NAIZ

Amiantoaren biktimei konpentsazioak emateko araudia onartu du Gobernu espainolak

Gobernu espainolak amiantoaren biktimei konpentsazioa aitortzeko prozesua jasotzen duen Errege Dekretua onartu du. Konpentsazioak 32.000 eta 96.000 euro artekoak izango dira, amiantoaren eraginpean egoteagatik jasandako patologiaren arabera.

Amiantoren biktimek egindako manifestazioa Beasainen, joan den apirilean.
Amiantoren biktimek egindako manifestazioa Beasainen, joan den apirilean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Gobernu espainolak astearte honetan onartu du Ministroen Kontseiluan amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoaren eskubidea aitortzeko «baldintzak eta prozedura» ezartzen dituen Errege Dekretua, Inklusio, Osasun eta Trantsizio Digitaleko ministerioek proposatuta eta argitaratu eta hiru hilabetera indarrean sartuko dena.

«Badakigu kalte asko nekez konpon daitezkeela, baina kaltetuei entzutea eta mekanismo hori lortzea, batez ere, guztiekiko justizia kontua zen, eta, horrela, neurri horiekin, eskaera historiko bati erantzuten diogu», iragarri du Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro eta Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan.

Araudiak 21/2022 Legea erregelamendu bidez garatzea onartzen du. Lege horren bidez, amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat sortu zen, eta honako hauek jasotzen ditu: onuradunak nortzuk izan daitezkeen, aitorpena jasotzeko bete behar dituzten baldintzak, konpentsazioa eskatzeko eta onartzeko prozedura, eta kalte-ordainen zenbatekoa.

Testuak onuraduntzat jotzen du amiantoak eragindako lanbide-gaixotasunaren ondoriozko ezintasun iraunkorreko pentsio baten aitorpen administratibo edo judizial irmoa lortu duena, edo epai irmoaren bidez kalte-ordaina kobratzeko eskubidea duena (betiere epaia osorik edo zati batean betearazi ezin izan badute).

Onuradun izango dira, halaber, Errege Dekretu honen eranskinean jasotako gaixotasunen bat dutenak, inguruabar jakin batzuen ondorioz; eta izaera hori aitortuta dutenen oinordekoak (beste batzuen eskubideak jasotzen dituztenak baitira).

Laguntzak izapidetzea

Laguntza hau izapidetu nahi dutenek amiantoarekiko esposizioaren ondoriozko patologien diagnostikoaren ziurtagiria eskatu behar diote Lakuako edo Nafarroako gobernuen Osasun Sailari. Amiantoaren eraginpean egoteak eragindako patologiak daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eman ondoren, konpentsazio-eskaera aurkeztu ahal izango diote Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (INSS), egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den formulario baten betez.

Zenbatekoa zehazteko ezarritako baremoa aplikatuko du INSSek, amiantoarekiko esposizioaren ondoriozko patologien arabera. Zenbateko hori zehazteko, kontuan hartu da lanbide-gaixotasunek eragindako ezintasun iraunkor absolutuko pentsioaren urteko batez besteko zenbatekoa 2024ko abenduaren 31n: 32.207,08 euro asbestosiagatik; 48.310,62 euro laringeko minbiziagatik; 64.414,16 euro biriketako minbiziagatik; eta 96.621,24 euro mesoteliomagatik.

Onuradunek kalte-ordainaren konpentsazio bat jasoko dute funts honen kontura ordainketa bakar baten bidez. Kaltetuak hainbat patologia baditu, larritasun handieneko patologiari dagokion baremoa aplikatuko zaio. Guztira, eskaera erregistratzen denetik sei hilabeteko epean emango da ebazpena. Epe horretan berariazko erantzunik ematen ez bada, isiltasuna ezezkotzat joko da eta, beraz, eskatzaileari ez zaio konpentsazioaren zenbatekoa aitortuko.

Hiru urteko bidea

2022ko ekainean, PSOEk eta Unidas Podemosek amiantoaren konpentsazio funtsa martxan jartzeko akordioa itxi zuten, EH Bilduren ekimenez. Hilabete batzuk geroago, Senatuak aho batez onartu zuen 25 milioi euroko konpentsazio-funtsa amiantoaren biktimentzat.

Bi urteko atzerapenaren ondoren, EH Bilduk Pedro Sanchezi eskatu zion azkar ibiltzeko legea onartzeko, «kaltetuak hiltzen ari baitira kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ordaindu gabe». Mertxe Aizpurua diputatuak eskatu zuen arauak biktimen eskaerak jasotzea, beste gaixotasun batzuk dituztenen zenbateko berak jasotzea eskatzen baitzuten, eta laguntzak atxikipen fiskaletik salbuetsita geratzea.