».
Azkenik, liburu honekin «borobiltasun sentsazioa» duela berretsi du Agirrek, bere hitzetan, lortu baitu dramatismorik gabe kontatzea «zerbait potoloa», eta horrek bere ibilbide literarioan «mugarri bat» ezartzen duela uste du: «Sentsazioa dut iritsi naizela leku batera. Deskubrimentu sentsazioa dut», amaitu du.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

